Principal |
Nacionales E.Herria :: 08/01/2018

CAPVarnia

Pastelero / Borroka garaia da!
Ez naiz zuzenean sartu Tabarnia asmakizunaren sortzaileen ideiak entzutera.

Ez naiz zuzenean sartu Tabarnia asmakizunaren sortzaileen ideiak entzutera. Kontsultatzen ditudan hedabideetan (oro har linea politiko progresista eta/edo abertzalea) irakurri dut ideia honen inguruan. Eta badirudi momentu oro Tabarniaren ideia gaitzesten dutela. Kalean ere dexente entzun dut “bua es que se lo inventan justo donde tienen más fuerza” edo antzeko ideia.

Baina, dena da eraikia, ezta?

Tabarniaren ideiaren gaitzespenaren aurrean, Euskal Herriaren zatiketa datorkit burura. Hegoalde eta Iparralderen zatiketa lehenik, betierekoa dirudiena (estatu zapaltzaileen papera kontuan hartuta beti ere, gure praktikarekin ezarria dirudiena). Azken urteetan Euskal Herria penintsularra bera zatitu dugu, espainiar estatuak inposaturiko instituzioak errespetatuz: CAPV eta CFN. Zergatik burutu du mugimendu abertzaleak zatiketa hori?

Ba, CAPVen prozesu subiranista bat aurrera eramateko aukera gehiago daudelako Hegoalde osoan batera baino. Eta hortxe CAPVarnia. Auzi nazionalean historiak badu pixurik, argudio batzuk ematen (“erreinu bat izan ginen” diote batzuk, “karlistak abertzaleak eta aurrerakoiak ziren” beste batzuen esanetan), baina determinanteena oraina da: indar harremana. Eta azken urteetako norabidea ikusirik, laster erabakitze esparruak Foru lurraldeak edo Lurralde Historikoak izango dira (ez Herrialdeak).

Eta hori ez da zeozer txarra. Nazio konkretu honen eboluzioa da, besterik ez: nazio izateari utzi diona, antza. Gainera, gure gutxiengo egoera oso esanguratsua da. Nahiz eta gaur egun bizitzako aspektu guztietan gutxiengoak kontuan hartzen ditugun, nazio auzian kontrakoa gertatzen dela dirudi, eta gaixki ikusia dago aldebakartasuna (benetakoa) mahaigaineratzea.

Orain dela gutxi arte sutan jartzen nintzen autodeterminazio eskubidea eta independentzia aldarrikatu ordez erabakitze eskubidearen aldarrikapenaren aurrean. Gaur egun lasaiago nago, irribarre bat ta aurrera, partida ez delako amaitu. Azken finean, auzi nazionalean aliatu bila hastean berriz azaleratzen da nazioen eratzean eta bilakaeran zeresana duen aspaldiko lagun ahaztua: klase gatazka.

https://borrokagaraia.wordpress.com/2018/01/07/capvarnia/

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/fJ7w