lahaine.org

compartir

                              

Dirección corta: http://lahaine.org/fK88

convertir a:
Convertir a ePub  ePub        Convertir a pdf  pdf

  tamaño texto

  enviar          imprimir


traductor

16/05/2018 :: Euskal Herria

Gazteok baietza sortzen, larunbatean Miribillara!

x Ernai

Bilboko Txabi Etxebarrieta plazan elkartu gara gaur, Euskal Herrian ireki den aro berriari gogoz heltzeko prestutasuna baitugu gazteok. Bizitza eta mundua ikusteko betaurreko propioak zituen Txabik eta guk, badugulako zerbait komunean. Duela 50 urte, Bentaundiko  bidegurutzean ezagutu zuen Herri honek borrokaren gordintasuna; etorkizunerako begirada zorrotza luzatzeko gaitasuna zeukan Txabik.

Bere erailketatik gaur arte, bizirik dirau honen izenak eta izanak. Gernikako bonbardaketaz geroztik, milaka dira Euskal Herrian barreiatuta dauden istorioak. Espainiar eta frantziar estatuen zapalkuntzaren aurkako matxinadak hamaika bizipen bildu ditu. Istorio hauek ez dira
historia liburuetan gordetzeko eginak. Gure baitan daramatzagun bizipen eta borrokak dira. Gure izatea. Herri honek gauza handiak egin ditu azken hamarkadetan. Honaino heldu bagara, bizitzaren aldeko milaka militanteren lanari esker izan da. Ikastolak eta euskaltegiak sortu zituztenen bilobak gara; zentral nuklear, makrourtegi eta autobideen aurka borrokatu zirenen alabak. Gure Herriaren historiak bildu dituen horien guztien lekukoa gara. Historia horren hariak ez du etenik. Historiako egunik ederrenak oraindik idazteke daude. 


Ez dagokigu atzera begiratzea, aurrera baizik. Iragana etorkizunez idazteko garaia da eta argi dugu zein den helmuga eta zeintzuk bertara iristeko eman beharreko pausuak. Ezker Abertzaleko gazteok, konpromiso bat daukagu gure Herriarekin eta gazteriarekin. Duela 60 urte bezala, iraultzaren motor izateko helburuarekin, antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu. Maitasun, konpromiso, erantzukizun eta eskuzabaltasunez, utopiak errealitate bihurtzen jarraituko dugu, ezinezkoak errealitate bilakatzen. Baietza sortzen. 


Milaka gara herriz herri eta auzoz auzo, egunero, baietza sortzen dugun gazteok. Neska gazte taldeetan, etxebizitza eta emantzipazio proiekuetan, prekarietatearen aurkako borrokan… hauek eta asmatzeko ditugunak hauspotzen jarraituko dugu, hori baita Euskal Herri aske, sozialista eta feminista ardaztea: egunero, kapitalismo heteropatriarkala suntsituz, alternatibak eraikitzea. Euskal Herrian lan, bizi eta ikasteko hautua egina dugu dagoeneko. Gazteok haserrre gaude eta azken hilabeteetako mobilizazio jendetsuek erakutsi dute badagoela herri bezala kaleak hartzeko gaitasuna eta determinazioa. Aro mobilizatzaile Honi gure ekarpena egin eta kaleak betetzen jarraitzeko garaia da.


Konpromiso eta ilusioak eraberritzeko garaia da. Baietza sortzekoa. Independentzia, sozialismoa eta feminismoaren aldeko proiektu politikoan berresten gara gazteok. Gaur eta egunero, baietza sortzea dagokigu, Euskal Herri askea irabazteko. Dei egiten diogu euskal gazteriari larunbatean Miribillan egingo den ekitaldi nazionalean parte hartzera.

Gora euskal gazteria!
Gora Euskal Herri aske, sozialista eta feminista!
Ernai Gazte Antolakundea,
2018ko maiatzaren 15ean

compartir

                              

Dirección corta: http://lahaine.org/fK88

 

Contactar con La Haine

Envíanos tus convocatorias y actividades!

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License    [ Clave pública PGP ] ::

Principal