APR 13 Armiarma operazioa IV. Atxilotuak askatu. Alde hemendik
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Guardia Zibila hainbat herrialdetan, tartean Euskal Herrian, burutzen ari den Armiarma Operazioa IV gogor gaitzetsi nahi du.
Alde batetik salatu egin nahi dugu adierazpen askatasunaren kontrako eraso berria eta azken asteetako joera errepresiboaren jarraipena baino ez dela, izan ere manifestazioen debekuen eskaerak, kontzertuen debekuak, Argiako kazetari bati isuna jartzea albiste baten informazioa emateagatik, Audientzia Nazionalera joateko zitazioak manifestazioetan parte hartzeagatik eta abar ikusi izan baititugu apirila hasi denetik.
Hau guztia, inongo biktimaren memoriaren defentsan kokatzetik urrun, Euskal Herriko gatazkaren gaineko irakurketa desitxuratua eta faxismoaren bertsio bakarra ezarri nahi izatearen logikan kokatzen du gure mugimenduak. Hortaz, ezinbestekoa da memoria historikoari heltzea etorkizunean gatazkari irtenbide justua eta duina eman ahal izateko. Ezinbestekoa da nondik gatozen argi izatea nora goazen erabaki ahal izateko, eta bide horretan nahi eta nahiezko elementua bihurtzen da amnistiaren aldarrikapena. Etorkizunera begiratzeko iraganari begiratzeari utzi behar diogula dioten postmodernistei erantzun behar diegu ezetz, izan direlako baldin bagara eta garelako izango baldin badira, gatazka honen sustraiak eta historikoki bakoitzak jokatutako papera zein den ezagutu behar dugula.
Guardia Zibilak Euskal Herrian berriz ere atxiloketak burutzearen harira, instituzio errepresibo honek benetako basakeriak burutu ditu ehunka euskal herritarren aurka. Gogora ekar dezagun bihartik aurrera bost euskal militante epaituak izango direla Madrilen, Guardia Zibilak aplikatutako torturen ondorioz atxilotuek euren borondatearen kontra egindako deklarazioetan oinarrituta, eta hilabete honetan bertan hainbat getxotarrek isunak jaso dituztela Guardia Zibilaren presentziaren aurka kontzentrazioa egiteagatik. Gure mugimendutik elkartasuna adierazi nahi diegu aipatutako pertsona guztiei. Eta Guardia Zibilari beste behin ere esan nahi diogu ez ditugula nahi eta ez ditugula behar. Alde hemendik!
Euskal Herrian, 20156ko apirilaren 13a.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.







