Erailketa matxista Iruñean

Igandeko goizaldean 37 urteko emakume bat hil zen Iruñeko Sanduzelai auzoan, etxe bateko hirugarren pisutik behera erorita. Ezbeharra 4:30ak aldera gertatu zen, eta bizilagun batek hots egin zuen larrialdi zerbitzuetara.
Zenbait bizilagunek azaldu dute eztabaida bat izan zela emakumearen eta bikotekide ohiaren artean, eta "oihuak eta negarrak" entzun zituzten. Eztabaidaren ondoren, biktima sukaldeko leihotik ihes egiten saiatu eta kaleko zoruraino erori zen.
Udaltzaingoak jakinarazi duenez, gizonezkoa atxilotu dute indarkeria matxistagatik ezarritako urruntze agindua urratzeagatik, eta emakumearen gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute. Aurten, Euskal Herriko lau emakume erail dituzte euren bikotekide edo bikotekide ohiek.







