Principal |
Nacionales E.Herria :: 20/11/2025

Gazarako Trumpen planak “inposatzen duen nazioarteko tutoretza” errefusatu du Hamasek

Argia
Gazako Zerrendarako Trumpen planak aurreikusten duen Egonkortzerako Nazioarteko Indarra, zeina besteak beste “talde armatuen desarmatze iraunkorraz” arduratuko litzatekeen, errefusatu egin du Hamasek.

Hamasen hitzetan, “nazioarteko tutoretza hori inposatzeak, indar horri Gazako Zerrendan zereginak eta funtzioak emateak, tartean erresistentziaren desarmatzea, neutraltasuna kentzen dio eta gatazkaren parte bihurtzen du, okupazioaren alde”.

Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak aldiz, plana onartu du. Kontseiluan bertan, AEBetako enbaxadoreak adierazi du Egonkortzerako Nazioarteko Indarraren misioa izango litzatekeela “eremuaren segurtasuna bermatzea, Gazaren desmilitarizazioan laguntzea, azpiegitura terrorista deuseztatzea, armak erretiratzea eta palestinar zibilen segurtasuna bermatzea”.

Egonkortzerako Nazioarteko Indarra planaren zutabeetako bat da. Horrez gain, Gazako Zerrendan Polizia palestinar berria sortzea ere aurreikusten du.

Donald Trump AEBetako presidenteak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin batera aurkezturiko hogei puntuko plan famatuaren lehen fasea urriaren 10ean sartu zen indarrean. Ordutik, teorian su-etena martxan den arren, 200 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek Gazan.

Israel ere ez dago hogei puntuko planarekin osotasunean ados. Estatu palestinar baten aukeraz hitz egiten da planean –arabiar estatuen presioz gehitu zuten puntua– eta guztiz kontra agertu da Israelgo Gobernua.

“Terroristen” aurkako heriotza zigorra: “Sadikoa”

Bestalde, Argian berriki kontatu dutenez, “terroristen” aurkako heriotza zigorra onartzeko lehen pausoa emana du Israelgo Parlamentuak. Proiektuan jasota dagoenez, Israelgo herritar bat "arrazakeria" edo "etsaitasun" motiboengatik hiltzen duenari heriotza zigorra aplikatu ahalko zaio.

Aste honetan, Hamasek oharra atera du hiru bozketa gainditu behar dituen eta dagoeneko lehenengoa gainditu duen lege proiektuaren inguruan: “Sadikoa” iritzi dio, eta gehitu du hilketa sistematikoak legeztatzea dela asmoa. Hamasen hitzetan, nazioarteko zuzenbide humanitarioa eta giza eskubideen printzipioak urratzen ditu.

Palestinar elkarteek ere esana dute ehunka atxiloturen aurkako exekuzio masiboak justifikatzeko aitzakia izan nahi duela legeak.

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/gN2R