Principal |
Nacionales E.Herria :: 26/11/2025

Hapoel Tel Aviv eta Maccabi talde israeldarrak Gasteizera joango dira martxoan eta apirilean

Hala Bedi
Bi taldeek lotura zuzena dute Israelgo Estatu eta proiektu sionistarekin. Palestinarekin Elkartasuna plataformatik partida hauen aurkako kanpañak abiatuko dituztela esan dute.

Pasa den otsailaren 7an jokatu zuen azkenekoz Maccabi taldeak Gasteizen. Palestinar herriaren kontrako genozidioa gogortzen zegoen unean, Gasteiztarrak partida honen aurrean altxatu eta manifestazio indartsu batekin erantzun zuten. Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideek partiduak «Gazaren aurkako genozidioa zuritzeko» balio zuela argudiatu zuen. Era berean, «Euskal Herriak Israelgo Estatuarekin dauzkan harremanak apurtu behar direla» gehitu zuten, baita «kulturalak edo kirol arlokoak ere».

Urriaren 22an Arabako Batzar Nagusia osatzen duten talde politiko gehienek Gazako sarraskiaren aurkako gaitzespena adierazi zuten. Adierazpen horietan Israelgo kirol taldeak kanporatzeko eskaera egin zuten nahiz eta ez zen inolako erabaki ofizialik hartu. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak azaldu zuen aldundiak ezin diela Israelgo taldeei Buesa Arenan jokatzea galarazi Baskoniari utzia dagoelako pabiloia. Baskonia klubak bere partetik esan du nazioarteko kirol erakundeen eta Espainiako Gobernuaren esku dagoela eta beraiek ere ezin dutela talde hauen etorrera ukatu.

Gauzak horrela, Hapoel eta Maccabi taldeek Gasteizen jokatuko dute 2026an inork ez badu partidak eragozteko ardura hartzen. Euroliga osatzen duten klubek, Israel eta Palestinaren arteko su-etena aitzakiatzat hartuz, talde israeldarrek partidak berriro ere Israelen jokatzen hastea erabaki dute. Palestinarekin Elkartasuna plataformatik esan dute «su-eten akordioa sinatu zen lehen unetik Israelek ez duela bere hitza bete» eta «AEBrekin eta Mendebaldeko agintaldiekin batera diseinatutako planak garbiketa etnikoa mantentzea duela helburu».

Gaur Palestinarekin Elkartasuna plataformako kide den Esterrek Suelta la Ollan egindako elkarrizketa batean partida hauen aurkako kanpañak abiatuko dituztela esan du. Kirol ekitaldi hauen bitartez Israelgo Estatuak «sportwashing-a» egiten duela salatu izan dute plataformatik eta kirol jarduerak Israelgo Estatuaren jarrera normalizatzeko erabiltzen dituela.

Maccabi taldea Israelgo Estatuaren enbaxadore lanetan ibiltzen da eta proiektu sionistaren aldeko kanpaina aktiboa egiten du. Maccabiren eta Israelgo Estatuaren proiektu sionistaren arteko harremanetan sakontzeko irakurri Hala Bedi hedabidean Koldo Alzolak idatzitako artikulua.

Hapoel Tel Aviv taldea ezker ideologiari lotua egon da Israelen, baina orain dela gutxi Ofer Yannay enpresari milioidunak erosi zuen. Yannay Israelgo Estatuarekin lerrotzen da eta Palestinaren aurkako jarrerak adierazi ditu askotan.

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/gN31