lahaine.org
Euskal Herria :: 08/10/2025

Amaitu da Gasteizko lorezainen greba

Alea
197 egun eman dituzte greban lorezainek, eta azkenerako akordioa lortu dute enpresarekin; lan baldintzak “nabarmen hobetzea” ekarriko duen hitzarmena.

Martxoaren 26tik greba mugagabean egon ostean, Gasteizko Udalak azpikontratatutako lorezainek lortu dute akordioa ixtea Enviser enpresarekin. Astelehenean jakin zen langileen ordezkariek eta enpresak akordioa lortu zutela, eta astearte arratsaldean baiezkoa bozkatu berri dute langileek haien asanbladetan –46 baiezko, 8 ezezko, abstentzio bat–, akordioa behin betiko bihurtuz.

LAB eta ESK sindikatuek batera egin dute langileen batzarra, eta ELAk bere aldetik, baina bi asanbladetan atera da baiezkoa. Beraz, ofizialki amaitu da 197 egun iraun dituen greba. Lan baldintzak “nabarmen” hobetuko dituela adierazi dute sindikatuek. Aurreakordioa lortu ostean aipatu zen, enpresaz gain, udalak ere konpromisoa hartu zuela langileen baldintzak hobetzeko hurrengo kontratua idazterakoan, baina ez da horren xehetasun gehiago zabaldu.

Adostutako neurri nagusiak aipatzearren, 200 euroko berehalako soldata igoera jasoko dute Enviserreko lorezainek, eta igoera gehiago izango dira datozen hilabete eta urteetan. 2028rako 5.000 euro gehiago jasoko ditu langile bakoitzak urtean, galdutako erosahalmena berreskuratzea adostu baitute, %13ko galera izan ostean azken lau urteetan. Urteko lanorduak gutxitzen joango dira datozen hiru urteetan, egungo 1.700 orduetatik 1.592 orduan gelditu arte 2028an, eta bestelako neurriak ere adostu dituzte, atsedenaldi luzeagoak, senideak zaintzeko baimenak eta langileak antolatzeko erraztasunak.

"Borrokak merezi du"

Sei hilabete luze hauetako borrokak merezi izan duela esanez jakinarazi dute erabakia langileek. Ez da bide erraza izan, baina. Enpresari egindako kritikez gain, Gasteizko Udalari behin eta berriz leporatu diote akordioa lortzeko nahikoa ez egitea, eta enpresaren alde egotea negoziaketetan. Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren zinegotziarekin ere hainbat tirabira izan dituzte. Udan zerbitzu minimoak ezarri zizkien Jaurlaritzak, udalaren eskariz, eta gehiegizkotzat jo zituzten lorezainek, greba eskubidea urratzea leporatuta. Artolazabalen aurkako margoketa eta pegatinak agertu dira hilabeteotan, hainbat alderdik gaitzetsi dituztenak, nahiz eta grebaren deitzaileek ez dituzten beren gain hartu ekintza hauek.

Langileen baldintza prekarioak salatu dituzte greba hasieratik, eta baita lehenago ere, eta prekarietate horretatik urruntzea lortu dutela adierazi dute, behin akordioa erdietsita. Hala ere, beste behin aipatu dute "pribatizazio eta azpikontratazio politika basatiak" ezartzen dituztela EAJk eta PSEk, eta horren ondorio direla lorezainena bezalako egoerak.

Greban garaipena lortzeko ezinbestekoak izan da, sindikatuen esanetan, batetik jaso duten babes sozial masiboa, eta eskerrak eman dizkiete herritarrei. Bestalde, sindikatuen erresistentzia kutxen garrantzia ere goraipatu dute, grebalariek ekonomikoki eutsi ahal izateko gakoa izan direla esanaz.

Asteazkenean sinatuko da akordioa ofizialki bi aldeen artean, eta espero da ostegunean itzultzea lorezainak lanera. Gasteizko parke eta lorategietara itzuliko dira lorezainak, lan baldintzak hobetu izana ospatu ostean.

 

Contactar con La Haine

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal