Principal |
Nacionales E.Herria :: 11/01/2017

Prekarietateak 24 urteko gazte bat hil du

Ernai
Herri mobilizazioa ezinbestekoa da etengabean malgutzen dabiltzan lan (eta, ondorioz, bizi) baldintzak babestu eta hobetzeko.

Prekarietatearen ondorioz urteko bigarren heriotzaren berri izan dugu gaur. Garraioarekin lotutakoa hau ere. Baina gaztea, 24 urteko gazte bat. Gorlizeko “Pizzeria Mec Mec”-eko langilea zen eta abenduaren 30eko gauean izan zuen istripua, azken banaketa egiten zegoela, eta gaur, urtarrilaren 10ean, hil egin da.

Abiadura bizian joango zen? Ez zuen semaforo bat ikusi? Edo kotxe batek ez zuen bera ikusi? Errepidean istripuak gertatzen direla pentsatuko dute askok, pena bat dela. Enpleguari lotutako arriskugarritasun bat dela. Baina errealitatea da, janari azkarreko enpresetan, azkar joatea lanaren parte dela. Presak, ahalik eta azkarren iristeko presioa, ahalik eta bidai gehien egiteko presioa, janaria bero entregatu behar izatea, oker egindako bidalketek eurengan eragin negatiboak izatea (itzultzean bidaia gehiago egiteko denbora gutxiago geratzeagatik zein eurek ordaindu behar izateagatik), entrega gehiago egiteagatik sariak... Prekarietatea lanaren parte eta ezaugarri da.

Arriskugarritasun plus bat kobratzen dutenik ere ez du inork pentsatuko. Orduko soldata miserableak dira abiadura horren ordain-sari bakarra.

“Pizzeria Mec Mec” ezaugarri horietako enpresa askorekin alderatuta txikia bada ere (Gorliz, Algorta eta Sopelan ditu jatetxeak), baldintzak antzekoak izango dira seguruenik. Bestela, zergatik eskatzen ditu gazteak bere web orrian curriculum-ak bidaltzeko atalean? Alde batetik, sektore horretako gainerako munstroekin (Telepizza, Domino´s Pizza...) soldata baxuekin lehiatu ahal izateko, eta bestetik, gazteei zuzendutako enpleguak direnez, jendarteak baldintza prekarioak justifikatu egiten duelako.

Gazteentzako aldi-baterako enpleguak direla ulertzen da, urte edo hilabete batzuetarako enplegu prekarioa, zerbait “hobea” topatu arte. Jendartearen joera da prekarietatea soldata eskasarekin bakarrik lotzea, eta ez gainerako lan baldintzekin: presaren ondoriozko estresa, eskaerak bete ahal izateko errepideko abiadura, azken momentuko lan orduak... eta agian ez dela hain aldi-baterakoa, denboran luzatu egiten dela, bizitza osoa prekarizatuz. Kasu honetan, bizitza bera izan da jokoan jarri, eta galdutakoa.

Beraz, errepidean gertatzen den istripuaren baldintzak, kontratuan idatzita eta lanpostuan indartuta daude. Euskal Herrian, ehunka gaztek dituzten kontratuak. Ahalik eta irabazi gehien lortzeko, ahalik eta azkarren joatera behartuta gauden artean, istripuak gertatuko dira. Horregatik, istripua errepidean gertatu delako eskuak garbitu beharrean, Osalan bezalako instituzioek zein instituzio legegileek enpresa mota hauek zorrotz aztertzea ezinbestekoa da. Bizitza, eta ez abiadura eta mozkinak, erdigunean jarriko dituzten kontratu duinak bermatzeko, gazteon oinarrizko lan baldintzak bermatzeko.

Herri mobilizazioa ezinbestekoa da etengabean malgutzen dabiltzan lan (eta, ondorioz, bizi) baldintzak babestu eta hobetzeko. Horregatik, Ernai gazte antolakundeak gehiengo sindikalak urtarrilaren 13an, 12.30etan Sopelako Pizzeria Mec Mec aurrean deitutako elkarretaratzera dei egiten dugu, baita herriz herri mobilizazio zein ekimen desberdinak egitera ere!. Prekarietatea hiltzailea!

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/fD5b