Aste honetan hamazazpi emakume jasan dituzte eraso matxistak Nafarroan

Aste honetan hamazazpi pertsona atxilotu dituzte Nafarroan Foruzaingoak eta Iruñeko Udaltzaingoak, indarkeria matxistagatik. Foruzaingoak jakinarazi du hamabost pertsona atxilotu dituela Nafarroan, tratu txarrekin, mehatxuekin, lesioekin edo urruntze-neurriak haustearekin lotutako gertakariengatik. Iruñeko Udaltzaingoak, berriz, adierazi du abenduaren 25eko goizaldean 23 urteko gizon bat atxilotu zutela, emakume bati ukituak egiteagatik; gaurko goizaldean, berriz, 19 urteko mutil bat atxilotu dute, motibo bera dela eta. 36 urteko gizon bat eta 21 urteko beste bat ere atxilotu dituzte udaltzainek, familia giroan tratu txarrak egiteagatik.
Asteazken honetako gaueko hamaikak aldera, gizon batek emakume bati eraso egin dio Azkoitian(Gipuzkoa). Biktima, 49 urteko emakume bat, GI-631 errepidearen ondoan zihoan oinez. Erasotzailea bizikletan zihoan eta buru-berokia zeraman: biktimaren ondoan gelditu zen, eta lurrera bota zuen, sexu-erasoa egiteko asmoz. Biktimak oihu egin eta laguntza eskatu ahal izan zuen, eta berehala bertaratu ziren handik gertu zeuden hainbat pertsona. Erasotzaileak bizikletan ihes egin ostean, bi lekuko atzetik joan zitzaizkion ibilgailu partikularretan, Loiolako Basilikatik gertu harrapatu arte.







