lahaine.org
Euskal Herria :: 15/02/2024

Inflazioak gora egiten jarraitzen du 2024 urtean

Agentziak/La Haine
Argindarraren gaineko zergen igoerak eta elikagaien garestitzearen ondorioz %3,3-raino igo da KPI-a urtea hasi zenetik.

Urtarrilak eten egin du inflazioaren beheranzko bidea. INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, urte arteko prezioen igoerak bi hamarren egin zuen gora abendutik urtarrilera, %3,3raino.

Esperotako igoera izan da, eta, neurri batean, argindarraren garestitzeari zor zaio. Berez, elektrizitatearen prezioak ez du aldaketa handirik izan handizkako merkatuan, baina bai haren gaineko zergak, urtea hastearekin batera hasi baitira energiaren gaineko zergak krisiaren aurreko mailara itzultzen. Horrela, argindarraren gaineko BEZa, 2023an %5ean izan ondoren, %10era igaro da —%21ekoa da bere tasa arrunta—. Argindarraren gaineko zerga bereziaren murrizketa ere desagertuz joango da modu mailakatuan, ohiko %5,1eko tasara iristeko. Iaz %0,5ean izan zen, eta %2,5era igo zen urtarrilean. Apirilean %3,8ra igaroko da.

Gasaren gaineko BEZa ere %21era itzularaziko du Espainiako Gobernuak, baina ez du apirilera arte egingo, ordurako igaroko baita urteko sasoirik hotzena.

Elikagaiak, %6,9 garestiago

Edonola ere, elikagaiak dira atal inflazionistena, eta urtarrileko berri txarra da haien beheranzko bilakaera geratu egin dela: urtarrilean, urtebete lehenago baino %6,9 garestiago zeuden, eta tasa hori izan zuen abenduan ere.

Elikagaien artean olioa da azken urtean gehien garestitu dena (+%46,3), batez ere Andaluziako uzta txarren eraginez oliba olioaren prezioa bikoiztu egin delako azken urte eta erdian. Okerrena da 2023ko uzta ere ez dela ona izan, lehortea dagoelako oraindik ere, eta, horren ondorioz, ez da espero oliba olioa asko merkatzea hurrengo hilabeteetan. Beste zenbait produktu ere asko garestitu dira: %14,6 igo da frutaren prezioa, %13,8 barazki freskoena, %12,1 txerrikiarena, eta %10,7 ur mineralarena, zukuena eta freskagarriena. Azken hamabi hilabeteetan merkatu diren elikagai bakarrak esnekiak direla dio INEk (-%1,9), baina badira igoera apalak izan dituzten beste batzuk ere: %0,9 oilaskoa eta beste hegazti haragiak, %1 ogiak eta %1,8 esneak.

Hurrengo hilabeteotan inflazioa gutxika apaldu egingo dela espero dute analistek, baina gorabeherak izango dira bilakaera horretan, eta prozesu geldoa izango dela ziurtatu du Europako Banku Zentralak.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal