lahaine.org
Euskal Herria :: 10/11/2016

Hezkuntza kapitalistaren aurrean, Ikasle borroka!!

Gasteizko Ikasle Mugimendua

 Idatzi honen bitartez, bizi dugun gizarte alienatua salatu eta honen gainegitura ideologikoaren aurkako mezu zuzena helaraztea dugu izpide, zapalduak garen heinean inposatuak izan zaizkigun egiturak errefuxatzen baititugu, kontzientzia hartua baitugu gure kontra sortuak izan direla (hots, herri langilearen aurka), izaki sozialak garen heinean izan genezakeen potentzialitate askatzailea dominazio formak elikatzeko egikaritzen baitigute.


Unibertsitatea ezin dugu egitura kapitalista zein botere politiko-ekonomikotik kanpo ulertu, heziketa-eredua sistema sozial bakoitzak dituen berezitasunen baitan kokatzen delarik, hertsiki loturik akumulazio, gainbalio dinamikekin. Kapitalismoaren kontraesan antagonikoaren baitan kokatu behar da hezkuntza kapitalista, hots, indar produktiboen eta erlazio sozialen arteko gatazkan, kapitalaren balorizaziorako ezinbesteko herramintak sortuaz (garapen teknologikoa eta lan-indar kualifikatua) zein ideologiaren ekoizpen burgeserako eszenatoki formatibo gisara.


Ahantzi dezagun beraz neutralitatearen diskurtsoa, gure eguneroko praktikak, materiak, erakusten baitigu klase antagonismoetan oinarriturik dagoen gizarte batean posizio politikoa hartu behar dugula, ezen ezin baitaiteke izan langile zein boteredunen mesedera egituratua era berean, interesak objektiboki kontrajarriak ditugun giza-taldeak garenez. Unibertsitatea sistema kapitalistan, gure kasu konkretuan EHU, NUP, Deustu eta Mondragonen, bloke sozial batek sortuak dira, eta horrenbestez etsai politiko gisara ulertu behar ditugu, “entrismoaren” (barrutik eta ezkerretik aldatzearen) ikuspegia deusetsiz, herri langilearen eskuetan egongo den heziketa bat ez baita inoiz interes ekonomiko akumulatiboen, jabetza pribatuaren iraupenaren menpe egonen.


Argi eta garbi bizi ditugu gure egunerokotasunean herri langileko kidegoari unibertsitatean hezituak izateak sortzen dizkigun kontraesanak, izan zientzia natural “gogorretako” ikasleei edota zientzia sozialetako ikasleei: Edukiak esplotazio ekonomiko ahalik eta efektiboena eskuratzeko zientzia naturalen kasuan, metodo zientifikoa herri langilearen onurarako erabili beharrean (hau da, ekoizpen eta kontsumo eredu ekitatiboa) kapitalaren eskuetan giltzaperatuz; Eta, zientzia sozialak sistema kapitalistaren oinarri ekonomikoak bermatzeko irentsarazten zaizkigu, diskurtso “ezkertiarrak” eskainiaz zenbait kasutan, beti ere ordena ekonomiko kapitalista zalantzan jartzen ez duten bitartean. Unibertsitateko ikasle gehienen aurka doazen eta era berean, bere familia, lagunen eta langile komunitate oso bat deuseztatzea helburu duten gaitegiak jorratu ahal izateko, formak ere autoritarioak izan behar dute, noski. Lau pareten artean atera ezinik, hiri koadrikulatuetan, kartzeletan eta lant egi/ofizinen gisara, inongo aukerarik gabe libreki gure etorkizuna, hots, nola eta zeinekin lan, bizi eta ikasi nahi dugun erabakitzeko.


Kasuan, lanaren banaketa sozial kapitalistaren dinamikak elikatuz, errentagarritasun eta ekoizpen ahalmen ahalik eta azkarrenak nola lortu erakusten dizkigute, lan intelektual eta eskulanaren arteko banaketan sakontzearekin batera, esplotazio dinamika berriak erakutsiz. Lanaren banaketa internazionala den paradigma ekonomikoan, non kapitala dinamika globalizatu-inperialistaren azken faseetako batean kokatzen den, unibertsitate kapitalistak ere internazionala behar du izan, teknologiaren garapenaren eta lan abstraktuaren dinamika globalei jarraiki. Aukerak, irtenbideak saltzen dizkigute, otsoak ardiz jantzirik, gezurrak ahantzita, non merkantzia enajenatua bihurtzen gaituzten.


Kontestu honetan kokatzen ditugu EHU-ko errektoretzako hauteskundeak, demokrazia forma kapitalistaren erakusleiho izango den eguna, azaroaren 24a. Jakin badakigu, demokrazia kontzeptu abstraktu gisa arbuiatzen dugula, hau da, forma sozialak sistema ekonomiko bakoitzean kokatu behar direla, errepresentazio politikoak sistema sozial ezberdinak egituratzeko baitaude. Azaroaren 24ko hauteskundeak gure paradigma politikoaren etsai gisara identifikatzen ditugu, instituzioa bera ezeztatzen dugun heinean ez baikara hasiko demokrazia burgesa justifikatzen. Gasteizen maiatzaren lehenean ikusi genuen elkar errektoretzako eraikinean, propaganda ekintza baten bitartez (eta ez unibertsitatea erretzeko saiakera bat, desinformaziorako komunikabideak adierazi zuten gisara), orain helarazten ari garen mezua zabaltzeko asmoa geneukan, ezkutatua eta omititua izan zitzaigularik.


Lan handia dugu hezkuntzatik iraultza sozialaren norabidean teoria, estrategia zein taktika zehaztera begira, negazio forma sinpleenetatik hasi (hezkuntzatik herri langilearen frontea egikarituz, lan-ikasketa baldintza duinak aldarrikatuz eta irabaziz ...) eta hezkuntza eredu propio baten eraikuntzaraino, mundua objektiboki aztertzeak ematen dizkigun aukerak jabego kolektibo zilegi bakarrari itzuliaz, hots, herri langieari. Batek daki noraino hel daitekeen zientziaren garapena bizi eredu berri batzuen lorpenerako helburua jarrita, herriek zein norbanakoen elkartasun dinamikak gizartearen erdigunean jartzen baditugu.

Borroka da bide bakarra!!

EHU eta hezkuntza kapitalista sutara!!!

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal