Principal |
Nacionales E.Herria :: 31/07/2016

[Euskara] Donostiaren elitizazioa azeleratzen ari da

Lander Arbelaitz / Argia
Donostiako botere faktikoek hiria eraldaketa prozesu batean murgilduta daukate instituzioen laguntzarekin.

 

Donostiako botere faktikoek hiria eraldaketa prozesu batean murgilduta daukate instituzioen laguntzarekin. Geroz eta garestiagoa den hirian, “proiektu estrategikoak”, turismoa erakartzeko politikak eta etxebizitzekin negozioa egiten duten higiezinen interesak elkarri lotuta doaz. Ikus dezagun gertuagotik zer ari den gertatzen, ziurrenik, urte gutxian ezberdina izango baita 2016ko Europako Kultur Hiriburua.

Mirakruz kaleko 19. zenbakia ikus daiteke, abuztuan eraitsi nahi dute. (Argazkia: Dani Blanco)

“Nire ustez erabat sartuta dago Donostia rollo elitistan eta areagotzen ari da. Hemen bizitzea ezinezkoa izango da, argi eta garbi. Politikari gehienek hori adostuta daukatela ikusten duzu, jo ta fuego ari direla norabide horretan lanean. Jendea horren aurka dago, baina bozkatu egiten dituztela badakitenez, bost axola zaie. Nik uste Donostian zerbait antolatu behar litzatekeela hiri eredu honen aurka”.

Txanpuene baserriko Iñigo Etxaberen hitzak dira, Amara Zaharrean, Aldapetako malda igo eta ezkerretara, alde batera begiratu eta Kontxa ikusten dela, eta bestean Amara osoa Morlans gainetik. Inguruak erakutsiz, azaldu digu orain hamarkada gutxi arte, Espainiako Albako dukesarenak zirela baserria eta lurrak. 1997an Udalak akordio bat egin zuen albatarrekin, eta egun, Neinor Homes higiezinen enpresarena da. Baserria eraitsi eta lurrotan luxuzko etxebizitzak eta parke bat egin nahi dituzte. Baserrian bertan jaioa da Etxabe, bere aurrekoak bezala. Dokumentatuta daukatenez, gutxienez azken 150 urteetan bertan maizter bizitako Etxabe familiak 1700 urte inguruko etxea galduko du eta gainera ez du euro bat ikusiko. Beste batzuek bere jaiotetxearekin milioiak irabaziko dituzte bitartean. Inguruan hondeamakinak lan eta lan ari dira uztaileko arratsalde eguzkitsuan, operazio handiago baten barruan.


Txanpuene baserriko Iñigo Etxabe. Bertatik botako dute luxuzko etxeak egiteko.

Lur hauetan, 1800 urte inguruko iturri bat eta iturri-aska bat ere badaude. Urteek lurpean utzi ziztuzten arren, babestu beharreko ondaretzat sailkatua zegoen aska 2010. urtean inork ezer esan gabe zerrendatik kendu zuten arte. Ekainean egin duten IX. Txanpuene Egunean, 150-200 bat auzotar bertan biltzeaz gain, auzolanean aska eta iturria lurpetik atera dituzte, aurretik enpresako eta Udaleko arkitektoek bertan aska zegoela zalantzan jarri ostean. “Egun zoragarria izan zen, jende asko etorri zen eta eguna gustura amaitu genuen. Askok ez zuten ezagutzen eta harritzen ziren halako leku bat izatearekin auzoan. Luxuzko etxebizitzak beharrean, eraikina auzoan zerbitzua emateko mantentzea nahi nuke”.

Egun eta arratsalde berean, Grosen 50 bat lagun bildu dira Mirakruz 19 eraikinaren etorkizunarekin kezkatuta. Auzoko Zipotz jaien lehen egunean, 1888. urteko eraikina bota nahi dutela salatzeko berau inguratu dute. 7.000 sinadura jasoak dituzte eraistearen aurka, eta auzoko komertzio ugaritan ikus daitezke babes-afixak.


Mirakruz kaleko 19. eraikina eraistearen aurka mobilizatu dira hainbat herritar.

“Lau hilabete daramatzagu borrokan eta ate guztiak jo ditugu: Eusko Jaurlaritza, Arartekoa, Udaleko alderdi guztiak… eta ez dugu ezer lortu. Azken aukera utzi digute eta horretara goaz: epaiketa”, dio SOS Miracruz 19 kolektiboko kide batek ekitaldiaren amaierako solas inprobisatuan. “Auzi-eskea jarriko dugu epaitegian etxe honek duen balio arkitektonikoa azpimarratuz. Nola da posible 2010. urtera arte babestuta zegoen etxeak bat-batean babesa galtzea, berez, partikular batzuek hala nahi dutelako?”, bota du galdera airera.

Ia hutsik dagoen eraikin honetan, hasiera batean hotela egin nahi izan zuten. Ondoren, baina, Gros Higiezinen Agentziak 25 etxebizitza, beste horrenbeste aparkaleku eta 17 trasteleku salduko dituela jakinarazi du. Hasiera batean auzoan haserre handia eragin zuen proiektu arkitektoniko “modernoa” aurkeztu zuten. Udalarekin hainbat proposamen negoziatu ostean, uztailaren 5ean eman zioten lanetarako lizentzia, eta abuztuan eraikina eraitsiko dutela jakinarazi dute. Bi urteko epean lanak amaitu nahi dituzte eta etxebizitza batzuek 850.000 euro arte balioko dute. Hori ez dago edonoren eskura.

Groseko Mirakruz kaleko 19. eraikinean puxikak jarri zituzten.

“Espekulazio hutsa da, ahalik eta gutxien gastatuko dute ahalik eta etxebizitza kopuru handiena atera eta dirutza egiteko”, zioten orain gutxi elkarteko kideek Kulturaldia webgunean egindako elkarrizketan. “Udaletxearen esku dago eraikina berriz ere ondare babestuaren zerrendan une batetik bestera sartzea, baina ez dute nahi”.

 

Eraikina eraitsi egingo dute, orain urte erdi pasatxo auzo bereanKortxoenea gaztetxea eraitsi zuten bezala, hemen ere etxeak egiteko igerileku eta guzti. Azken honetan lanak geldi eta epaitegietan trabatuta dabiltza, Kortxoeneako gazteek eraisketa ilegalagatik salaketa jarri ostean.

Nora doa Donostia?

“Donostian gertatzen ari dena espekulazioa eta turistifikazioa dira gentrifikazioa baino gehiago”. Andoni Egia geografian lizentziatua eta gai hauetan aditua da, hainbat master eta tesia egin ditu lurralde antolaketak, giza garapen jasangarria, globalizazioa eta gentrifikazio prozesuak aztertuz. Donostiakoa logika globalago batean txertatuta ikusten du.

“Produkzioa mundu mailan globalizatu dute: Ekialde Urruna munduko fabrika bihurtu da, eta Mendebalde post-industriala munduaren zentroa, alegia, ekonomiaren zentroa”. Adibide bat jarri du: gauza bat Munichen pentsatu eta diseinatzen da, piezak herrialde ugaritan egiten dituzte, Asian muntatu eta hemen Donostian kontsumitzen dugu gero. Produktuak eta pertsonak garraiatzeko, mundu osoko hiriak lotzen ari direla dio, portu erraldoi, AHT, aireportu eta errepideekin. “Produkzio kate globalizatu horretan baina, parte batzuek dute balore gehien, egun marketingak eta diseinuak. Ekonomia immateriala da, ezagutzan oinarritua. Dirua horrek ekartzen duenez, hiriak lehian ari dira ezagutza zentroak sortzeko teknologia zentroak, Basque Cullinary Center edo Guggenheim kasu. Kursaala behar da neurozientzien kongresua egiteko, eta horrela aktibitate ekonomikoa abiatzen saiatzeko”. Bere hitzetan kontua da merkantzia, kapital, ezagutza eta turista fluxuen nodo bat izatea, eta horretarako hiria egokitu behar da.

“Donostia birfuntzionalizatzen ari da. Zerk sortzen du balioa Donostian? Lehen Tabakaleran puruak egiten ziren, horrek aberastasuna sortzen zuen. Orain Tabakalera zentro kultural bat da, dena dohain da, baina hiriaren zentroa Egiarantz mugitzen du, hainbat artista ekarriko ditu, ondoan taberna edo jatetxea ekarriko du… Puntu bat ukitu eta pixkana ingurua eraldatzen hasiz”.

Espezializazio produktiboa, ezagutza eta espekulazio inmobiliarioa dena batera doazela dio Egiak. “Kanpotik erakarri nahi den high level jende horrentzat egiten dira etxeak eta prezioak gora doaz, liga horretan sartu ezin duten herritarrak pixkana periferiara kanporatzen dituzte, kanpoaldeko auzoetara edo ondoko herrietara”. Produkzio kate horretan aberasten ari den elite hori Donostiara erakarri eta atzerriko kapitala geroz eta gehiago sartzen doan hemengo hotel eta etxeetan gasta dezan dirua, berriz ere zirkuitua hasiz.

–    Eta herritarrak?
–    Ez da herritarren ongizaterako pentsatutako garapen eredua.
–    Eta alternatiba?
–    Bestelako ekonomia eredu bat sortzea, berriz ere sare ekonomiko lokala osatzen joateko.

Donostia berdeago baten alde

“Gure gobernuen erantzun eta ordezkaritza ezaren aurrean, Uliako Lore Baratzetako kideek, bai eta beste talde eta jendarte erakunde batzuk, parke honen zainketa eta bizitzarekiko posizio aktiboa mantentzera goaz. Horrela, bizi nahi dugun hiria eraikitzen goaz, inposatu nahi digutenaren aurrean, beti ere auzo mailatik eta guztion onurarako pentsatzen”.


Uliako Lore Baratzeen inguruan komunitate anitza osatu da

Uliako Lore Baratzetako kideak kezkatuta daude. Ategorrietako maldatik gora joan eta ezkerretara dagoen berdegune diskretu baina eder honetan ekosistema berezia sortu dute auzotarrek. Bertan etxebizitzak egin nahi ditu Udalak. Herritarren eta hiriko elkarte ugariren atxikimendu zerrendarekin, loreak banatuz joan dira udaletxera parkea babesteko eskatuz. “Uliako mintegien parkea, halako bakarra da Gipuzkoan”, dio Aranzadi Zientzia Elkarteak.

“Edozein gauza kopiatzeko hainbestetan begiratzen ditugun herrialde horietatik ekarri izan bagenu, Kultur Hiriburutza zaratatsu baina eduki gabeko horren ikono bat gehiago izango litzateke. Ordea, hemen sortu denez, herritar soil eta boluntarioek eraiki dugunez, bere ekimena gutxitu eta moldeak ezbaian jartzen dira, hiria egiteko duen balioa eman ordez”, dio Leire Rodriguezek udaletxe parean Donostia berdeago baten alde, eraikuntza gelditu dioten kartelek eta landareek apaindutako mahaiaren atzetik.

“Zoritxarrez, gaurko Donostia beste hiri eredu batera doa, abiada biziz. Gutxi batzuen interesen araberako hiri bat izatera doa, kontsumo eta espekulazioaren epe motzeko dinamikek denbora eta su motela behar dituen guztia leherraraziko dutena”, diote.

 

Proiektu ugari mahai gainean

2013an sona lortu zuen herritar talde batek Bellas Artes eraikinaren aldeko kanpainarekin, orotara 10.900 sinadura lortuta. Eraikin hau bere 100 urteko historian, antzokia, auzoko zinema eta Donostiako Orfeoiaren egoitza izan da. Egun 30 urte daramatza hutsik, eta eraikinaren jabe Sade-k lau izarreko eta 92 gelako hotela egiteko proiektua du. Baimena badaukate eta eraitsi egin nahi dute.

Kaleko autobus geltokietan higiezinen iragarki handiak ikus daitezke. Irudian Kontxara bistak dituen eraikin bat, futbol zelai eta igerileku eta guzti. Luxuzko 47 etxe Donostiaren erdialdean zioten afixak jarri zituen Amenabarrek azaroan. Aldapetan egiten ari diren urbanizazioa da. “Luxua” eta gisako hitzak horrela publikoki erabiltzea fenomeno berria da, borroka armatuaren amaierak izango al zuen eraginik horretan?

Baina hiri baten egunerokoan eragina izango duten proiektu ugari daude onartzear edo abian: Anoetaren eraberritzeak Amara auzoan zer nolako eragina izango duen ikusi egin beharko da, kaian kirol portua eta arrantzaleen kofradia dagoen eraikina eraberritu nahi dute, kaian bi hotel egiten ari dira, Saguesen hotela eta plazaren eraberritzea aurreikusia daude, Amara Zaharrean urbanizazio proiektu erraldoia ari dira aurrera eramaten San Bartolomen, eta guzti hori hirian eraikitzen ari diren beste hotelak eta nazioarteko enpresen bitartez atzerritarrei alokatzen zaizkien etxebizitzak kontatu gabe. Erdigunea zeharkatzeaz gain, prozesu hau inguruko herrietara eramaten lagunduko duen metroa, hirira helduko den Abiadura Handiko Trena, komertzio txikiaren gainbeherarekin batera Garbera merkatal zentroa 25.000 metro koadro handituko dute, eta beste 80.000 metro koadro gehituko dizkiote aparkalekuari.


“Luxuzko 47 etxebizitza Donostiako erdialdean”.

Nor ari da baina hiria bide honetatik eramaten? Donostiako Hiri Estrategia Bulegoaren lana da plan estrategikoak (PE) egitea. Estrategia 2020 Donostia – San Sebastian txostena 2010etik dago indarrean, Mirakruzeko eraikinak eta Txanpueneko iturriak inork jakin gabe babesa galdu zuten orduan. Webgunera sartu eta Kepa Korta zuzendari-koordinatzailearen agurra topatuko du erabiltzaileak. Txostenaren sarreran hau irakur daiteke:

Hiriak PE2010ean markatutako norabidean aurrera egin du, proiektuak eta ekimenak martxan edo burututa daude orokorrean: Victoria Eugenia Antzokia, San Telmo Museoa, San Sebastian Turismo Elkartea, 2. zinturoia, Biopoloa, Ikusentzunezkoen Innobazio Poloa, Zientziaren Hiria, Basque Culinary Center, Bakearen Etxea, etab. (…)  PE2010eko hiri eredu aldaketak jarraipena behar du. (…) Hurrengo hamarkadan azpiegitura handiak garatuko dituzte: Abiadura Handiko Trena, Metroa, Tabakalera, Autobus Geltokia, Herrera-Pasaia… baina oraingoan edukien garaia izango da, edukiontziena baino. Gertuko azpiegiturak (kulturetxeak, polikiroldegiak, zentro sozialak, osasun etxeak, hezkuntza…) modu egokian eraiki dira, baina sistemak hauek mantentzeko duen gaitasuna amaitzen ari da, eta horregatik, ez da azpiegitura gehiagorik aurreikusten hurrengo urteetarako. Hala ere, hiriaren eduki ukiezin horietan sakontzeko beharra ikusten da eta proiektu berrian hor indarrak jarriko dira, eredu berri bat definitzen duten bi ardatzekin: kultura eta zientzia.

Mundu mailako ekonomia honen baitan hirien eraldaketa urbanistiko eta ekonomikoaren azterketa egiteko, hainbat hiritan behatoki metropolitanoak sortu dituzte Bartzelona eta Madrilen kasu. Donostian ere ari da taldetxo bat bilerak egin eta proiektua fintzen. Hiriak auzoka kartografiatu, alokairuak nola dauden begiratu, dendak, turismoa noraino sartu den, nor dagoen prozesu urbanistikoen atzean eta funtsean, tokian toki nork agintzen duen ikusi eta herri mugimenduei tresnak emateko balio dezake lan horrek.

“Eta hiriaren elitizazio honen aurrean, zer egin dezakete herritarrek?”, galdetu diogu Andoni Egiari. “Gertatzen ari denaren kontzientzia zabaldu, proiektuak garestituarazten saiatu ekintza zuzenen bidez eta alternatibak mahai gainean jarri”.

“Nik 52 urte ditut eta 52 urteak hemen pasa ditut. Baserritik ez dut xoxik jaso, eta egunero hemen izan naiz. Gure etxea delako ibiltzen gara hemen”. Txanpuenea baserrira itzuliz, animoz baxu daudela aitortzen du Iñigo Etxabek. “Ez dut asko pentsatu nahi, aberatsentzat etxeak egiteko botako dutenean malko batzuk isuriko ditut. Orain epaitegietan gaude, baina funtsean ez duzu kontziente izan nahi”.

Bi lagun ilunabarrean, Antigua auzoan garagardoa eskuan kezkatuta mintzo dira. Auzo hau ere asko aldatu da azken hamarkadetan. “Hiria elitizatzen ari da. Donostiako etxeak Espainiako eta mundu osoko aberatsenei eskaintzen ari dira. Hau Niza bilakatu nahi dute, konturatu gabe hau ere burbuila bat dela. ‘Dena da segurua’, diote berriro, ‘inbertitu honetan eta aberastuko zara’. Berriro erortzen den arte. Gainera, ekonomia sare lokalak desegiten badituzte, lurrak kutsatu eta hondatu, petroleoa amaitzean nondik ekarriko dute janaria? Non erosiko dugu? Garberan?”, dio kezkatua batek.

“Bai, bitartean baina, betiko enpresa berak ari dira aberasten. Nik Kortxoeneakoren ostean oso garbi ikusten dut –erantzun dio besteak–, mafia bat da, zerbait egin behar genuke”.

+ Están convirtiendo Bilbao en un lugar vulgar, triste y sin futuro

http://www.argia.eus/argia-astekaria/2518/donostiaren-elitizazioa-azeleratzen-ari-da

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/fA4d