Lesioak, desorden publikoak eta erresistentzia leporatzen diete.
Agoizko Instrukzio Epaitegiak lau pertsona deitu ditu deklaratzera abenduaren 18an, Espainiako Vueltan Irunberriko etapan izandako protestetan parte hartzeagatik. Auzipetuei delitu hauek leporatzen dizkiete: lesioak eragitea, zirkulaziorako arriskuak sortzea, agenteenganako erresistentzia edo desobedientzia eta desordena publikoak.
Abuztuaren 23an abiatu zen Espainiako Vueltan Israel Premier Tech taldea zegoen parte hartzaileen artean, eta Palestinarekin Elkartasunak boikota egitera deitu zuten. Irunberrin(Nafarroa), Foruzaingoak bi pertsona identifikatu zituen Espainiako Vueltan Israel-Premier Tech txirrindulari taldearen parte-hartzearen aurkako protesta batean parte hartzen ari zirela. Hauek errepide erdian jarri ziren eta txirrindularien pasabidea oztopatu zuten.
Atzo zabaldutako ohar batean, ikertutako lau pertsonek adierazi dute zitazioa ez dela "izapide judizial soil bat", baizik eta "beldurtzeko saiakera bat, Palestinaren alde ahotsa altxatu" dutelako. Ikertuen arabera, milaka pertsonak parte hartu zuten salaketa eta boikot ekintzetan Espainiako Vueltako etapa horretan; alegia, Israelgo Estatuko txirrindulari taldearen presentziaren aurkako protestetan. Bide horretan, Foruzaingoari “kriminalizazio operazioa” antolatu izana leporatu diote. Azaldu dutenez, "Palestinan gertatzen ari dena salatzen duen mobilizazio soziala geldiarazteko saiakera bat" da.
“Gizarte osoari dei egiten diogu tinko mantentzera, errepresioaren aurrean atzerapausorik ere ez ematera. Isuna jaso, identifikatu edo zitazioa jaso duten pertsona guztiak gonbidatzen ditugu salatzera eta euren egoera azaleratzera. Ez zaudete bakarrik. Kolektiboki antolatu, babestu eta erantzungo dugu”, dio zabaldu duten oharrak.