
Sei gazte deitu dituzte abenduaren 9an epaitegian deklaratzera aurtengo maiatzaren 29an Donostiako Udaleko osoko bilkuran Guardetxearen alde protesta egiteagatik. Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) azaldu duenez, Donostiako Udalari Guardetxearen esleipen baldintzak adosteko Alde Zaharreko 13 elkarteren izenean eskaera egin eta gero eta erantzunik jaso ez zutenez, udal plenora hamarnaka gazte bertaratu ziren. Plenora egindako bertaratze hartan Udaltzaingoa gazteen aurka oldartu egin zen eta gazte bat atxilotu eta gutxienez beste hiru identifikatu zituen. Gazte asanbladak jakinarazi du protesta horien harira sei gazte deklaratzera deitu dituztela, desordena publikoak eta autoritatearen kontrako atentatua egitea egotzita. Era berean, lesio delitua gaineratu dezaketela salatu dute, eta, ondorioz, espetxe zigor eskaerak irits daitezkeela aurreikusten dute.
Gazteek zabaldutako oharrean, gertatutakoa ez dela kasu isolatu bat salatu dute: “Azken urteotan agerikoa bihurtu da egiturazko krisi kapitalista baten aurrean gaudela, eta ondorioz, sistemari beharrezkoa zaio zapalkuntza forma berriak garatu eta bestelako bizi eredu bat antolatzen dugun espazio eta proiektuen aurka egitea. Soilik honela uler daiteke okupazioaren kontra abiatu duten kriminalizazio prozesua, zeina masa komunikabideen manipulazio mediatikoak eta legediaren garapen errepresiboak ezaugarritzen duten”. Bestalde, adierazi dute jabetza espekulatiboak kolektibizatzea ez dela delitua, “auzo eta herrietako langileen interes kolektiboen aldeko erresistentzia ekintza da”.
Guardetxeak hamarkada batez erabilera autogestionatua izan zuen, 2019ean Udalak konponketak egin behar zituelakoan itxi zuen arte. Sei urtez abandonatua eta hutsik egon zen eraikina. Maiatzaren Lehenean berreskuratu zuen AZGA-k Urgulleko Guardetxea, eta, azken zazpi hilabeteetan, jarduera ugari antolatu dituzte bertan: musika jaialdiak, liburu aurkezpenak, hitzaldiak… eta aitzakia horrekin, auzoko zein Donostiako elkarte askok erabili dute espazioa. “Aspaldiko aldarrikapena da Donostiako Alde Zaharreko gazteok kudeaturiko espazio autogestionatu baten beharra, baina une honetan, Gaztetxea martxan dagoela esan dezakegu. Argi adierazi nahi diogu Donostiako Udalari ez duela gure jarduna mehatxu, isun, epaiketa eta espetxe zigorrekin geldituko. Ondo dakigu zein ondorio dakartzan gure auzoan horrelako proiektu eta espazioak galtzeak eta gure konpromisoak ez du atzera bueltarik. Behin itxi zuten Guardetxea, baina ez diegu berriz ixten utziko”, azaldu dute.
Epaiketa hilaren 9an izanen da, Donostian. 09:00etan elkarretaratzea eginen dute epaitegi aurrean, eta bertaratzeko deia egin diote “bestelako auzo batean eta bestelako Donostia batean” sinisten duen orori, Guardetxea defendatzeko eta auzipetuei elkartasuna adierazteko.