lahaine.org
Nacionales E.Herria :: 14/08/2018

Askapenako Brigadak 2018

Askapena
Brigaden kronikak Mexiko, Bolibia, Argentina, Urugay eta Palestinatik

Argentina-Uruguayko brigadaren lehen kronika: garaituen garaipena

Zeru lainotsu baten pean,  Askapenako brigada Montevideotik Buenos Aireseko  portu zaharrean lehorreratzera goaz, abuztuak 8 da, goizeko 11:00ak. Ferritik jaitsi bezain laster topatu dugu zain gure kontraparte izango den Carina izeneko emakumea. Convocatoria Segunda Independencia eragile politikoko Mahai Nazionaleko kide da Carina, berak eta bere kideek Argentinaren askapen nazional (indar inperialisten erasoen eta esku-hartzeen amaiera eta bertan dauden identitate nazional ezberdinen aitorpena, Argentina plurinazional baten eraikuntza) eta soziala dute lan ildo eta ardatz. Elkar agurtu ostean, autora sartzera gonbidatu gaitu. Carina, Convocatoriako kide izatean gain ATE sindikatuko partaide ere bada. ATE (Asociación de Trabajadores del Estado) 1925. urtetik Argentina osoko langile publikoen eskubideen alde jarduten duen sindikatua da. Europa hegoaldetik etorritako etorkinek sortua, haiekin ekarritako korronte sozialista eta anarkisten baitan eraiki ziren bere zutabe ideologikoak. Gaur egun herrialdeko garrantzitsuenetako bat izateaz gain bere egoitzetako bat izango da brigadaren lehen geltokia.



Autoan sartu eta helmugara bitarte, azkenaldian bolo-bolo dabilen eztabaidaren inguruan galdetu diogu. Izan ere, Diputatuen Ganbaran aprobatua izan ondoren, gaur bertan Senatuan bozkatzen baita abortua despenalizatu eta legeztatu dezakeen lege proiektua. "Campaña Nacional por el aborto legal libre y gratuito" eragileak zazpigarren aldiz aurkeztu duen honetan, sekulakoa izaten ari da gizartean ematen ari den eztabaida. Ezin dugu ahaztu, Argentinan urtero 450 000 aborto inguru gauzatzen direla, hau da, jaiotzen diren bi umeko bat abortatu egiten dela. Honela, klandestinitatearen eta baliabide faltaren ondorioz, praktika hau bihurtu delarik haurdun dauden emakumeen heriotz kausa nagusi. 2016an haurdun zueden 245 emakume hil ziren Argentinan eta hauetatik 47 abortuaren ondorioz gertatu ziren. Gainera, ebidentzia internazionalak garbi utzi du abortuaren inguruko lege malguagoak dauden herrialdeetan, heriotz (edo erahilketa) mota hauek gutxitu egin direla. Hots, hor dugu hurrenez hurren Uruguayen kasua, non zergati honen ondorioz hildako emakumeen ehunekoa %37tik %8ra jausi zen.

El proyecto de Irrupción Voluntaria del Embarazo (IVE) deritzoteraren bidez,  ospitale publiko zein pribatuetan haurdunaldia eteteko aukera legeztatu nahi da, hurrengo kasuetan: haurdunaldiaren lehen 14 asteen barruan aurkitzen bada edota denbora epeez haraindi, bortxaketa kasuetan, emakumearen bizi edo osasun fisiko, emozional edo soziala  arriskuan bada eta azkenik umekiak malformazioa larriak baditu.  Aipatu beharrik ez dago beraz, gaurko honetan Senatu argentinarrean bozkatuko den legearen garrantzia. Baina badirudi, ez dela aurrera aterako. Hau jakin arren, Carinak dio milaka eta milaka emakumek lotan igaro dutela bart gaua Buenos Aireseko erdigunean eta gaur egun osoan zehar bihar goizean goiz arte (bozketa eta eztabaidak gau osoa iraungo du) han segiko dutela.  Argentinan azken urte luzeetan gauzatu den protestarik zabal eta jendetsuena bizitzeko aukera izango dugula esan digu.

Brigadaren lehen geltokia  ATE sindikatuko egoitzetako bat izan da. Bertan, brigadistoi harrera egiteaz gain, sindikatuko zeinbait emakume militanteekin batu eta prozesu guztiaren inguruan duten ikuspuntua azalduko digute, jarraian mobilizazioetara urreratzeko. Lehen kontakua beroa izan da, kide ezberdinak ezagutu, agurtzerako orduan bi mosu ordez bakarra ematen dela ikasi, eta oroimenerako argazki bat ateraaz. 

Jarraian Nadia eta sindikatuko beste zeinbat emakumeekin elkartu gara. Nadiak dio olatu hau, aurretik zetorren mugimendu feministaren bultzadarekin, geldiezina dela, eta are gutxiago geldituko duela besteak beste atzerakoi, faszistoidez eta koldarrez  osaturiko bilkura anakroniko batek. Gainera, eztabaida orokorretan aipatzen ez den idea interesgarri bat azaldu digu: klase identidadeak gatazka honetan duen garrantzia. Bere hitzetan, zaila izango da abortua legeztatuz soilik arazoa konpontzea. Argentinan egoera sozio ekonomikoa zinez larria den honetan, klase xumeetako kide direnek nekez gauzatu ahalko dute gaur lor dezaketen eskubidea ez badute aukerarik, baliabide falta medio, ospitalera garaiz heltzeko (edota, behin bertaratuta, ospitaleak hura gauzatzeko ezinbestean eduki beharko lituzkeen baliabideak ez baditu). Horregatik, sindikatuko kideek abortu eskubidea genero ikuspegi batetik borrokatzeaz gain, ezinbestekotzat jotzen dute borroka klase ikuspuntu batetik ere jorratzea. "Giza eskubideak aurrera eramateko, sozialak ere konkistatu egin behar ditugu" dio Nadiak. Idea hori eztabaidara gehitzeko borrokan ari dira gure gaurko anfitrioiak. Eta ez hori bakarrik, oroitu behar dugu, egun hauetan abortoaren eztabaida komunikabide zein kale eta etxe guztietako eztabaiden epizentro den bitartean, Macriren gobernuak, subiratonasun nazionala kolokan jartzen duten zeinbait erabaki gauzatzen ari dela: kapitalen handien ihesa, armada estatubatuarraren esku hartzea  Patagonian eta Muga Hirukoitza deritzotenean, Ejerzito Nazionalaren okupazio zitala multinazionalen mesedetan, lanpostuen galera, lan eskubideen urraketa… Distrakzioaren estrategia.

Elkarrizketa interesgarri honen ondoren, kideen eskutik mobilizazioetara abiatu gara. Metroan sartu orduko ohartu gara Argentinan gertatzen ari dena ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. Bagoian ia ezin da arnasik hartu, inguruan hamarnaka emakume  gazte, arropak, betileak, mosuak kolore orlegiz margoturik dituztelarik, eskuetan "saquen sus rosarios de nuestros ovarios" bezalako kontsignak dituzten kartelak daramatzate. Ordea, metrotik irten bezain laster konturatu ginen gertaeraren betenako dimensioaz. Metroko pasabideetan ehundaka zirenak orain milaka dira, ehunmilaka. Kaleetan zehar mugitzeko zailtasunak ditugu. Honek ez du Euskal Herritian ikustera ohituta gauden ’mani” tipiko batekin antzekotasunik, hau beste zerbait da. Parlamentuaren inguruko kale guztiak jendez lepo daude, hara eta hona, kantuan, dantzan, janari zein barietate postuetara urreraturik, batukadak, emakumeak bozgoragailuak ahoan jendartea girotzen...   Errebeindikazio printzez zipriztindutako ospakizun itzel honen lekukooi gehien harritzen gaituen zantzua horixe da: jendeak trasmititzen duen poza, irribarreen erreferialtasuna. Orain arte esan ez dugun arren, metroko ahotik irten garenetik ez dio euria egiteari utzi. Eta manifestariek, gaurko bozketa ziurrenik galdu egingo dutela badakiten arren,  bigarren neguko gau hotz eta euritsua protestan igaroko dute. 

Bitartean gure buruetan ideia bat forma hartzen ari da: “hauek ez dute galdu, hauek garaipen bat ospatzen ari dira”. Kontzientziaren garaipena, geldiezina. Lehen aldiz, milaka emakume gazte euren gorputzen subiranotasuna exijitzera irten dira Argentinako kaleetara. Gaur zein hilabete hauetan bizitakoa ziuraski ez dute sekula ahaztuko, eta ez dute gogoratuko garaituak izan zirenik, baizik eta borroka oraindik ez dela amaitu. Guk, momentu historiko baten lekuko izatearen pribilejioaz jakitun, unea inmortalizatzeari ekin diogu. 

Gu, jardunaldi historiko honen benetako protagonistak agurtu eta deskantsu bila abiatu gara,  brigadaren lehen egun honetan,  jada nolabaiteko asebetetze sentsazio batekin.

________________

Bolibiako brigadaren kronika: denboraren ikuspegiak

Lehenengo eszena: autobusa arratsaldeko 16:00etan ateratzekoa da. Lau euskaldunak 15:30tan gerturatu dira. Autobusa 16:05 heldu da hitzordura. Bolibiako hiru kide 16:15etan. Beste kide batzuk falta dira, eta haien zain eman dituzte 20, 40, 60, 80 minutu. Euskaldunak urduritzen hasi dira, baina bertakoak ez. Autobusa ordu eta erdi berandu irten da. Euskaldunek behin eta berriro galdetu dute garaiz helduko ote diren, zenbat falta den helburu den hirira iristeko, kexaka aritu dira. Bertakoek ez dute arazorik ikusten, lasai asko solastu dira haien artean. Azkenean, autobusa behar den momentuan iritsi da, aurreikusita zegoena baino beranduago izan arren.


Bigarren eszena: Llama bat mendian dabil. Bat-batean, lurrean etzan egin da. Artzaina gerturatu zaio eta artilea mozteari ekin dio. Bertakoei galdetuta, euskaldunak harritu egin dira: “Nola da posible hain fama txarra duen llamak pertsona ez erasotzea? Nolatan utzi dio ilea mozten?”. Llamak, behar baino ile gehiago duenean, ezin du bere pisua jasan eta artilea kentzea behar du. Zergatik erasotuko ote du mesede egingo dion pertsona horri?


Bi irakaspen. Lehenengoa, erritmoak ez duela merkatu kapitalistak markatzen (momentuz), behar naturalak baizik; bigarrena, animaliek eraso egiten dutela bere bizitza edo bizimodua arriskuan ikusten dutenean. Bertakoek ederki ongi dakite naturatik eta naturarekin batera pentsatu behar dela bizitza, ez natura etsai bailitz.

Hirugarren eszena: arratsaldeko laurak dira eta euskaldunek ez dute bazkaldu. Familia batek kudeatzen duen (jat)etxe batera sartu dira. Aspaldi bazkaldu dute bertako gehienek, jakitun dira beharbada jateko aukerarik ez dutela izango. Etxeko andereak, Caserak, baietz dio. Pasta bukatzen ari zaiola, baina arrozarekin edo moldatuko direla. Ez dago sukalde ordutegirik, janaria bukatzerakoan amaitzen da bazkariak emateko ordua. Otordu ederra hartu ondoren, gailetatxo batzuk eman eta taxia dei diezaieketela esan diete. Edo nahi duten lekura lagundu. Familiak ez du presarik, prest dago behar denean laguntzeko.

Distantzia hartu gabe zail da adierazten zein punturaino garen euskaldunak (eta okzidentalak, orokorrean) erlojuaren menpeko. Berandu gabiltza beti eta, beraz, ez gara inora iristeko gai. Boliviarrak ez dira inoiz berandu iristen, momentuak garrantzia duelako. Merkatuan dauden caserak, saltzen ez duten bitartean, unea probesten dabiltza: josten, zeozer jaten, ondoko postukoari zerbait behar duen galdetzen, arto aleak bereizten,... momentuan bizi bazara ez zara berandu iristen, ez baituzu geroaren kezkarik. 

Euskaldunak, berriz, Bolivian gaude hurrengo egunetan egingo ditugunen zain. Egiten ez baditugu, egiten ez dugulako kezkatuta. Kausa-efektua, emaitzaren gorestea, bidearen bukaeran klimaxen bat lortuko dugula pentsatzea: gizarte kapitalistaren bizimodua gurutziltzaturik dugu barrenean, egunero kritikatzen dugun arren. Eta beste kultura batekin harremanetan jartzeak ispiluaren aurrean jartzera behartzen gaitu. Ispiluak produkzioaren mamua geu garela esan digu honako honetan. Ez gure gizartearen bizimodua erreproduzitzen dugulako, bertako bizimoduari egokitzeko gai ez garelako baizik.

________________

Palestinako brigada feminstaren kronika berria: Errepresioa, tortura eta kartzela

Bizirik behar gaitu, libre izateko


Etxera itzultzeko astebete falta zaigu, hamarnaka testigantza, hamarnaka lagun. Herri baten erresistentzia berau osatzen duten pertsonen bizipenetan datza eta Palestinaren kasuan errepresioaren aurka egunerokotasunean borrokatzen eta jarduten dutenen kideengan gorpuzten da.

“Hizkuntza da gure territorio libre bakarra” urte luzez oihu egin dugu baina herri honetan beraien egiaren ahotsa da territorio libre bakarra.

Territorioa bera okupatzeko eta kontrolatzeko mekanismoak baditu Israelek. Jakina den bezala, israeldar armadak kontrolatutako hainbat eta hainbat “check-point” daude Zisjordania eta Gaza osoan, bertatik kontrolatu eta oztopatu ditzakete palestinar herritarren mugimendu guztiak. Honetaz gain lurralde osoa gune desberdinetan dago banatuta. A gunea Palestinar Autoritatearen esku dago, B gunea administratiboki PA-ren esku baina eskumen militarra israelek dauka eta C gunea Israelen esku gelditzen da guztiz. Guzti hau, teoria hutsa da, noski. Errealitatea oso bestelakoa da, Israeldar estatuak eraikitako errealitate bat baita. Okupazioa hedatzeko estrategia legez, israeldar kolonoen asentamentuak Zisjordaniako eremu osoan zehar daude, 250 asentamentutik gora, eta etengabeko hedatze prozsuan.

Asentamentu hauek palestinar herri eta auzoen alboetan kokatzen dira, israeldar militarren babesarekin. Kolonoen eta militarren erasoak momentu oro bizi dituzte. Lurrak lapurtzen dizkiete, beraienak direla esanez. Olibondoak indarrez hartu eta horietaz apropiatzen dira, palestinarren identitatea ostu nahian. Beraz, gatazka hau zuzenean bizi dutenak landa eremuko palestinarrak dira. Adibidez Sawia herriko emakume batekin elkartu ginen. Berak azaldu zigun nola bere familiak ehundaka urtez uztiatutako olibondo eremua kolonoak hartu dutela, lapurtu diotela. Baina indartsu azaltzen zigun urtero bertara bueltatzen dela uzta biltzeko garaian bere familiaren ondarea eta palestinar herriaren lurra den hori aldarrikatzera.


Nabi Saleh herrira joateko aukera izan genuen, bertan azaldu ziguten beraien egunerokotasuna militarren aurkako erresistentzia dela. Militarrak bertan kolonoen asentamentua inguratzen daude, eta gune horretara hurbiltzen den oro, tiro batez akatzen dute. Azken 7 urtetan 4 eraildako izan dira, 500 zauritu baino gehiago eta 270 pertsona atxilotu dituzte. Errepresio gogor honek eragin du herri bezala antolatzea eta herri boterea eraikitzea. Horretan, Nabi Salehko emakumeen parte hartzea eta intzidentzia ezinbestekoa da, bai erresistentziaren lehen lerroan zein belaunaldi berrien kontzientzia hartzean. Azken honek garrantzia berezia du zeren Israeldar militarrek estategikoki atxilotzen dituzte umeak eta hilabete osoko galdeketa baten pean eduki beraien zaurgarritasuna dela eta. Umeenganako inbestigazioa edo interrogatorioa gogorra izaten da; oihuak, mehatsuak, irainak, kolpeak, tortura psikologikoak... traumak sorrarazi nahi dizkiete haurrei etorkizunera begira ahultzeko. Horren baitan, haur hauei formakuntza berezia ematen diete, errepresioaren aurkako formakuntza, galdeketei nola aurre egin eta tortura psikologikoa nola jasan irakasten diete. Prestaketa honetaz, emakumeak arduratzen dira. Adibidez, Nabluseko emakumeen etxeko kideak umeentzako eskolak antolatzen dituzte eta bertan galdeketei aurre egiteko nola prestatzen dituzten ikusteko aukera izan genuen.


Adierazgarria da, bildutako emakume, gizon, neska gazte zein nagusi, kartzelan egon direla. Guztiak. Beraien bizipenak eta esperientziak bakarrak badira ere, guztiek jasan dute atxiloketa gogorra eta ostean hilabete luze bat iraun dezakeen interrogatorioa. Bertan, tortura hitza da nagusi. Ramallahko neska gazte batek kontatu zigun, Israeldarrek ikasi zutela tortura fisikoarekin ez zutela deus lortzen, horregatik, tortura espezifiko bat garatu dute beraientzat, beraien identitatean datzana. Israeldar estatuak aski ondo ulertu zuen palestinar herria ez zuela indarkeriaz ahulduko, horretan gogor ahalegindu badira ere. Horregatik beraien gorputzetan sartzeko beraien buruetatik, sentipenetatik eta emozioetatik bortxaz igarotzen ahalegintzen dira.

Tortura orain psikologikoa ere bada. 22 orduko galdeketak dira, mugitu ezinik eta posizio berberean, eserita eta esku zein hanka loturik. Isolatuta daude, 24 orduz argia dagoelarik eta lo egiteko 2 ordu dituztelarik. Ezin komunera joan. Negua bada hotza jartzen diete, uda bada, berogailua. Kolpeak, irainak, mehatxuak. Emakumeei intimidazio fisikoa, ikutuak eta eraso matxistak, bortxatzeko mehatxuak. Humilazioak eta txantajea. Adin txikikoekin mekanismo berdina erabiltzen dute.

Galdeketa gogor hauen ostean gartzelan sartzen dituzte, epaiketaren zain, urteak iraun ditzakeen denbora tartean. 15 kartzela daude, guztiak Israeldar estatuak bereganatutako lurraldeetan. Emakumeentzako kartzela bakarra dago, Israeldar emakume preso sozialekin nahastuta batera gainera. Guztira 5600 preso dadue, baina ezegonkorra da kopuru hau zeren egunean hainbat atxilotu daude eta atxilotu eta gutxira askatzen dituzte batzuk. Horietatik 300 adin txikikoak dira eta 60 emakumeak. Hilabetean bisita bakarra daukate, 40 minutukoa eta bisitan bakarrik gertuko senideak joan ahal dira (guraso, seme-alaba edo neba-arreba). Gainera, Israeldar Estatuaren menpe daudenez, baimena behar dute eta hau lortzea ez da bat ere erraza. Horrela, preso asko, bisita gabe geratzen dira.

Esperxean baldintzak gogorrak dira. Medikurik ez daukate eta gaixotasunak ez dizkiete tratatzen, kasu oso larrienetan bakarrik eta askotan hiltzorian daudenean ateratzen dituzte. Atxiloketak diru iturri bezala erabiltzen du Israeldar Estatuak, asentamentuetan eta militarizazioan inbertitzeko.

Presoak baina antolaturik daude. Espetxe barnean borrokak aurrera eramateko (gose grebak, mobilizazioak, aldarrikapenak....) baina baita kartzelak hezkuntza eta kontzientzia gune eratzeko. FPLP-ko emakume batek esan zigun legez “kartzelak kulturaren eta hezkuntzaren gaztelu bilakatu ditugu”.




Baina Palestinan errepresioa ez da estatu okupatzailearen aldetik bakarrik. Herri mugimenduko militanteek jakinarazi diguten moduan, boterean mantentzeak Palestinar Autoritatea autoritate jazartzaile bilakatu du. Atxiloketak eta identifikazioak ohikoak dira, batez ere P.A.ren aurkako kritikak egiten dituztenen artean. Normalizazioaren aldeko apustua egin dute, herriaren eraikuntzara begiratu beharrean. Erresistitu beharrean bakearen diskurtso antzua sortu dute, eta horren aurka agertzen den guztia markatu. 

Esperientzia honek irakasten digu herria herritarren erresistenziarekin eta herri mugimenduarekin eraikitzen dela eta ez estatu baten izendapenarekin. Lagun batek esan zigun Palestinak bizirik behar gaituela, libre izateko, eta guk ikasi dugu Herriak aske behar gaituela, libre izateko.

________________

Bolibiako brigadaren kronika: Bolibiako Aberri eguna

Abuztuaren 5a da eta arratsaldeko 15:30ak dira, autobusean gaude jada Potosírako joateko Boliviaren burujabetasunaren 193. urteurrena ospatzeko. Columna Sur deritzon eragile politikoko partaide batek gonbidaturik gaude eta eurekin batera joango gara. 

Halako batean, La Paz-etik irten gara Oruro-rako bidean, han Columna Surreko beste kide batzuk hartzeko. Gauak egunari lekua kendu dio eta hotzak bereak eta bi egiten hasi da. Bidai luze eta hotzaren ondoren, iritsi gara Potosí-ra goizaldeko 4:00ak direnean. Autobusetik irtetzean 8º zero azpitik gaudela esan digute, eguzkia noiz agertuko zain irrikitan gaude. 

Denok batera La Casa de la Moneda izeneko eraikinera hurbildu gara eta kalean polizia ugari dakusagu. Goizeko 6:00ak inguru dira eta poliziak ez digu aurrerago joaten utzi. Columna Surreko kide batek aurrera egiteko baimena dutela eta polizia buruak ezetz. Azkenean apur bat atzera egin eta Casa de la Moneda aurrean hartu dugu lekua. Egunak argitzen duen heinean jendea gerturatzen ari da, bai herritarrak eta bai gobernuko agintari eta antolatzaileak ere. Hauen artean, oso azpimarragarria da Casa de la Monedan Boliviako jatorrizko janzkera duten indigenak ere sartzen ari direla. Tarteka musika desfile militarrak igaro dira gauden lekutik hurbil. 

Goizeko 10:00ak dira dagoeneko eta hainbeste itxaron ostean, hara non agertzen zaigun Evo Morales presidentea. Columna Surreko partaide bat oso adi zegoen uneoro eta lehenago entsaiaturiko leloak oihukatzeko keinua egin du: “¿Quién se rinde? ¡Nadie se rinde! ¿Quién se cansa? ¡Nadie se cansa! ¿Qué queremos? ¡Evo de nuevo! ¿Qué queremos? ¡Evo de nuevo!”. Mundu guztia argazkiak egiten ahal duen bezala, une hunkigarria. Handik gutxira Evok hitzaldia eskaini du. Jarraian Columna Surrekoek Evoren eta prozesuaren aldeko desfilean parte hartzeko gonbitea egin digute. Desfilean zehar kale bazterrean Evoren aurkako herritarrak daude “¡Bolivia dijo no!” eta antzerakoak oihukatzen. Izan ere, aurtengo otsailaren 21ean Evo berriro aurkeztu ahal izateko erreferenduma ospatu zen ezezkoa nagusitu zelarik, bozka gutxi batzuen aldeaz izan bazen ere. Noizean behin laranja zatiak edo eskutan duten edozer gauza harrika jaurti digute. Oso desfile luzea izan da, arratsaldeko 16:00ak arte iraun duena. Honen bukaera Casa de la Moneda inguruan izan da herritarrek, agintariek eta poliziak ongi etorria txalo artean eman diguten bitartean. 

________________

Mexikotik brigada feministaren lehen kronika!

Uztailaren 30ean heldu ginen San Cristobal de las Casas hirira, Txiapas, brigadako bost kideok. Laster konturatu ginen “ahorita ahorita” erritmora ohitu behar genuela eta hori zela eta, gauean elkartu ahal izan genuen bostok. Egunsentiarekin batera paperak mahai gainean jarri eta Askapenaren lehen brigada feministari forma ematen hasi genion. Denbora gutxi daramagu Txiapasen, baina jada kontziente gara erronka asko ditugula egiteko eta geure mendebaldeko feminismo ikuspegiak guztiz irauliko duen beste perspektiba bat ezagutuko dugula hemen. Horretarako etorri gara eta gogotsu gaude.


Geure lehenengo sorpresa terminologiarekin daukagu, segituan antzematen dugu geure kontraparteek ez dutela feminismo hitza aise erabiltzen; ordea, borrokan diren emakumeak erabiltzen dute; indigenek zein nekazal-emakumeek feminismo hitza hiriarekin edota mendebaldeko kontuekin lotzen baitute. Hau da, haiekin zerikusi gutxi daukaten aldarrikapenak direla sentitzen dute.

Bertako borrokan emakumeek argi daukate etsaia patriarkatua eta sistema kapitalista eta neoliberala dutela. Kontzientzia handia daukate lurraren jabegoaren garrantziaz, urarena… laburbilduz, haien beharrak zeintzuk diren badakite eta borrokak hori du erdigune, biolentziarekin batera. Mexikon feminizidioa nabarmena da; horregatik, lurrarekin eta lurraldearekin batera biolentzia estruktural, kultural eta zuzenaren aurka irmo kokatzen dira borrokan.

Mercedesen Oliveraren hitzak hunkitu egiten gaitu eta indarberritu ere bai, etengabe geure Euskal Herriko kasuistikarekin konparatzen baitugu. Hasteko, emakume indigenengan kontzientzia lana egiten da, baina hemengo gobernuek neurri karitatedunen bitartez itsutu egiten dituzte eta komunitateetara sartzen direnean lana oztopatzen die. Indigenek, finean, jakin nahi dute zenbat emango dieten. Halere, argi daukate guztia zeharkatzen duen patriarkatua suntsitzea dela jomuga. Baina horrelako helburua lortzearen zailtasuna kontziente dira eta hemen dioten bezala epe luzerako borrokek erritmo berezia daukate eta etengabe esplikatzen digute “pasito a pasito” hurbiltzen direla adierazitako xedera. Diana Itzurekin bildu ginen ondoren, Lacandonako Oihaneko Seigarren Adierazpenera atxikitutako emakume borrokalaria. Egoera politikoaz jardun ginen luze, berak dioen bezala, “guk geuk sinistu behar dugu beste gobernu mota bat posible dela eta badakigu ez gaudela bakarrik iraultza honetan. Nahiz eta lan handia eduki, erresistentzian eta borrokan jardungo gara beti. Asko baikara burujabetzaren alde borrokan ari garenok”.

 

Ondoren, abuztuaren 4an eta 5ean, Morelia karakolean “CIG gobernuaren laguntza sareen topaketak” egingo direla kontatu digu. Bide batez, María de Jesús Patricio, Marichuy ezizenez ezagututako eta CIG-ak aurkeztutako hautesle emakume eta indigenaz hitz egin digu. Izan ere, Marichuy zinegotzi bezala hautatua izana ez da kasualitatea izan; emakumea eta indigena izanagatik izan baita hautatua, hauek benetako ordezkaritza bat izan dezaten. Bizitza eta burujabetza lortzeko borroka bat dela azpimarratu digu Dianak, emakumeon borroka, hain zuzen ere. Lopez Obradorren garaipenaz ere jardun dugu. Nazioartean zegoen pertzepzioan ez bezala, gobernu berri honekin gauzak okerrera joko dutela uste du; haren gobernuaren idazkaritza gehiena ultra eskuindarra da, eta ezkerreko hautagai bat hartu izana, estrategia politiko baten baitan kokatu du. Gobernu honen pean, autonomiaren aldeko antolakundeekpairatuko dutela jazarpenik handiena dio. Autonomiak indartzeko beharraz hitz egin digu, hau da, maila nazionalean duten erronka handiena autonomiak indartzea da. Krisi ekonomiko handia datorrela aurreikusten dute eta honi aurre egiteko era bakarra autonomien bidez da.


Gobernu onaren batzordearekin lortu digun hitzorduaz solastu ginen azkenik. Nola jokatu eta hainbat gomendio eman dizkigu. Besteak beste, aholkuetako bat izan da fijatzea nola jokatzen duten eta ez hainbeste zer esaten diguten; forman eta ez edukian adi egotea, alegia. Indarrak eman dizkigu eta brigadako azken astean elkartuko garela hitzarekin agur esan diogu. 

Laburbilduz, asko daukagu ikasteko edo, hobeto esanda, “desikasteko” horren barneratuak dauzkagun mendebaldeko moldeak eta, bide batez, entzuteko Txiapaseko feminismoko borroka zertan datzan. Hemen, feminismoa burujabetza lortzeko borroka baita. Burujabetza hori bizitzaren, lurraldetasunaren eta lurren sinonimoa delako. Burujabetza nekazarien, indigenen eta emakumeen abiapuntua eta helburua daukagu.

Aste honetan, joango gara Ekonomia Feministen Jardunaldietara eta baita Morelia karakolera ere; bertan, Karakolen sorreren 15. urteurrena dugu eta CompArte festa ere bai.

Edukiko duzue gure berri!

http://www.askapena.eus

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal