Gipuzkoako erresidentzietako langileek hiru greba egun egingo dituzte


Hiru greba egun egingo dituzte Gipuzkoako erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek aste honetan, gaurtik ostiralera. Jardun osoko lan kontratuak eta soldata arrakalarekin amaitzeko eskatuko dute.
Langileak oso egoera prekarioan aurkitzen dira, izan ere, enpresak lan kontratu partziala inposatu, eta lanaldi osora gerturatzeko ordu osagarriak egiteko aukera eman, jakinda langileak ez duela ezetzik erranen; hilabete hondarrera ailegatzeko behar baitu diru hori. Donostiako Txara II zahar etxeko langile batek honela definitu du egoera: “Duela hogei urte ere egunero lan egin behar zen, erabiltzaileei gosariak, bazkariak eta afariak eman behar zitzaizkien eta ez zegoen lanaldi partzialik. Enpresak irabazi gehiago nahi ditu orain, eta hau da hori lortzeko bidea. Horren ondorioz, langileak oso egoera prekarioan daude”.
Sindikatuen datuen arabera, azpikontratatutako langileen kasuan, kontratu partzialak %45 dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarenak diren egoitzetan —hamazazpi— are okerragoa da datua: %54,5ek dute kontratu partziala. Aldundiak 65 bat egoitza ditu itunduta, 5.000 bat langilek dihardute lanean, gehien-gehienak emakumeak.