Principal |
Euskal Herria :: 31/08/2019

Mikel Arregiren oroitarria erasotu dute Etxarri Aranatzen

Ahotsa

Guardia Zibilak kontrol batean tirokatutako zinegotzi lakuntzarraren aldeko oroitarria berriz erasotu dute. Mikel Arregirekin gertatutako jasotzen zuen plaka honek, eta aste honetan ohartu dira desagertu egin dela. 

Lakuntzan 1979ko azaroaren 11n Guardia Zibilak Lakuntzako udalean Herri Batasunako zinegotzia zen Mikel Arregi lakuntzarra hil zuen Etxarri Aranatzen, 33 urte zituela. Arregi eta haren lagun batzuk Ziorditik etortzen ziren, Lakuntzako Pertza eguneko tripotak ordaintzetik. Etxarritik pasatzerakoan, Guardia Zibilak autoa tirokatu zuen eta zinegotzi gaztea hil egin zuen. Guardia Zibilaren esanetan, lakuntzarrek Etxarrin zegoen kontrola saltatu zuten, baina lekukoek diotenez han ez zen kontrolik eta Guardia Zibilak zuzenean tirokatu zuen autoa.

Guardia Zibilak tirokatu zutela jakin bezain pronto, erantzuna berehalakoa izan zen: batzarrak eta manifestaldiak egin ziren herri guztietan eta greba orokorra deitu zen Euskal Herri osoan. Lakuntza jota geratu zen eta Arregiren aldeko hileta elizkizuna plazan egin behar izan zen, Lakuntzara hurbildu zen jende uholdea hartzeko. Jakina, makina bat deialdi bortizki erreprimitu zituen Guardia Zibilak.

Mikelen hilketa Nafarroako Parlamentuan tratatu zen eta baita Estatuko Senatuan ere. Handik egun gutxitara ikerketa batzorde bat antolatu zen. Lekukoek bertan adierazi zuten tirokatutako tokian ez zegoela inongo kontrolik. 1981ean tiroketan parte hartu zuten Guardia Zibilen kontrako epaiketa izan zen eta "zuhurtziagabekeria soila" delitua egitetik kondenatu zituzten, 3 hilabeteko kartzela eta ordain sari sinboliko bat familiarendako. 

Etxarri Aranatzen lakuntzarraren oroigarria dago eta haren ondoan, lurrean, plaka batek gogorarazten zuen Mikel Arregi. 2009ko urteurrenean senideak Etxarrira lore eskaintza egitera joan zirenean ohartu ziren norbaitek plaka kendu zuela. Ondoren jarri egin zuten berriz. Jose Ramon Anda artista bakaikoarrak egindako oroigarriak hainbat eraso jasan ditu 1980an jarri zutenetik. Erroetatik atera izan dute behin baino gehiagotan eta lehergaiak jarri dizkiote bitan, trilita eta Goma 2 erabiliz. Zaharberritu eta gero, 2004tik oroigarria egungo kokapenean dago, Etxarri Aranazko Mikel Arregi plazan.

 

Enlace al artículo: https://www.lahaine.org/fO6x