Uribe Kostako 11 gazte eta Iruñerriako beste 11 gazte epaituko dituzte


Argazkian, 2007an inoiz baino lagun gehiago batu ziren Indabadan, 600 bat pertsona, ekitaldia Algorta, Getxo eta Berangoko gazteen atxiloketak salatzeko ekimen bihurtu zela.
Irailean Uribe Kostako 11 gazte epaituko dituzte, eta urrian beste horrenbeste nafar, Auzitegi Nazionalean
>> ukberri.net: Algorta, Getxo eta Berangoko hamaika gazte epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean
Algorta, Getxo eta Berangoko hamaika gazte epaituko dituzte irailaren 19, 20 eta 21ean Espainiako Auzitegi Nazionalean, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez. Mikel de Gregorio, Joseba Elorriaga, Mikel Rekarte, Josu Rodriguez, Aner Mimenza, Lander Labajo, Txomin Gezuraga, Jon Rosales, Zigor Goikoetxea, Batxi Galdiz eta Gorka Oribe “erakunde terroristako kide” izatea eta “terrorismo delituak” egin izana egotzita auziperatu zituen Baltasar Garzon epaileak. Auziari Espainiako Polizia Nazionalaren Bilboko Informazio Brigada Probintzialak 2007ko urriaren 16an egindako atxiloketekin eman zitzaion hasiera. Guztiei kale borroka taldea osatu eta 2004tik 2007ko uztailera bitarteko hamar ekintza inguru leporatzen diete. Hiru ezik gainontzekoek espetxea ezagutu zuten eta egun ia lau urte beranduago fidantzapean aske dira. Epaiketa “inkomunikazio aldian torturen bidez eragindako autoinkulpazioetan oinarrituko dela” salatu du errepresioaren kontrako erakundeak.
>> berria.info: 22 gazte epaituko dituzte aurki, Segiko kide izatea egotzita
Urte politiko berrian gazte mugimenduaren kontrako epaiketak egiten jarraituko du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Algorta, Getxo eta Berangoko 11 gazte epaituko dituzte irailaren 19,20 eta 21ean. Handik bi astera, urriaren 4, 5, 6, 17, 18 eta 19an, beste 11 gazte eseraraziko dituzte akusatuen aulkian, kasu honetan nafarrak.
Gazte bizkaitarren kasuan, «talde terroristako kide izatea» eta «terrorismo delituak egitea» leporatzen diete; hain zuzen ere, 2004tik 2007 bitartean kale indarkeriako hamar ekintza egotzi diete. Gazteok salatu dute epaiketa «inkomunikazio aldian torturen bidez eragindako autoinkulpazioetan» oinarrituko dela.
Gazte nafarrei dagokienez, berriz, «talde terroristako kide izatea» leporatzen diete. Bakoitzarentzat hamar urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak. «Erakunde terroristako kide izateaz akusatuta gaude Iruñerriko gazte mugimenduan egiten dugun lan nabarmen eta agerikoagatik», salatu dute gazteok. Antolatzeko eta politika egiteko duten eskubidea ere aldarrikatu dute: «Gure auzo eta herrietan bestelako eredu sozial eta politiko baten alde lan egiteagatik atxilotu gintuzten. Kriminalizatu gaituzte, guri segika ibili, eta orain kartzelara sartu nahi gaituzte lan hori zigortzeko».







