lahaine.org
Euskal Herria :: 07/05/2024

Israelgo armadak Rafah erasotu du

Agentziak/La Haine
Han pilatuta daude 1,4 milioi palestinar eta gainera laguntza humanitarioa guztiz etenda dago, izan ere, Rafahko pasagunea zen laguntza humanitarioa sartzeko ia bide bakarra.

Israelek iragarri duenez, Rafahko pasagunearen alde palestinarra kontrolpean hartu du gaur. Rafahko pasaguneak Gazako Zerrenda eta Egipto lotzen ditu, eta orain arte, Palestinako eremu horretan laguntza humanitarioa sartzeko ate bakarra zen. Aurrez, gauean, 18 pertsona hil ditu Gazako hegoaldean dagoen eremu horren kontra hasitako bonbardaketetan.

Hau izan da, beraz, Israelek "Rafah Operazioa" deitu duen operazio militarraren lehendabiziko eguna. Airez egin du erasoa gauean, helikopteroak erabilita eta artileria bonbardaketekin. Goizean, tankeak sartu ditu pasagunean.

Israelgo Armadak lurreko erasoa baieztatu du, baina ez du jakinarazi zenbat tropa mugiarazi dituen. "Hamasen helburuen kontrako operazio zehatz eta mugatua da", nabarmendu du. Horren harira, nabarmendu du 20 matxino hil dituztela eta Hamasen 150 helburu "desagerrarazi".

Iturri palestinarrek jakinarazi dutenez, ordea, sei etxebizitza bonbardatu ditu Israelek, eta bertan zeuden 18 pertsonak (tartean haurrak eta emakumeak) hil dira. Dena dela, hondakinen artean gorpuak daudela ohartarazi dute.

Negoziazioak zapuzteko "eraso argia" da, Hamasen aburuz

Asteak zeramatzan Netanyahuren gobernuak Gazako hegoaldearen kontrako oldarraldia iragartzen, eta atzo goizean eremua husteko agindua eman zien han pilatuta dauden 1,4 milioi gazatarrei. Gainera, eguna amaitzear zela, Egiptok eta Katarrek egindako su eten proposamena onartzen zuela iragarri zuen Hamasek; Israelek, baina, ez du onartu. Hain justu, Kairon egiten ari diren negoziazio horiek "zapuzteko" ahalegina ikusi du Hamasen gobernuak Israelen oldarraldian. "Eraso argi eta aldez aurretik pentsatutakoa da bitartekarien ahaleginak izorrateko eta nazioartearen eta herriaren borondateari borondateari mehatxu egiteko", adierazi du ohar bidez.

Rafahko pasagunearen kontrola bereganatu ondoren, Israelek ez du bertatik inor pasatzen uzten, eta laguntza humanitarioa guztiz etenda dago. Orain arte, Rafahko pasagunea zen laguntza humanitarioa sartzeko ia bide bakarra. Kerem Shalom, Gaza eta Israel artean dagoen bigarren mailako pasabidea, ere zarratu du Israelek. Bigarren horregatik sartzen zen Rafahtik igarotzen ez zen laguntza. NBEren langileak ere ezin dira hurbildu koordinazio lanak egitera.

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal