Alde zaharrean euskeraz bizi nahi dugu!!!


Kaixo alde zaharra!!! Gu gara ALDE ZAHARREAN EUSKARAZ (AZE)!!!
Idatzi honen bitartez, auzoan sortu berri dugun euskararen eta eukal kulturaren aldeko mugimendua ezagutzera eman nahi dizuegu. Hasieran aurkeztu bezala, Gu gara Alde Zaharrean Euskaraz, gu gara alde zaharreko Euskal Herrian Euskaraz.
Lehenik eta behin, taldea zertarako sortu dugun aipatzea komenigarria litzateke.
Hainbat urteren ondoren, auzoak euskararen aldeko mugimendu baten beharrizana duela ikusi dugu, auzoak urteetan zehar izan duen eraldaketaren aurrean. Herri euskalduna eraikitzea eta urratuak zaizkigun hizkuntza eskubideen aldarrikapena egitea dira gure borrokaren ardatz nagusi
Jakingo duzuen modura, Bilbo da Euskal Herrian euskararen ordenantzarik ez duen hiri bakarra, Baionarekin batera. Udalak ez du euskararen normalizaziorako pausu zehatzik ematen, eta hori gutxi balitz, euskararen sustapenari ematen zaion aurrekontua urtez urte jaisten ari da, azken urtean aurrekontuen %0,5a besterik eman ez duelarik. Gainera, pastel txiki horren zati handiena udalak berak kudeatzen du. Adibide bat jartzearren, komertzioei “euskara bultzatzeko” 20.000 poltsa berrerabilgarri ematen dizkie, horrek suposatzen duen diruarekin. Horrelako beste mila adibide jar genitzake udalak egiten duen hizkuntza politikaren inguruan.
Euskararen normalizaziorako beharrezkoak diren neurriei aurre egiteak beldurra ematen die? Euskara sustatzeko sortuak dauden herri mugimenduen iritzia kontuan hartzea ez al da beharrezkoa?
Euskal Herrian Euskarazek urteak daramatza egoera hau salatzen, gure indar guztiak jarriko ditugularik hemendik aurrera ere, euskara normalizazio egoerara heldu bitartean.
Hortarako, AZEk auzoa izango du hortarako abiapuntu. Izan ere, auzoan sortutako talde berri bezala, hemendik aurrera auzoan egingo dugun lanaren aurkezpen bat egin nahi genizueke Alde Zaharreko auzotarroi. Zuen kezka eta nahiak entzuteko gogoak ditugu, eta zuen ikuspegitik, auzoak bizi duen hizkuntza errealitatearen inguruko hausnarketak entzuteko irrikaz gaude.
Horregatik, Errondabiden Ekainaren 3an, arratsaldeko 19:00etan egingo dugun BILERA IREKIRAKO gonbidapena zabaldu nahi dizuegu. Zuek ere euskaldun sentitzen zaretelako, eta gure nahia zuengandik ahalik eta hurbilen egotea delako.
Argi geratzen den moduan, gure helburu nagusia Alde Zahar euskaldun bat sortzea da, ezeren gainetik, nortasuna ematen digulako, izateko era eta jokatzeko era bat erakusten digulako. Animatu eta egin bat gure borrokarekin.
EKAINAREN 3an HITZORDUA DAUKAZU GUREKIN!!!
ALDE ZAHARREAN EUSKARAZ!!!







