Hil egin da Iker Aristu

2008.urtean atxilotu zuten Iker Aristu iruindarra, Grande Marlaska egungo ministro eta garaiko epailearen aginduz, Euskal Herrian astero astero ziren gazteen aurkako segadetan. Espainiako poliziaren eskutan tortura bortitzak pairatu zituen, eta ondoren kartzelan sartu zuten. Hilabete gutxi egon zen espetxean. Aske utzi zutenetik beldurra, angustia, antsietatea sarritan sentitu izan zituela aitortu zuen. Zazpi urte igaro ziren haren eta beste bederatzi lagunen epaiketa hasi arte, Segiko kideak izateaz akusatu zituzten; orduan, torturak jasan izana berretsi zuten hainbatek.
Bere hurbilekoek esanak jaso ditu Ahotsa-k, eta seinalatu dute torturak hil duela Iker: "2008an atxilotu eta torturatu zuen Espainiako Polizia Nazionalak, gaur egun PSOEko Barne ministroa den Marlaska epailearen aginduz. Torturatzaileentzako zigorgabetasunak erabatekoa izaten jarraitzen du, guk kartzela urteekin ordaintzen jarraitzen dugun bitartean edo, are, azken kasu honetan bezala, geure bizitzekin ere. Ez da iraganeko kontua, gatazkak kalteak eragiten ditu gaur ere. Ezin da ezarritako sistemarekin eta haren indar errepresiboekin bizi. Torturak hiltzen jarraitzen du!!! Indar errepresiboak kanpora!!!".







