lahaine.org
Euskal Herria :: 30/09/2018

Oreretatik adierazpena

Gurrutxaga Gogortza familia

2018ko Gudari Egunean, zera adierazi nahi genuke Peru, Gude, Rafa, Mikel, Arrantzale eta Egoitzen senideok:


Oreretan gertatu diren azken ekimenekin etsita, gure samina bulegoetatik haratago zabaltzea erabaki dugu. Irailaren 15ean, gure herrian polizia baten senideen zauriak ixteko egin zen omenaldiak erabat asaldatu gaitu. Gehiago gainera, azalpenak bezperan, telefonoz eta prentsak filtratu ondoren eman dizkigutenean. Lotsagarria, hain mingarria ez balitz.


Batzuk, bidelagun izan omen ziren bertan, haien saminean … Aldiz, astebete beranduago eta zenbait egun lehenago ezkutuan eta isilpean, Egoitzi, Rafari, Guderi eta Arrantzaleri egindako ekimen xumeetan, ordezkari horiek ez genituen ikusi... Nekez eman ahal zaio eskura irakurritako gutuna bertaratu ez denari … Guk antza, ez ditugu bidelagun gisa merezi!


Eta ahaztu gabe, bihoakio gure eskerrik zintzoena urte hauetan guztietan, bihotzbihotzez, ekimen hauek antolatzeko esfortzua egin duen orori, ez baita gure nahia euren asmoa ezbaian jartzea, eta ziurrenik errurik batere ez dutenek hartu baitute kolperik latzena.


Irailaren 21ean irakurritako gutun horren zentzu orokorrarekin, matizak matiz eta bakoitzak izandako bizipenak erantsirik, guztiok egiten dugu bat bete-betean. Horregatik egin genuen planto gainerako bertaratuen babesarekin.


Oinarrien babesarekin eginiko ekimena izan omen da poliziarena. Antza, gu ez gara oinarria. Oinarria nork definitzen duen ere ez dakigu, nork ezartzen dituen irizpideak, nork erabakitzen duen Oreretako herriaren izenean, Oreretako ezker abertzalearen izenean. Nork jartzen ditu filtroak!

Kudeaketa akatsak aipatuko dituzte beste behin ere, enegarren aldiz!!! Betikoa: batzuen arazoak gure oinaze bihurtuak. Konpon itzazue behingoz eta bueltatu herri honi bere borrokaren duintasuna!

Enpatia nola izan eta alde humanoa zer den irakastera dator mundu guztia guregana. Ez al du inork gure senideek egin zuten hautu gogorraren inguruko enpatiarik izan behar? Zer humanoagoa, guztia alde batera utzi eta zor zaiguna hiltzeraino borrokatzea baino? ZUK EGINGO AL ZENUKE?


Guk argi dugu: otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, justiziaren kontra eta behar den guztiaren kontra, guk, gure senideak defendatuko ditugu!

Oreretan, 2018ko irailaren 27an

OHARRA: Atxikirik irailaren 21ean irakurritako gutuna
Gabon, eskerrik asko guztioi etortzeagatik.
Ezertan hasi aurretik etxekook hitz batzuk irakurri nahi dizkizuegu eta eskertuko genizueke Egoitzen oroigarrira hurbilduko bazinate.


Hodei eta Egoitzen erailketa gauzatu zutenetik 16 urte betetzear daude. Irailak 23an izan zen leherketa. Zurrunbilo beltzaren hasera, ezinegona kezka eta beldurra. Izenak irrati bidez datozkigu. Herriaren haserrearen leherketa, erantzuna, babesa, maitasuna, errespetua eta konplizitatea.
Gorpuaren bahiketa, egurra, umilazioa … HARROTASUNA!


Baina, 16 urte hauetan historia errepikatu izan da, tamalez, erdizka. Harrotasunak badirau baina utzi gintuztenengatik soilik. Egurrak, gezurrek, umilazio eta gutxiesteak bizi-bizirik jarraitzen dute eragileak aldatu badira ere.


Garai batean, gauez egindako telefono deiak eta gutun anonimoak izan ziren. Ondoren senideon jazarpen poliziala eta jazarpen mediatikoa. Oroigarrian bandera españolaren margoketak eta bertako loreen etengabeko lapurretak.


Egun, testuinguru berrian, lehenik Udalak, oroigarriko plaka kendu zigun, ondoren “Aritxulegiko basoko” zuhaitza kendu ziguten beste askori bezala eta ez ziren urtero basoa txikitzen zuten berberak izan. Egia gogorra eta krudela izan arren horrela gertatu da.
Eta bestalde, (azkenik) hildakoen mailaketa dugu:


* Ofizialak eta klandestinoak
* Alfonbra gorridunak eta ahoz-ahokoak
* Mediatikoak eta isilpekoak
* Aitortuak eta gutxietsiak
* Onak eta gaiztoak.


Gerra hitza ez erabiltzeagatik hemen gatazka latza bizi izan dugu. Bizi dugu. Soldatapeko eragileak Euskal Herriaren aldeko boluntarioen kontra. Borroka desorekatua, baina ez horregatik bolondres falta izan duena. Guztia eskaintzeko gai izan diren pertsonez ari gara.


Aurrekari hauekin zauriak ixtearen beharraz ari dira. Sevillako polizia bat omendu dute gure herrian. Sevilla, Oreretatik 1000 kilometro ingurura… Eta galdetu gabe zertara etorri zen duela 40 urte! Olibondoa... Alfonbra gorria… Egoitzek ere bazuen bere pagoa Aritxulegin...


Ta gu hemen ahoz-aho, ezkutuan!!!
Adierazi izan dugu bileretan, batzarretan, solasaldi pribatuetan … desberdinketa hauek mina egiten digutela. Zintzoki, markoak eta formak errespetatuz. Alper-alperrik!!


Zauriak ixten dituzten ekimenak omen dira baina gure bihotzean sartuta dugun eztaka bortizki kolpatzen dute behin eta berriz. Ez dira gure zauriak ixteko,eta jada ez dakigu inporta zaien!
Eraikitzen ari den bizikidetza kontzeptua, gure bazterketa eta diskriminazioan oinarritua dago.
Gure memoria delitua den bitartean nekez izango da partekatu zein errespetatua. Eta Nazio Batuen Erakundearen estandarrak guri bost! Herri hau aitortzen ez duenak nola aitortuko du Egoitz! Nola aitortu Egoitz eta bere kideek emandakoa!


Ez dugu ez hitzik, ez bilerarik ez eta kontsolamendurik nahi. Pausoak eta ekintzak behar ditugu. Aurrera pauso ausartak. Garai batean beste batzuk eman zituzten …


Beraz, mila esker bertaratu zareten guztioi eta honakoak jakinarazi nahi dizkizuegu:


1.- Ez dugu gehiago parte hartuko Egoitzekiko ekimen klandestino eta ezkutukoetan. Gaurtik hasita, Egoitzen aitortza publiko eta instituzionala egin arte ez dugu joko honetan parte hartuko. Gu ez gara urtean behin gogoratzen Egoitzekin, egunero daramagu gurekin.


2.- Ekimen publikoak egiterako orduan aurkariei pribilegioak onartzen zaizkie. Horrek, gure senideei ekimen publikoak egiteko aukera ekarri behar du de facto. Bestela ez du balio.


3.- Hau honela ez den bitartean ez dute gure oniritzirik izango ekimen hauek. (Ez batzuk, ez besteek.)


Mesedez ez gaitzazue eten gabe 2002ko irailaren 23ra eraman.
GORA EGOITZ ETA BERE KIDEAK!!
Oreretan, 2018ko irailaren

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal