lahaine.org
Euskal Herria :: 31/05/2019

Iñaki Bilbaok uko egingo dio bisitetara eskubudinekin lotuta irteteari

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua
Puerto III-ko kartzelan dago

Ohar honen bidez Puerto III-ko kartzelak hartutako erabaki baten berri eman nahi dugu, izan ere Iñaki Bilbao "Txikito" Lezamako preso politikoaren bizi baldintzei zuzenean eragiten baitie.

Iñakik bere hurkoei emandako informazioaren arabera, kartzelako Segurtasun Zuzendariordearen bisita jaso zuen pasa den asteartean eta, bertan, kartzelariak jakinarazi zion ordutik aurrera isolamendu moduluan dauden preso guztiak eskuburdinak jarrita joango direla galeriatik ateratzen dituzten bakoitzean.

Horrek esan nahi du bisitetara ere presoak eskuak loturik eramango dituztela. Iñakik horrelako neurri bat onartzeari uko egiten dio eta, ondorioz, hemendik aurrera ezin izango ditu senide eta lagunen bisitak jaso.

Argitu behar dugu Puerto III-ko kartzelako isolamendu moduluan 10 galeria daudela, erdia bost ziegetakoa eta beste erdia hamarrekoa, laburrak alde batean eta luzeak bestean. Bakoitzaren patioaren luzera ere ziegen araberakoa da, hamar ala bost ziegen luzerakoa alegia.

Era berean, azpimarratzekoa da kartzela horretako isolamendu modulutik erizaindegira joan behar izatekotan baino ez direla irteten bertako presoak, eta bisitetara joateko ezta hori ere ez, moduluan bertan egiten baitituzte. Galeriatik, ordea, bai irten behar dute

Neurri hori hartzeko orduan segurtasun aitzakiak jarri ditu kartzelak, eta aitzakiak diogu isolamendu galeriak benetako bunkerrak direlako: galeria bakoitzean filmatzeko bi kamera daude, eta galeriatik galeriara joateko pasabideak ere filmatzen dituzte eguneko 24 orduetan zehar.

Inoiz ez dago kontaktu zuzena kartzelarien eta presoen artean, beti dagoelako euren artean ate, hesi, kristal blindatu edo burdin sareren bat (irristailu-atea), bisitetara joaten direnean salbu, hainbat kartzelarik lagunduta baitoaz. Azkenik, bosgarren galerian dagoen preso batek urrutiko kontrol bidezko zortzi ate eta burdin sare igaro behar ditu bisitarako lokutoriora iristeko, eta aurrekoa ez da inoiz irekitzen atzean utzi dutena ixten den arte.

Beraz, segurtasunarena aitzakia hutsa izanda, kartzelarien sindikatu ultraeskuindarrak aspalditik eskatzen aritu diren neurri errepresiboetako bat da hau, berriz ere esperimentuetarako erabiltzen duten Puerto III-ko kartzelan eta berriz ere PSOE Espainiako Gobernuan egonda, PP bera baino ankerragoa izatera iristen dela erakutsiz.

Orain dela bi urte lehenengo graduaren lehenengo fasea aplikatu zioten Iñaki Bilbaori, kartzelan aplikatu daitekeen gogorrena (hilabete batzuk geroago lehenengo graduaren bigarren fasera pasatu zuten berriz), eta gainera hiru hurkorekin komunikatzea debekatu zioten are eta gehiago isolatu nahian.

Hurkoen aurkako debeku horrek solidario berriak Txikito bisitatzera joatea eragin zuen bere isolamendua apurtzen saiatzeko. Alabaina, neurri berri honekin Iñakiren aurkako tortura kronikoa gogortzea erabaki dute, praktikan bisitarik gabe utziz.

Azpimarratzekoa da ere Txikito dela kartzelan urte gehien daramatzan euskal preso politikoa, 18 urte eta erdiko lehenengo espetxealdiari, bigarren honetan daramatzan 17ak batzen zaizkiolarik. Guztira, 35 urte baino gehiago daramatza kartzelan.

Bestalde, gogorarazi behar dugu Puerto III-ko kartzela benetako sarraski espetxea izan dela ireki zuten une beretik, eta euskal preso politikoekin esperimentatzeko erabili egin dutela hasieratik. Ezarritako erregimena sobera ezaguna da bere gogortasunagatik, eta bertako kartzelariak bere jarrera militante faxistagatik. 2010eko maiatzean Arkaitz Bellon elorrioarra (gerora Puerto I-ean hilik agertu zena) jipoitu egin zuten.

Kartzela pertsona apurtzea eta preso politikoek bere militantziari uko egitea bilatzen duen instituzio bat dela ezin argiago erakusten duen adibidea da Puerto III-koa, delinkuente eta hiltzailerik handienak kartzelak sustengatzen dituzten horiek direla agerian utziz.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Iñaki Bilbaoren egoera eta Puerto III-ko zuzendaritzaren jarrera salatu nahi du. Txikito urte luzez muturreko egoera batean mantentzen ari dira modu isilean erail nahian. Horrelako egoerekin bukatzeko guztion presioa eta inplikazioa da beharrezkoa, eta borroka izango da, orain arte izan den bezala, estatuen basakeriei aurre egiteko modurik eraginkorrena.

Euskal Herria, 2019ko maiatzaren 30a.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.

Facebook

Twitter

WhatsApp

Telegram

Email

Copy Link

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal