
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Fiskaltzak errekurritu egin du Gurutz Agirresarobe, Itziar Alberdi eta Josu Narvaez euskal preso politikoei Tratamendu Batzordeek proposatuta Euskal Espetxe Administrazioak onartu dien hirugarren gradurako progresioa. Horrela, gelditu egin da gradu progresioa, eta Gurutzek, Itziarrek eta Josuk espetxera itzuli behar izan dute.
Covitek aurreko ostiralean jarri zituen jomugan Agirresarobe, Alberdi eta Narvaez. Argudio gisa plazaratu zuen ez dutela "damua" adierazi, besteak beste. Fiskaltzak egun berean eman zuen errekurtsoen berri, esanez hura ez dela, bere horretan, progresioen kontrakoa, hirugarren gradua kontrol telematikoaren bidez ezartzearen aurkakoa baizik. Halere, behin errekurtsoa jarrita, gradu progresioa eten egiten da behin-behinean, eta presoek espetxera itzuli behar dute. Hala da 2022an Auzitegi Gorenak ezarritako doktrina dela medio.
Gurutz Agirresarobe 2010etik dago preso, 30 urteko kartzela-zigorra betetzen. Bestalde, Josu Narvaez eta Itziar Alberdi 2014an atxilotu zituzten Puerto Vallartan, Mexikoko Jalisko estatuan, 22 urte ihes eginda egon ostean. ETAko kide izatea egotzi zieten. Zehazki, 90. hamarkadan hainbat ekintzatan parte hartzea leporatu zieten. Gaur egun, Agirresarobe, Alberdi eta Narvaez Martuteneko espetxean (Gipuzkoa) daude preso.