Principal |
Nacionales E.Herria :: 23/04/2018

Gazteria, lana eta prekarietatea

LAB eta Ernai
Txosten honen helburua Euskal Herriko gazteon prekarietate egoera aztertzea da, lanmerkatuaren egoeraren eta honek gazteongan dituen eraginetan zentratuz batez ere.

Txosten honen helburua Euskal Herriko gazteon prekarietate egoera aztertzea da, lanmerkatuaren egoeraren eta honek gazteongan dituen eraginetan zentratuz batez ere. Gazteok gure egunerokoan bizi dugun egoeraz hitz egin nahi dugu txostenean, egoera honen izaera eta ondorio kolektibo eta egiturazkoak aztertuz. Orokorrean modu indibidualizatuan aurre egiten diogun egoera baten dimentsio kolektiboa azaleratu nahi dugu.

Horretarako, lehenik eta behin, lan-baldintzen (eta ondorioz bizi-baldintzen) prekarizazioa ematen den testuinguruaren azterketa txiki bat egin dugu, ulertzeko gazteon lan-baldintzen prekarizazioa ez dela ahuntzaren gau erdiko eztula. Aitzitik, lan- baldintzen muturreko  prekarizazioa sistema kapitalistaren berregokitzapenaren zutabe garrantzitsuenetako bat da, aberastasuna gutxi batzuen eskutan metatzen jarraitzeko langile klase osoaren lan- eta bizi-baldintzak okertzea ezinbestekoa duelako.

Bigarren atal batean, Euskal Herriko gazteon prekarietatearen argazkia osatu dugu bereziki lanbaldintzetan arreta jarriz, bizi dugun egoera zehatzago ezaugarritzeko asmoz. Jakin badakigu datu eta estatistika ofizialak errealitatea ezkutatzeko edo desitxuratzeko sistemaren tresna direla, hala ere eta honen jakitun, hemen bildu ditugun datuen bidez argazki osoago bat izatea dugu helburu, egunerokoan nozitzen dugun egoera pixka bat zehatzago ezagutzeko.

Hala ere, eta lurraldetasunari dagokionez hainbat aipamen egin nahi ditugu. Ez dira asko Euskal Herriko zazpi lurraldeak kontuan hartuta gazteon egoera ekonomikoari buruz egiten azterketak, gure herriaren errealitate instituzional zatitua dela eta, eta honek Euskal Herri osoko ikuspegia duen lan bat egitea zailtzen du. Era berean, Ipar Euskal Herriari dagokionez, egitura insituzionaladministratibo propiorik ez izateak datuak eskuratzeko muga nabariak dakartza. Hori horrela, eta txostenak lanerako eta praktikarako tresna bat izan nahi duen heinean, Hego Euskal Herriko errealitatea aztertu dugu nagusiki. Hala ere, aurrera begira Euskal Herri osoa aintzat duen ikuspegia eskuratzeko bidean lan egiten jarraitzeari ezinbesteko deritzogu.

Azkenik, gazteon prekarietatearen aurka borrokatzearen beharraz eta garrantziaz arituko gara bereziki lanaren eremuan. Jakin badakigu gazteok pairatzen dugun esplotazioa eta prekarietatea gainditzeko kapitalismoa suntsitu behar dela, eta horretarako hainbat esparrutik ekitea dagokigula. Lan honek lanari, eta bereziki soldatapeko lanari, erreparatzen dio gazteon bizitzetan duen zentralitateagatik, eta sozialismoaren eraikuntzan berebiziko garrantzia duelako langile kontraboterea gazte mailan eta gazte mailatik artikulatzea. Bere txikitasunean, txosten honek argazki bat egitetik harago lanerako eta borrokarako tresna bat izan nahi du. Espero dugu lan xume hau euskal gazteriarentzat tresna baliogarria izatea, antolatu, saretu eta borrokatzeko, eguneroko borrokaz baino ez dugulako lortuko egoera hau iraultzea.

Leer texto completo [PDF]

Gazteon oraina borrokan da!
2017ko apirilean, LAB eta Ernai

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/fK64