Principal |
Nacionales E.Herria :: 11/10/2017

Borroka, bizi onez borborka

Euskal Herriko Bilgune Feminista
80 pertsona bildu ginen atzo, Bilgune Feministaren 15. urteurrenaren baitako azken jardueran, osatze feministaren inguruan hausnartzeko, Donostiako Gladys Enean.

Ekimenari hasiera emateko, borobilean jarri ginen, parkeko berde-gune batean, Gladys-en argazkia, Guatemala eta El Salvadorretik ekarritako elementu eta Bilgune Feminista eta Emagin-eko materialak natur-elementuez inguratuta genituela.

 Haziak, lurra, sua, ura... presente egon ziren horretan Vicky Chávez El Salvadortarrak bota zituen lehen hitzak eta armonia eta talde sentimendu handiaz sartu ginen eraikinera.

 Batez ere, prozesu kolektiboez aritu ginen eta osatzearen balio politikoaren aitortzari garrantzia eman nahi izan genion eta Edur Epelde Bilgune Feminista eta Osatze lan-taldeko kideen hitzetan: “jardunaldi hauen bidez, gaian arituak eta adituak diren Gipuzkoa eta Hego-Ameriketako kolektiboen arteko topaketa herritarra sortu genuen, kolektiboen baitan ematen diren osatze edota prozesuen inguruan eztabaida pizteko”.

 Edurren ostean, Lorena Cabnal-ek hartu zuen hitza, patxadatsu. Lorena, Guatemalako Tz'kat sareko osagilea da eta feminismo komunitarioetan aditua. Bere hitzetan “gure gorputzen memorietan geratzen dira patriarkatuak eta kolonialismoak eragindako zauriak” horren adibidetzat jarri zizkigun Guatemalako feminizidioak.

 Arantza Vicedok hartu zuen mikroa ahoan irribarre bat zuela. Bera Gasje elkarteko partaidea da eta sexu jazarpenean aditua. “Haurren aurkako indarkeria sexualaz hitz egin daiteke, hitz egin behar da” aldarrikatu zuen, errelato horiek ere entzun eta sendatu behar dira, aurrera jarraitu ahal izateko.

 Aniaiz Ariznabarreta izan zen hirugarren gonbidatua; Aniaiz Istanbuleko protokolo eta torturei buruz asko hausnartutakoa da: “Minduta bagaude ezin dugu eraiki. Osatu behar gara eta gainera, osatze bide hori gozatu, ospatu eta aitortza politikoa egin behar zaio” bota zuen ziurtasunez.

 Azkenik Vicky Chávezen hitzartzeaz gozatu ahal izan genuen. Vicky indartsu aritu zen: Bizitzak erdigunean jarri behar ditugu, ez merkatuan. Ezin dugu onartu transnazionalek zeresan handiaga edukitzea gure gorputzetan, guk geuk baino eta beraz, gure gorputzak dira askatu behar ditugun lehenengo territorioak.

 Bukatzeko Uxue Alberdi eta Maialen Lujanbioren bertso-errezitaldi paregabeek bildu zituzten arratsaldean zehar botatako ondorio eta sentipenak. Albo batean, jarduerak iraun bitartean bezala, Danele Sarriugarte aritu zen itzulpen lanetan. Ederra izan zen, dena.

 BORROKA, BIZI ONEZ BORBORKA!

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/fJ0s