Principal |
Nacionales E.Herria :: 06/03/2018

Aurten ere bueltan da Herri Unibertsitatea

Herri Unibertsitatea
Gaur egungo hezkuntza sistemarekin amaitu eta guretzat baliagarri izango den hezkuntza eredu berri bat sortzea da gure nahia eta beharra.

Aurten ere bueltan da Herri Unibertsitatea, heziguneetatik hezkuntza propioa eraikitzeko urratsak ematen jarraitu nahi baitugu. Hego Euskal Herriko Campus ezberdinetan egiten ari diren Herri Unibertsitateez gain, Herri Unibertsitatea Nazionala ere burutuko dugu.
Euskal Herriko ikasleak eta langile klaseko beste zenbait sektoretako kideak elkartuko gara bertan, hezkuntza kapitalista honekin amaitzea eta gure ezagutza propioa garatzea helburu izanik. Horretarako zapalduoi beharrezkoa zaigu elkartzea, eztabaidatzea, ikastea, harremantzea, borrokatzea. Finean, horretarako baliatuko ditugu Herri Uniak eta bereziki Herri Uni nazionala. Klase batasun eta elkartasun bidez soilik lortuko baitugu desjabetuona izango den unibertsitatea eta harreman sozial berrien eraikuntza.


Gaur egungo hezkuntza sistemarekin amaitu eta guretzat baliagarri izango den hezkuntza eredu berri bat sortzea da gure nahia eta beharra. Gaur gaurkoz, hezkuntzak klase etsaiaren, hots, burgesiaren interesei erantzuten die. Besteak beste, ikasleak gerora lan-indar kualifikatu eta langile sumiso izatera bideratzen gaituztelako, ikerketak kapitalaren akumuluazioan sakontzea duelako helburu, gure miseriaren kontura beti ere.


Herri Unibertsitatean sinisten eta lanean ari garenok ordea, argi dugu langile klasearen interesak defendatuko dituen hezkuntza eredu berri bat eraiki nahi dugula, eta horretarako gaurko unibertsitate eredua suntsitu behar dugula. Hezkuntza eredu honek, inolaz ere ez baitu desjabetuon alde egingo. Beraz, garrantzitsua ikusten dugu Euskal Herriko unibertsitate guztien izaera politikoa azaleratzea. Herri Uniak horretarako ere baliatu nahi ditugu, eraikuntzak berarekin ekarri behar duelako egungoaren ukapena.


Hala ere badakigu gure borrokak eta aldarriak ezin direla urteko hiru egunetara bakarrik mugatu. Horren aurrean ikasleok urte osoan zehar lanean aritu gara, fakultatez fakultate, proiektuak sortuz eta gure proiektu politikoan sakontzeko tresna ezberdinak pentsatu eta garatuz. Horren adibide ditugu, Euskal Herriko hainbat fakultetan martxan diren talde kritikoak. Talde kritiko hauen bidez, batetik jakintza espezifiko bakoitzeko edukiak eremu akademikoetatik atera eta kolektibizatzen ditugu, eta bestetik, jakintza horiek kapitalaren interesetatik askatu eta langile klasearen interesen baitan aplikatzen ditugu. Zenbait fakultatetan ikasleok ditugun behar inmediatoak asetzeko helburuarekin okupatu ditugun espazioak ere martxan daude, honela jabetza kolektiboari ateak irekiz. Campus ezberdinetako talde feministak batzen dituen koodinadora bat ere badago, bizi dugun genero zapalkuntza salatu eta hauei aurre egiteko mekanismoak antolatzen ari dena. Edo eta, ikasleok UPVko garbitzaileen esplotazioaren aurrean kaleak hartu izana. Adibide hauek guztiek eta gehiagok, zapalduen unibertsitatea eraikitzea ardatz hartuta, ikasleok urte osoan lanean eta borrokan jarraitzen dugula erakusten dute.


Hau horrela, Herri Unibertsitateko datak oso garrantzitsuak ditugu, txoko ezberdinetako kideok elkartu eta urte guztian zehar borrokatzen eta lantzen aritu garen edukian sakontzeko unea izango da. Euskal Herrian mahai gainean dauden eztabaidak plazaratu nahi ditugu Herri Unian, errealitatea hobeto aztertzeko beharrezkoa zaigun ezagutzan sakondu, bizi eredu berri bat eraikitzeko beharrezko diren tresnak eskaini, baita harreman eredu berriak martxan jarri ere. Helburu hauek, hitzaldi, tailer eta eztabaida ezberdinen bidez garatuko ditugu.
Herri Unibertsitate Nazionala, martxoak 14 eta 15ean izango da Ibaetan. Bi egunetan 5 bloke ezberdin egongo dira, eztabaida, hitzaldi eta tailerrez osaturik. Guztira, 30 hitzaldi eta tailer baino gehiago izango ditugu eta gauean, aisialdirako eta deskantsatzeko aukera izango dugu bertan.


Amaitzeko, Herri Unibertsitate lokal zein nazionalean parte hartzeko deia egin nahi diogu euskal langile klase osoari. Herri Unibertsitatea eraikitzeko beharrezkoa baita guztion inplikazioa eta konpromezua.

GORA IKASLEON BORROKA!

HERRI UNIBERTSITATEA ERAIKI!

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/fK2I