lahaine.org
Euskal Herria :: 16/02/2019

EHU-k Gasteizko Kanpusean burutzekoa zen Herri Unibertsitateko itxialdia debekatu du

Hala Bedi

Gasteizko Errektoreordetzak eta Dekanotza taldeak Herri Unibertsitatean aurrera eraman ohi diren itxialdiak debekatu ditu. 1.700 sinadura bildu dituzte eta astelehenean mobilizazioa egingo dute debekua salatzeko.

Gasteizko Herri Unibertsitateak jasan duen debekuaren berri eman dute kanpuseko eragile ezberdinek. Hainbat urte igaro dira Gasteizko unibertsitatean lehen Herri Unibertsitatea burutu zutenetik, unibertsitate mailako espresio desberdinak batu eta hezkuntza eredu berri baten aldeko eztabaidak, hausnarketak eta praktikak eman ahal izateko.

Ordutik, aurrerapausoak eman dituzte, proiektuaren baitan garapen handia izan dutelako eta jakintza arlo bakoitzean talde kritikoak sortu dituztelako.

Aurtengoan, ordea, Gasteizko Herri Unibertsitateak eraso bat jasan duela salatu dute. “Gasteizko Errektoreordetzak eta Dekanotza taldeak ikasleriaren nahia eta hitza oztopatze aldera, Gasteizko Herri Unibertsitateari eraso egin dio”. Zehazki, Herri Unibertsitatean zehar garatu nahi ziren itxialdiak debekatu dituzte.

“Itxialdiak, Herri Uniaren parte dira, honen baitan funtzio ezinbestekoa betetzen dutelako. Ezinbestekotzat jotzen dugu ikasleriaren arteko aliantzak sortu eta gure arteko harremanetan eta elkarlaguntzan sakontzeko. Horrela, Herri Unibertsitateak arbuiatzen duen harremantze ereduaren aurrean, itxialdiak guk sinisten dugun harremantze eredu baten aldeko harriak finkatzen laguntzen digu, elkartasunean oinarritutako harremanak hain justu. Itxialdiaren bidez, hiru egun osoko egitasmo bat osatu dugu eta gauean beharrezkoa zaigun tarte bat da”, azaldu dute.

Sinadura bilketa erasoari erantzuteko

Debekuaren aurrean, aurreko astean Gasteizko Kanpusean sinadura bilketari ekin zioten, 1.700 ikasle eta irakasleren babesa jasoz. “Prozesu horretan argi geratu zen Errektoreordetzak eta Dekanotza taldeak jarritako debeku eta oztopoen aurrean ikasleriak benetan Herri Uniaren aldeko hautua egin duela. Gauzak horrela, azpimarratu beharra daukagu ikasleriak garatu zein defendatu duen gaineko erabakiak hartzeko eginkizuna ikasleriak berak duela”.

Errektoreordetzak, ordea, debekua mantentzea erabaki du, “ikasleriaren hitza eta Herri Uniak duen indarra albo batera utziz”. Horren aurrean, astelehenerako deitu duten mobilizazioan parte hartzera deitu diote unibertsitateko kide orori. Herri Unibertsitatearen kontrako erasorik ez dutela onartuko aldarrikatzeko eta oztopo guztien gainetik unibertsitate eredu berri baten alde lanean jarraituko dutela aldarrikatzeko manifestazioa astelehenean izango da, 12:45ean.

https://halabedi.eus/2019/02/15/ehu-k-gasteizko-kanpusean-burutzekoa-zen-herri-unibertsitateko-zenbait-ekimen-debekatu-ditu/

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal