Petronorreko langileek greba mugagabea hasi dute


Petronorreko langileen batzarrak gehiengo zabalez erabaki du ostegun honetan greba mugagabea hastea, Muskizko (Bizkaia) findegiaren sarreran dauden aldagela berriak erabiltzeak plantillarentzat dakarren "ezkutuko lanaldiaren luzapenaren" aurka protesta egiteko. Langileek salatu dutenez, zuzendaritzak lan orduetatik kanpo utzi du arropak eta babesak jantzi eta eranzteko behar duten tartea, eta horrela ordu erdi luzatu nahi die eguneroko lanaldia. Orain arte, tarte hori lanaldiaren barruan zegoen, eta langileek aldarrikatu izan dute urte luzeko borrokari esker lorturiko eskubidea dela.
Batzarrak hartutako erabakiaren ondorioz, langileek atzoko 18:00etan ekin zioten greba mugagabeari. Lau hilabete dira Petronorreko zuzendaritzak lanaldia kalkulatzeko modua aldatu zuela, eta irizpide berriak ekoizpenean txandaka diharduten langileei eragiten die. Bostehun inguru dira, lantalde osoaren erdia kasik.