Tentsio uneak izan dira Ertzaintzaren eta etxegabetzea geldiarazteko batu diren herritarren artean.
Etxegabetze bat izan da gaurkoan Basauriko (Bizkaia) Urbi kaleko 82.zenbakian: bi lagun bota ditu euren etxetik Ertzaintzak. Etxegabetzea, 10:30ean burutzekoa zen, baina Batu Elkarlaguntza Sarea-ko kideek lehen orduan adierazitakoaren arabera, etxegabetzea geldiarazteko saiakera egin dute epaitegietan. Hala ere, ezin izan dute euren helburua lortu, eta segidizio judiziala bertaratu denean tentsio uneak bizi izan dira bertaratutakoen eta Ertzaintzaren artean. Eraikin barruan 20 pertsona zeuden zain, eta kontzentrazioan parte hartzen zuten herritarrak hurbiltzen saiatu dira, baina Ertzaintzak bultzaka eta borraz eragotzi du. Azkenean, sarrailagileek eta indar errepresiboek lagunduta, 11:15 aldera lortu dute etxera sartzea, eta etxegabetzea burutu dute.
Batuko kideek Geuria hedabideari azaldu diotenez, arazo honen jatorria bost urte atzera kokatu behar da: “Bi herritar hauek ezagun baten bitartez heldu ziren etxebizitza horretara. Ahoz-ahoko kontratu bat egin zuten alokairua ordaintzeko, baina ohartu ziren handik bost hilabetera ezagun horrek ez zuela berririk ematen eta desagertu zela. Iruzur egin ziela konturatu ziren”, diote.
“Etxebizitza horren jabea nor zen jakin barik, bertan jarraitu zuten eta duela bi urte inguru epaitegietatik notifikazioa jaso zuten, jabetza hori Cerberusena zela esanez eta prozesu judiziala martxan jarriko zela eurak kaleratzeko”, azaldu dute. Epaiketa “euren burua defendatu ezinik” egin zela salatu dute Batuko kideek, “ez baitzuten epaiketa horren berririk “.
Cerberus putre-funtsa: “Espekulazioa eta negozioa”
Cerberus putre-funtsak egoitza du Estatu Batuetan, eta Batutik salatu dutenez, “agente espekulatzailea” da: “Etxebizitza espekulazio hutsa den negozio bihurtu du, etxebizitza izateko eskubidea beste merkantzia batean eraldatu baitu. 2012tik, Cerberusek eta beste inbertsio-funts batzuek 400.000 etxebizitza baino gehiago erosi dituzte Estatu osoan, batez ere SAREBetik, diru publikoarekin erreskatatu zen bankutik”, diote Batuko ordezkariek.
“Hala eta guztiz ere, Gobernuak eta ondorengo etxebizitza-legeek ez dute egoera hori geldiaraztea lortu. Erakundeen arteko konplizitatea etengabea izan da, eta milaka etxegabetze gauzatzea eta alokairuak % 100etik gora handitzea ahalbidetu du. Horrek gehiegikerien eta bizitegi-prekarizazioaren arrasto sakona utzi du atzean”, diote. Era berean, Cerberusen kasuan ate birakari kasu nabarmenak dituela salatu du Batuk: “Bereziki aipagarria da ate birakari deiturikoekin duen lotura, horien bidez irudi politikoek onura pertsonalak lortu baitituzte herritarren sufrimenduaren kontura. Jose Maria Aznarren semeak kargu exekutiboa du Cerberus funts putrean, eta Ana Botellak Cerberus kontratatu zuen, Blackstoneri 1.860 etxebizitza publiko saldu ondoren Madrilgo Udalean egon zen garaian”.
Elkarretaratze bat arratsaldean
Batu Elkarlaguntza Sareak jakinarazi duenez, mobilizazio bat izango da gaur arratsaldean; gaurko etxegabetzea salatzeko, Hego Uriben funts putrerik ez dugula nahi ozen esateko, etxebizitzaren negozioarekin bukatzeko eta klase elkartasuna ehuntzen jarraitzeko. Bentako plazan bilduko dira, arratsaldeko 20:30etan.