Bertan behera utzi dute WSL txapelketa, surflari israeldarren parte hartzearen ondorioz


World Surf League (WSL) erakundeak bertan behera utzi du asteburuko Waxdayz surf jaialdiaren barruan Donostiako Zurriola hondartzan egitekoa zen Junior Pro mailako nazioarteko txapelketa. Jaialdiak azaldu duenez, antolatzaileek WSL-ri eskatu diote surflari israeldarren parte hartzea saihestu zezala, eta “WSL-k txapelketa bertan behera utzi duela baieztatu berri du, jaialdiaren antolatzaileek proposatutako eskaerei ezin erantzun dielako”. Lau ziren 15 urte inguru surflari promesen txapelketan parte hartzekoak ziren surflari israeldarrak.
Jaialdiak “erakunde adierazpenen babesarekin” aurkeztu dio proposamena WSL-ri, nabarmendu duenez. Izan ere, apirilaren 10ean, Donostiako Udaleko alderdi guztiek genozidioaren aurkako erakunde adierazpen bat sinatu zuten.
Azken orduotan, zalaparta sortu duen gaia izan da jaialdiko txapelketan surflari israeldarrak egotearena: Groseko Surf Indarra taldeak iragarri du ez zuela txapelketan parte hartuko, BDZ plataformak publikoki salatu du egoera eta Palestinarekin Elkartasuna eta BDZ taldeek mobilizaziora deitu dute horren harira ostiralerako, 18:00etan, Saguesen.
Jaialdia egokituko dute
Txapelketa zen Waxdayz jaialdiko jarduera nagusia, baina, bertan behera utzita ere, jaialdia aurrera aterako dute: “Ahal dugun guztia egingo dugu gainerako kirolariengan duen eragina ahalik eta txikiena izan dadin, beren surfa erakutsi, asteburu ona izan eta surf kulturaz gozatu ahal izan dezaten, horixe baita hemen egoteko arrazoia. Waxdayz jaialdia oraindik martxan da, eta espero dugu zuek guztiok Saguesen ikustea”, nabarmendu dute antolatzaileek.