lahaine.org
Euskal Herria :: 13/05/2010

Emakumeok ahaztuenak eta kaltetuenak; Alternatiba baten alde borrokan

Euskal Herriko Bilgune Feminista
Aldaketa sozialaren alde bildu eta borrokatzeko garaia da eta emakumeok gure espazioa sortuz antolatu eta borrokatu behar dugu.

Emakumeok ahaztuenak eta kaltetuenak

Alternatiba baten alde borrokan

Emakumeak ahaztuenak eta kaltetuenak gara, krisian gaude, krisian ginen… eta krisian egongo gara. Sistema kapitalista patriarkalaren eraginez emakumeok zapalkuntza estrukturala jasaten dugu. Estrukturala diogunean, patriarkatuak gure bizitzako arlo guztietan eragiten duela esan nahi dugu. Hau da, jendarteko egitura ideologiko, politiko eta ekonomikoan. Patriarkatua kapitalismoaren zutabe bat da, marko honetan zapalkuntza estruktural baten aurrean aurkitzen gara, non emakumeon eskubideak behin eta berriz zapalduak diren.

Emakumeok bizi dugun zapalkuntza estruktural eta sistematikoa oinarri hartuta ziurta genezake beti bigarren mailako herritarrak izan garela: Jendarteari guk egindako ekarpena ezinbestekoa izan den arren, inoiz ez da baloratu.

Sistema kapitalistaren inguruko azterketa egiterakoan berezkoak zaizkion hiru elementu gogoan edukitzea ezinbestekoa zaigu: bere izaera patriarkala, sexuaren araberako lanaren banaketa eta eremu pribatutik eratorritako ekonomia murgildua.

Prekarietatea da sistema kapitalistak jendartea esplotatu, zapaldu eta zatitzeko erabiltzen duen tresna. Prekarietate ekonomikoak eskubideen mugatzea, lan baldintzen okertzea eta lan merkatuaren erregulazio gabezia sortzen ditu. Hiru elementu hauek hertsiki loturik daude emakumeongan sistemak eragiten dituen o­ndorioekin.

Pobreziak emakume aurpegia du oraindik orain ere. Euskal Herria bezalako nazio batetan, non o­ngizate estatu batetan bizi garela zabaldu eta predikatzen duten, bada beste errealitaterik. Bakarrik bizi diren emakumeak, familia-zama handia duten emakumeak, haurren zainketa eta enplegua partekatzeko aukerarik ez duten emakumeak, e.a. Etxebizitza bat lortzeko aukerarik ez duten emakumeen errealitatea, oinarrizko errentarekin bizitzea beste erremediorik ez duten emakumeak, hein batean, beraien bizi proiektua duintasunez garatu ezin dezaketen emakumeak.

Emakumeok beti egin izan dugu lan, bai etxean baita etxetik kanpo ere. Emakumeok etxeko ekonomiari eta herrietako ekonomiari egindako ekarpena ez da inoiz baloratu eta egun ere ez da baloratzen. Hor dago errotiko arazoaren giltza edota gako bat.

Beraz, sistema patriarkalaren ideologiaren funtsa ez da aldatu. Kapitalismoak bere ustiapen ekonomikoa areagotze aldera sexuen arteko desberdintasuna indartzen jarraitzen du. Eta bide horretan, patriarkatuaren ideologia egoera berrietara moldatu da, besterik ez. Legedi aldetik aldaketa batzuk eman diren arren inposaturiko estereotipo eta eremu ideologikoak ez dira aldatu. Jendarteari begira eginiko diskurtsoetan aldaketa burutu dutela saltzen diguten arren, diskurtsoaren esentzia ez da aldatu.

Berdintasunaren izenean eginiko diskurtsoak faltsuak direla deritzogu. Ustez emakumeok eskubidedun subjektuak gara, baina errealitatea bestelakoa da, emakumeok ez baikara gure eskubideen jabe.

Sistema krisian dagoen honetan, orain arte aipaturiko guztia kontuan hartuta, emakumeok izan gara o­ndorio larrienak sufritu dugunak eta etorkizun beltza izango dugunak.

Emakumeok alternatiba baten beharra dugu, gaur egun martxan jarri diren neurriak aztertzerakoan galtzaileak garela baiezta dezakegu berriro ere; pentsioenerreforma, zerbitzu sozialen murrizketa edota behin eta berriro aipatzen ari diren lan erreforma.

Aldaketa sozialaren alde bildu eta borrokatzeko garaia da eta emakumeok gure espazioa sortuz antolatu eta borrokatu behar dugu. Herria Abianen bildutako sektore guztien artean aldaketaren oinarriak definitzen hasi ginen herri honen errealitate ezberdinak kontuan hartuz.

Orain beste pausu bat emateko prest gaude eta aldaketaren abiapuntua definitu eta adostu nahi dugu eta emakumeon parte hartzea ziurtatuz. Maiatzaren 15ean egongo den asanblada nazionalean parte hartu behar dugu; gure eskubideak bermatuak izan daitezen aldaketarako abiapuntuak emakumeon bizi baldintzak hobetzeko izan behar du.

Lan handia dugu egiteko eta hurrengo zita maiatzaren 15ean izango da beraz deialdia luzatzen dizuegu bertan parte hartzeko, gure ahotsa han izateko. Emakumeak ahaztuenak izateari utzi behar diogu.

Maider Goikoetxea

Izaskun Guarrotxena

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal