lahaine.org
Euskal Herria :: 26/06/2017

Albertia Eguna 2017

Eusko lurra fundazioa
Datorren igandean, uztailak 2, urtero legez, Albertia eguna ospatuko da Albertia mendiko tontorrean zein Gazteluako hariztian, Landa inguruan.

 


Albertia eguna, gaur egun, Euskal Herrian ospatzen den oroimen historikoaren ekitaldi beteranoena da, jada Frankismo garaian ospatzen hasi baitzen. Hamarkadetan, huts egin gabe, ospatu den Ezker Abertzalearen historia gogoratzeko eta errebindikatzeko eguna da hau.

Legutioko gatazka, 36ko gerran, Euskal Herrian suertatutako gatazka odoltsuena izan zen. Bertan, beste hainbat miliziano eta gudarien artean, EAE-ANVko dozenaka militante hil zituzten 36ko azaro eta abenduan. Bataila eta gero, hainbat hilabeteetan, EAE-ANVko Eusko Indarra batailoiak defenditu zuen Albertia mendiko posizioa faxisten bonbardaketa gogorren artean.

 

Lehenengo ekitaldia, 12etan izango da Albertiako tontorrean, hainbat borroka latzen lekukoa izan zen tontor horretan. Bertan Eusko Lurra Fundazioak omenaldia antolatu du ezker abertzaleko gudari haien ohorez. Gero, 13´30etan, ekitaldi politikoa izango da Gazteluako hariztian. Bertan Herritar Batasunako zein Eusko Ekintzako kideek hartuko dute hitza. Egunean zehar txosna bat egongo da hariztian eta bertan herri bazkaria ere egingo da.
Aurtengo leloak, “Borroka darrai. Oroimen historikoa egungo borroken tresna”, oroimen historikoaren benetako zentzua berreskuratu nahi du.

Gaur egun, hainbat talde eta erakundeen bultzadarekin, Oroimen historikoaren izaera kritiko eta erreibindikatiboa estali nahi dute. Oroimen Historiko “zuri” bat nahi dute. Helburua ez da frankismoaren biktimentzat (pertsonak eta kolektiboak) Egia, Justizia eta Erreparazioa lortzea, baizik eta historiaren manipulazioa egitea, egungo politikak eta bereziki Trantsizio Politikoaren urteetan frankismoaren aurrean izandako saldukeria zuritzeko besterik ez.
Lotsa gutxirekin estaltzen da ezker abertzaleko gudarien izaera iraultzailea, ezkertiarra eta soberanista, “demokraziaz” eta “elkarbizitzaz” hitz egiteko.

 

Honen aurrean azpimarratu nahi dugu garai hartako EAE-ANVko militanteen ideologia eta borrokak antza handia dutela gaur egungo Euskal Herriko borroka askorekin. Faxismoaren garaipena eta geroko Erregimenak, Euskal Herriko arazo nazional eta sozialak sakonean beraien hartan mantendu baitituzte.
Guretzako, zalantzarik gabe, Oroimen historikoa gaur egungo borroka nazional eta sozialen tresna da. Uztailak 2an, ezker abertzaleko militanteek hitzordua dute beraien aurreko militanteen belaunaldien oroimenarekin, haien irakaspenez egungo borrokak bultzatzen jarraitzeko.

 

Eusko lurra fundazioa. Euskal Herria, 2017ko ekainaren 25ean

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal