Principal |
Euskal Herria :: 15/04/2018

Laudion espazio huts bat berreskuratu da

Laudioko Gazte Mugimenduko Kideak

Laudioko Lamuza Parkea herriko gune historikoenetarikoa da, era berean espaziorik alboratuenetarikoa ere. Laudioko Lamuza Parkea aspalditik kudeaketa zein erabilera arazoak izan ditu eta utzikeria hori agerikoa izan da. Horren adibide dira azken urteetan parkeko azpiegiturak izan dituen kalteak, egoerari irtenbidea topatzeko premia agerian utziz.
Hainbat kolektiboen lan handiari esker (SOS Laudioko Lamuza Parkea batez ere) parkea berriz ere eztabaidagai bihurtu da, eragileen plangintzetan pisu handia izanik. Parkeari bizia emateko eta berreskurapen hori laguntzeko hainbat izan dira antolatutako ekimen zein dinamikak, eta horietan sakontzea da okupazio honen helburua.
Aspalditik, okupazio hau aurrera eraman dugun kolektibo zein norbanakook ikasgela baten beharraz konturatu ginen eta hori aurrera eramateko baldintzak aztertu ostean parkea leku apropos bezala identifikatu genuen. Gutxi dira ikasteko aukerak eskaintzen dituzten espazioak, are gutxiago ikasketa modu kritikoan sustatzen dutenak, beraz horri bideratuta egongo da espazio berri hau. Hau guztia parkean antolatzea beharrezkoa ikusten dugu, parkeari behar duen bizitasuna emateko eta eskaintzen duen azpiegitura horretarako egokia delako. Argi utziz ikasgela ez dela proiektu isolatu bat, dinamika egun parkearen baitan dauden eztabaidetan ekarpena egiteko asmoarekin egina baitago. Esan beharra dago, hasieratik udalarekin harremanetan jarri ginela eta denbora tarte honetan ez dugu erantzun formalik jaso.
Hainbat dira herrian dauden espazio hutsak eta horien berreskurapena guri dagokigu, langile klaseko kideoi. Kapitalak irabaziak handitzen ez duten espazio zein ekoizpen bitartekoak alboratzen ditu horien erabilera etenez. Aldiz, guk bestelako harreman sozial eta produktiboak aldarrikatzen ditugunok, beste asmo eta behar batzuk ditugula aldarrikatu eta espazio hauek martxan jartzeko beharra dugula agerian utzi behar dugu. Kasu honetan jakintza kritiko eta kolektiboa bultzatuz, talde lana zein eztabaidak sustatuz.
Laudioko gazte mugimenduko kideok gogoak ditugu alternatibak planteatzeko, bestelako harreman sozial eta produktiboak garatzen hasteko, autogestioa oinarri izanik. Espazio publiko zein pribatua zalantzan jartzea beharrezkoa da, jabetza komunala aldarrikatzeko langileriaren interesei erantzungo diona. Era berean, zapalkuntza oro gainditzeko beharra presente izan behar dugu, ikasgela honek hauek ikasteko eta gainditzeko bideak aurkitzen lagunduko gaituelako gaude. Beraz, ez galdu aukera eta zatoz espazio honen defentsa egitera eta dinamikan parte hartzera. Gora okupazioa! Gora autogestioa! Gora langile borroka!

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/fK5W