
2023ko abenduaren 30ean Euskal Preso Politikoei elkartasuna adierazi eta amnistia osoa aldarrikatzeko hainbat pertsonak Zaballako espetxera martxa egin zuten, ASKE antolakundeak deituta. Egun horretan, mobilizatu ziren pertsonek jazarpena jasan zuten ertzaintzaren aldetik. Lehenengo, martxa geldiarazten saiatu ziren, eta, ondoren, kontrol bat ezarri zuten irteeran, ehun pertsona baino gehiago identifikatuz. Kontrol horretan, indar errepresiboek nahiko modu bortitzean jardun zuten;manifestari batzuk heriotzez mehatxatuz eta beste batzuk jipoituz. Sei hilabete beranduago, Eusko Jaurlaritzak 128 pertsonei 1.200 euroko isun bana ezarri zien mozal legea aplikatuz, osotara 153.600€-ko zigor ekonomikoa eskatuz.
Guzti hori kontuan hartuz, “ELKARTASUNA EZ DA DELITUA” plataforma sortu zen jarrera horiek salatzeko helburuarekin. Plataforma horretatik ekintza ezberdinak burutu dira urte hauetan zehar isunei aurre egiteko nahian. Bide horretan, hurrengo larunbatean, azaroak 29, “Elkartasuna ez da delitua” jaialdia egingo da Iruñean(Nafarroa). Goizean, Errotxapeako El Hadji gunean egingo dute jaialdia, eta “Errepresioaren inguruko zenbait hausnarketa” mahai-inguruarekin emango diote hasiera. 12:00etan hasiko da. Ostean, 14:00etan, bazkaria eta bingo musikatua egongo da. Bazkarirako txartelak Katu eta Urbana tabernan jaso daitezke, 12 eurotan langilentzat eta 8 eurotan prekariezatuentzat. Arratsaldean, futbolin eta dardo txapelketak antolatu dituzte La Urbana tabernan. 18:00etan hasiko dira. Bukatzeko, gaueko 21:00etan hasiko dira kontzertuak eta Sin Piedad eta Kuneta taldeak joko dute. Emanaldien ostean, Crocs DJ-ren txanda izango da.