Ikasleen aurkako erasorik ez!
PNVren polizia politikoak Leioako kanpusean ikasleen aurka burututako oldartzearen aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak protestetan parte hartzen ari ziren ikasleei babesa helarazi nahi die eta zipaioen jarrera gogor gaitzetsi.
“Ikasleon aurkako erasorik ez” lelopean manifestatzen ari ziren Ikasle Abertzaleak taldearen deialdiari jarraiki eta erantzun moduan, Poliziak ikasleen aurkako eraso berri bat burutu du. Tarte batez lau ikasle atxiki dituzte eta erabilitako biolentziaren ondorioz 15 zauritu eragin.
Ohar honen bitartez gure mugimenduak ikasleen leloa berea egiten du eta ikasleriaren aurkako errepresioa eten dezaten galdegin, gogora ekarriz iragan astean ere, Espainiako Polizia Nazionalak beste bost ikasleen aurkako operazioa burutu zuela martxoaren 17ko protestetan parte hartu zutelakoan.
Ez dira garai onenak adierazpen askatasunarentzat. Azken asteetan era guztietako erasoak ikusi ahal izan ditugu, Armiarma Operaziotik hasita ikasleen aurkako oldartzeetaraino, kontzertu eta manifestazioen, torturak salatzen dituzten muralen egileen eta kazetarien kontrako erasoak ahaztu gabe.
Estatuen eta beraien morroi autonomikoen biolentziaren aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak antolatzeko deia egin nahi dio Euskal Herriari. Errepresioaren aurrean antolakuntza eta borroka.
Euskal Herrian, 2016ko apirilaren 26a.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.







