Principal |
Nacionales E.Herria :: 27/11/2017

Neska gazteok autodefentsa feminista!

Maddi Isasi eta Izar Hernado, Ernaiko kideak
Jasandako erasoak elkarri kontatu eta horiei aurre egiteko elkarrekin kontatuko dugu. Saretuta bagaude, ez dago gu gelditzerik! Gora borroka feminista!

Beste behin ere, azaroaren 25a hurbildu ahala aurpegi-zuritzeko kanpainaz bonbardatu gaituzte komunikabide eta instituzioek, eta emakumeon borroka edukiz eranzten duten leloz bereganatu dira multinazionalak. Eta horrek amorratu egiten gaitu, ezin dugu jasan beren erantzukizunaz arduragabetzen diren boteredunek interes pertsonalak (politiko-ekonomikoak) lehenetsi, eta indarkeria matxistaren inguruko diskurtso epelak joko mediatikoan puntuak irabazteko baliatzea.


Emakumeon bizi eta gorputzak alderik alde gurutzatzen dituen basakeria honek nahikoa garrantzia baduelako, bakoitzak bere esku daukan oro egin dezala exijitzeko eguna da gaurkoa, ezin baitugu onartu inork beste alde batera begiratzen jarraitzea. Eta horregatik, parada hau gure etxe barruari erreparatzeko ere baliatu nahi dugu, pribatuenak diren eremuetan ematen diren erasoei so egiteko. Izan ere, ondo baitakigu indarkeria matxista ez direla soilik erailketak, bortxaketak, jai-giroko baboseoak … Horiek bistakoenak egiten zaizkigun erasoak badira ere, emakumeok egunerokotasunean, gure gertukoenak diren eremuetan, eta konfiantzazkoenak ditugun gizonengandik jasaten ditugun jarrerak ere indarkeria dira. Eta gure kasuan, etxe barruaz ari garenean, militantzia eremuez ari gara, besteak beste.
Aurten inoiz baino gehiago. Izan ere, pasa diren hilabeteetan behin eta berriz kolpatu gaituzte militantzia esparruetan jasandako eraso sexistek, gureak diren eremu horietan, konfiantzazkoenak zirela uste genuen kideen eskutik. Ahaztu egiten baitzaigu gure eragile eta antolakundeetan, gizartean bezalaxe, patriarkatuak mila forma hartzen dituela, espero ez dugun txokoetan ezkutatzeko.

Bereziki mingarriak zaizkigu militantzia esparruan jasaten ditugun erasoak, ustez babes eremu diren horietan gertatzen direnak. Gizartearen eraldaketarako, borrokarako aliatuak zirela zioten horiexek erasotzen gaituztelako. Erasotzaileak gure konpromisoaz, diziplina militanteaz, konfiantza politikoaz baliatu ohi direlako. Eta horrek amorratu egiten gaitu. Baina ez gaitezen erratu, nesken enpeinuz publiko egin diren erasoak ondorenean seinalatu eta arbuiatzea erraza da, baina ez da nahikoa. Nazkatuta gaude gainontzekoengan erasotzaileak ikusten dituzten erasotzaileez, urtez urte konplize izan direnez. Ez dugu nahi bistakoenak izan diren erasoetan (soilik) begia jartzea; izan ere, borreroak baditu milaka aurpegi, eta erasoak/erasotzaileak ere bai. Erasoak dira zapaltzen gaituzten botere harremanak, borroken arteko mailakatzeak, gizonen neurrira eginak dauden egitura, parte-hartze mekanismo eta erritmoak … Horiek baitira egunerokotasunean txikitzen gaituztenak, gureak behar luketen espazioetatik kanporatzen gaituztenak, eta muturrekoagoak edo bistakoagoak diren erasoak gertatzea bermatzen dutenak.

Erasoa da, baita ere, erasoak salatzera, botere-harremanak zalantzan jartzera, gure neurrira eginda ez dauden espazioetan parte hartzera ausartzen garen neskak etengabean zalantzan jartzea: esajeratu egiten dugula, desproportzionatuak garela, erotuta gaudela entzuten dugun bakoitzean, jarrera matxistak justifikatzen dira, eta horien aurrean altxatzen garen emakumeak gutxiesten.

Baina, emakumeok ez gaude bakarrik, saretuta gaude. Ikasia dugu zauriez osatzeko elkarren arteko goxotasuna baina sendagai hoberik ez dela. Eta geroz eta gehiago gara, geroz eta indartsuagoak, gainera. Badakigu bakarrik ezin diogula aurrean dugun munstro handi honi aurre egin, baina gure arteko aliantzak estutzen ditugunean dantzatuko dugu haren gainean. Ez dugu onartuko gure gainetik inor pasatzerik, elkar zainduko dugu eta elkar babestuko. Eta erantzuteko prestatuko gara, erantzunen subjektu izango gara, aurrerantzean ere. Bai baitakigu eraso gehiago etorriko direla, eta horien aurrean emango ditugun erantzunak, hartuko ditugun erabakiak, hobetzen jarraitu beharko dugula.


Hartua dugu geure buruak eta ingurua eraldatzeko konpromisoa, eta etxe-etxetik hasi nahi dugu, barren-barrenetik. Mila buelta emanak dizkiegu militantzia ereduei, mila buelta emateko borroka moldeei. Eboluzioa hasia dugu, ERREBOLUZIOA. Haserre gaude; baina ez gaizki ulertu, haserreak gure bidean berrestera garamatza, borrokarako indartzen gaitu. Feminista izan nahi duten kolektiboetan praktika feminista izatea kide guztion ardura den arren, emakume feministak, eta gure arteko sareak izango dira horretarako berme. Eta gu horretarako prest gaude, kontatu gurekin.

Jasandako erasoak elkarri kontatu eta horiei aurre egiteko elkarrekin kontatuko dugu. Saretuta bagaude, ez dago gu gelditzerik!
Gora borroka feminista!

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/fJ5C