Principal |
Nacionales E.Herria :: 22/04/2019

Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntza aldarrikatu du GKS-k Aberri Eguneko komunikatuan

Gazte Koordinadora Sozialista
GKS nazio auziaren klase izaera azpimarratu eta auzi horren konponbiderako gauzatu beharreko lan estrategikoak adierazten dituen komunikatua plazaratu du 2019ko Aberri Egunean

Nazio auzia klase borrokaren baitan soilik ebatzi daitekeela eta beraz, nazio askapenaren gakoa nazio eraikuntzaren nolakotasunean dagoela azpimarratzen du GKS-k: euskal langileriaren defentsa, prozesu sozialista elikatuko duten mota desberdineko instituzio nazionalen sorrera eta beraien arteko artikulazio nazionala Euskal Estatu Sozialistaren norabidean soilik gauzatuko dela seinalatu du. Gazte problematika gainditzeko borrokek ere prozesu hori elikatu behar dutela aldarrikatzen du eta sozialismoaren potentzia pizten jarraitzeko deia luzatu dute.

Gazte Koordinadora Sozialistak nazio auziaren klase izaera azpimarratu eta auzi horren konponbiderako gauzatu beharreko lan estrategikoak adierazten dituen komunikatua plazaratu du 2019ko Aberri Egunean. Bertan, nazio auzia klase ikuspuntu batetik ulertzea ahalbideratzen duten argipen kontzeptualak plazaratzen ditu. Honela, auzi honen konplexutasuna sentimenduen eremuaz gain, lurralde batean egikaritzen den komunitateak bizitzeko duen moduarekin lotzen du. Hori dela medio, aldarrikapenetik haratago nazio mailako instituzio proletarioen eraikuntzara jauzia ezinbestekoa dela deritzo GKSk. Nazioaren auzia, beraz, lurraldearen gaineko kontrol politikoaren auzitik ezin dela bereizi argitzen du idatziak. Zehazki, egun Euskal Herria burgesiaren forma politikoaren menpe dagoela zehazten dute. Horregatik Europar, Espainiar eta Frantziar instituzioen arteko indar korrelazioa gainditzera begira jartzea aurkezten dute problematika hau ebazteko hasiera puntu egoki bezala.

Modu honetan, bidegurutze honetan kokatzen du nazio auzia: edo errealitate sozial kapitalistaren erreprodukzioan bermatuko duen nazio eraikuntza edo Euskal langile nazioaren eraikuntza. Koordinadorarentzat, azken honen aldeko borrokak Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntzaren norabidean maila nazionaleko instituzio proletarioen sorrera eta artikulazioa eskatzen du eta, beraz, gazte problematika ere bide berean kokatzen dute ezinbestean. Honetarako sozialismoaren potentzia sustatzea eguneroko borroka dela azpimarratuz amaitzen dute komunikatua.

Ikasle Abertzaleaken aldarria, Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntza

Bere aldetik, Ikasle Abertzaleak antolakundeak ere irakurketa plazaratu du Aberri Egunerako. Gazte Koordinadora Sozialistaren moduan, “Euskal langileriak bizi duen zapalkuntza nazionala gainditzeko aterabide bakarra, prozesu sozialistaren baitako nazio eraikuntza” dela ulertzen du. Honela, “langileriaren Euskal Herria gaurdanik egituratzea, maila nazionaleko insituzio sozialista eta euskaltzaleen bitartez” litzateke erronka. Ikasle antolakundearentzat, prozesu sozialistari egin diezaioketen ekarpen nagusia Euskal Eskola nazionalaren eraikuntza da. “Hau da, Euskal Herrian egituratutako eskola eta hezkuntza instituzio proletarioa”. Euren borrokaren funtsa hori dela azpimarratzen dute “antolakunde nazional gisa” eta sozialismoaren aldeko borrokan berresten direla aldarrikatu dute.

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/fN5H