Principal |
Nacionales E.Herria :: 22/11/2025

Iruzur baten biktima izan diren Erandioko hiru familia etxegabetu dituzte

Ander Zarraga
Hiru etxebizitza husteko agindua eman du Santander taldeko UCI Union de Creditos Inmobiliarios finantza-erakundeak. Kaleratuak izan diren familiak eta gurasoek salatu dute egoera kritikoan daudela.

Atzo etxegabetu zuten familia eta horien gurasoak etxe bat eraikitzen hasi ziren duela urte batzuk oinordetzan jasotako lursail batean. Hasierako proiektuan parte hartzen zuen senideen banaketa baten ondorioz, finantzaketa-baldintzak berritu behar izan zituen UCI enpreagaz (Santander taldearen jabetzakoa). Negoziazio horretan, entitateak baldintza zorrotza ezarri zuen, eta gurasoek euren etxebizitzak jarri behar izan zitutzen kontratuan. hipotekatzaile ez zorduna figura juridikoagaz. Horren bidez, gurasoek beren etxebizitzak jarri zituzten zorraren berme gisa, nahiz eta maileguaren dirua zuzenean jaso ez.

Krisi ekonomikoaren eta langabeziaren ondorioz, arazoak izan zituzten ordainketakaz eta zorra esponentzialki hazi egin zen, familiari aholkularitza ematen dion Elena Prado abokatuak Berria komunikabideari azaldutakoaren arabera, "abusuzko klausulen" eraginez.

Hala, bi bide judizial paralelo eta kontrajarriak dituen kasuaren gako nagusia bi prozedura judizialen arteko talkan datza: batetik, 2019an familiak UCI salatu zuen kontratuko klausulak abusuzkoak zirela argudiatuz. Auzi hau Espainiako Auzitegi Gorenera iritsi da eta epaiaren zain dago. Eta, bestetik, exekuzio-prozedura: epaia iritsi bitartean, UCIk hipoteka exekutatzeko bide azkarra aktibatu zuen.

Defentsaren argudio nagusia da ezin dela kaleratzea gauzatu zorraren benetako zenbatekoa eta kontratuaren legaltasuna oraindik Azuitegi Gorenean eztabaidatzen ari direnean. Era berean, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak behin baino gehiagotan ohartarazi du abusuzko klausulen existentziak exekuzioak geldiarazi beharko lituzkeela.

Babesgabetasun instituzionala

Elena Prado abokatuak adierazi zuenez, Bilboko Lehen Auzialdiko 12. Epaitegiak ez ditu onartu exekuzioa eteteko aurkeztutako helegiteak. Epailearen irizpidea prozesu biek bide desberdinak jarraitzen dituztela izan da, eta defentsaren argudioak "bere garaian" ebatziko direla arrazoitu dute. Gainera, Erandioko Gizarte Zerbitzuek egindako txosten ofizialek familiaren eta, bereziki, adineko gurasoen zaurgarritasun-egoera egiaztatzen dutela erantsi dute, tartean osasun-arazo larriak baitituzte. Hala ere, txosten horiek ez dute balio izan kautelazko neurri gisa jaurtiketa geldiarazteko. Giza Eskubideen Europako Auzitegira joko du abokatuak, oinarrizko eskubideen urraketa eta babes judizial eraginkorrik eza salatzeko.

Iruzur baten biktima izan diren Erandioko hiru familia etxegabetu gura dituzte gaur - Erandio - Hiruka.eus

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/gN2Z