Amnistiaren Aldeko Mugimenduko militante gazte bati eraso egin diote
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak bere militante batek, 16 urteko gaztea, pairatutako eraso fisikoa salatu nahi du oraingoan.
Iragan otsailaren 6an, Sortuko militante ezagun batek amnistiaren alde lanean diharduen gazteari oldartu zitzaion eta gaztearen militantzia dela-eta irainka hasi zitzaion. Sortuko militante honen jarrerak eztabaida eragin zuen eta 16 urteko gaztea kolpatzea erabaki zuen, begi batean ubeldura eraginez.
Ez da gazte honek sufritu duen lehenengo erasoa, orain gutxi Ernaiko beste gazte batek bularretik hartu eta Ikatz kaletik ez pasatzeko mehatxua egin baitzion, bestela berak eta gainontzeko amnistiaren aldeko militanteek ondorioak pairatuko zituztelako.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua gertaera larri hauek publikoki salatzeko beharrean sentitzen da. Era berean, gure gazte honi eta Donostiako amnistiaren aldeko militante guztiei gure elkartasuna helarazi nahi diegu eta bakarrik ez ditugula utziko jakinarazi.
Bukatzeko, oztopo eta eraso guztien gainetik, datozen tokitik datozela ere, lanean eta borrokan tinko jarraitzeko gure konpromisoan berresten gara. Norbaitek uste baldin badu guri eraso eginez kaletik aterako gaituztela oker dabil. Gure helburua amnistiaren aldeko aldarria Euskal Herriko txoko guztietara, Ikatz kalera barne, eramatea da eta horrela egingo dugu. Jo ta ke amnistia eta askatasuna lortu arte!
Euskal Herrian, 2016ko otsailaren 14a.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.







