lahaine.org
Euskal Herria :: 31/08/2020

2 basauriar epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean duela 30 urte gertatutako atentatu batengatik

Maider Ibañez
Bi basauriar epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean duela 30 urte Galdakaon gertatutako atentatu batengatik

IRAILAREN 8AN, 9AN ETA 10EAN IZANGO DA EPAIKETA AUZITEGI NAZIONALEAN   

Oskar Abad Palacios eta Txerra Martinez Garcia basauriarrak eta Carmen Gisasola Solozabal markinarra auzipetu ditu Auzitegi Nazionaleko zigor arloko bigarren sekzioak, duela 30 urte gertatutako atentatu batengatik. Zehazki, 1990ko urtarrilaren 30ean Galdakaon gertatutako atentatu batean parte hartzeagatik auzipetu dituzte hiru herritarrak. Atentatu horretan Jose Ignacio Perez Alvarez polizia nazionala hil zen, Basauriko komisaldegiko Automobilgintza Zerbitzuko kidea.

Epaiketa irailaren 8an, 9an eta 10ean izango da. Fiskaltzak 30 urteko kartzela zigorra eskatu du bakoitzarentzat. 1973ko Zigor Kodearen arabera epaituko dituzte, egitateak gertatu zirenean kode hori baitzegoen indarrean.

“Epaitegietara berriro joatea gogorra izango da. Nik hamazortzi urte eman nituen kartzelan eta nire zigorra guztiz bete nuen. 2009tik bizitza normala neraman, kalean, eta orain berriro kasua azaleratzeak erabat nahasi gaitu”, dio Txerra Martinezek: “Beti aurkeztu gara zitazio guztietara eta aske gaude kondena bete ondoren”. Martinez 1991n atxilotu zuten Txalaparta taldeko kide izateagatik eta 2009an aske geratu zen. Oskar Abadek 21 urte eman zituen kartzelan, 1991etik 2012ra. Gisasolaren kasuan, 1990ean atxilotu zuten, eta 24 urte eta gero, aske geratu zen, 2014an.

Irailaren 5ean 19:00etan kontzentrazioa deitu dute Basauriko Bentako plazan, “Konponbide garaia da. Epaiketarik ez” lemapean.

HILKETA ARGITU BARIK

Atentatu hau 1993an artxibatu zuten lehen aldiz, lekukoak deitu eta prozesamendurik gabe itxi zuten. Ondoren, 2004an berrireki zuten, baina hilabete batzuren buruan berriro itxi zuten. Gero, 2013ko urtarrilean, Auzitegi Nagusiko fiskal buruak auzia berriro irekitzeko eskatu zion epaileari, baina polizia-txostena ez zen garaiz iritsi kasua aurreikusitako epean berriro irekitzeko. Gaur egun argitu barik dago hilketa.

https://www.geuria.eus/herriak/basauri/basauri-oskar-abad-txerra-martinez-epaitu-2020-iraila-duela-30-atentatua/

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal