lahaine.org

compartir

                          

Dirección corta: https://lahaine.org/fN4Y

convertir a:
Convertir a ePub  ePub        Convertir a pdf  pdf

  tamaño texto

  enviar          imprimir


traductor

15/04/2019 :: Euskal Herria, Colombia

Zergatik daukate preso Jesus Santrich gerrillaria?

x Iurdan Martitegi Lizaso, euskal preso politikoa

Isolamenduko 26. ziega da berea. Bogotako segurtasun handiko La Picota espetxean. Leber sindromearen ondorioz duela hamar urtetik itsua izateaz gain, diabetesa du. Hala ere, erabateko bakardadean isolaturik dute. Bi margolari greziarren izena du jaiotzez, Seuxis Paucias Hernández Solarte, nahiz eta ezagunagoa den gerrillan guda ezizen bezala erabili zuenagatik, Jesús Santrich.
FARC-EP gerrillako Karibe Blokeko komandante buruetako bat izan zen hiru hamarkadaz eta Estado Mayor Central-eko kide ere. Idazle, musikari, margolari eta historialari ere bada Santrich, euskal errealitatea sakonki ezagutzen duelarik. Habanako elkarrizketetan negoziatzaileetako bat izateaz gain Akordioen idazketan parte hartu zuen. Atlántico-ko departamendutik Kolonbiako kongresista hautatu zuten. Baina egun hauetan Akordioen arkitekto izan zenak urtebete beteko du isolamenduko ziega batean gatibu. Azal dezagun, labur bada ere, testuingurua:

Habanako Akordioek sustrai sakoneko gatazka politiko bat dute oinarrian. Arrazoi historikoak faktore anitzekoak badira ere, gatazka sozial, politiko eta armatuak lurren eta nekazaritza-garapenean du jatorria. 1964ean Marquetalia-ko nekazarien aurkako errepresio eta bonbardaketen aurrean altxatu ziren 48 nekazarik eman zioten sorrera FARC-EP insurgentzia talde gerrillariari. Bipartidismo antidemokratikoaren eta elite ekonomikoaren oinpean bizi ziren gehiengo sozial horren testuinguruan, miseriari eta errepresioari erantzunez sortu zen gerrilla eta mende erdiz nekazari, afro, indigena eta herritar konprometituenei esker elikatu zen.

Bost hamarkadaz, barne-guda ireki bat baino ez dute ezagutu Kolonbiar belaunaldi guztiek (262.000 hildako, 80.000 desagertu, 10.000 faltsu positibo, 6 milioi barne-desplazatu …), unean uneko gobernuaren jarrera belizista edo negoziatzaileago baten arabera. Hiru negoziaketa prozesutik (La Uribe 82-87, Tlaxcala 92, San Vicente del Caguan 99-02) pasa ondoren, insurgentziekiko (FARC-EP, ELN, M-19, EPL, Quintin Lame …) indar korrelazioaren araberako gerra estrategiak garatu ditu estatu kolonbiarrak, asimilaziotik anikilaziora. Mende aldaketaren bueltan FARC-EP gerrillaren hedapenarekin, bai gerrillari aldetik (30.000) bai eta lurraldeen okupazioagatik (Bogota inguratzeraino), Uribismoak AEB-en laguntzaz “Plan Colombia” martxan jarri zuen. Helburu nagusia paramilitarismoarekin elkarlanean gerrilla deuseztatzea zen, eta aldi berean xede geopolitiko argia ere bazeukan, AEB-ei aukera eman baitzion Hego Amerika guztian bere interbentzionismo politikoa, ekonomikoa zein militarra sustra
itzeko (zazpi militar-base). Baina giza-eskubideen urraketa imajinagarri guztiak burututa ere, (motozerraz nekazariak erdibitzea …), ofentsiba horrek ez zuen lortu matxinatuekin eta beren babesarekin bukatzea.

Uribe paramilitarraren erabateko konfrontazioak bilatzen zituen emaitzak lortu ez zituenez, ondorengo Santosen gobernuak ordezkatzen zituen Kolonbiako oligarkia eta enpresari handien hausnarketa eta erabakiz, FARC-EP-ko gerrillariekin bake negoziaketan sartu ziren. Garaipen militarrean etsiturik eta berdinketa amaiezin batek beraien klase interesei mesede baino kalte egiten ziela ondorioztatu ondoren.
Habanako Akordioak sinatu eta gutxira, ordea, Uribismoa berriro iritsi zen gobernura, Duqueren eskutik. Honek ordezkatzen duen Centro Democrático-aren eskuin mutur parapolitikoak, Akordioak saboteatzea izan du helburu hasiera hasieratik, gatazkatik eta gatazkarako bizi direlako eta bestetik, Egiaren batzordea eta JEP-aren (Jurisdiccion Especial para la Paz) aurrean beraien inplikazio kriminala ezkutatzen jarraitu nahi dutelako.


Bi Gobernuen Akordio urraketa konta ezinen testuinguruaren aurrean ( zehatzago 2. artikulu batean azalduko ditudanak) arduradunak gehien seinalatu zituztenen aurkako errepresio makineria abian jarri zuten estatu aparatuek, Ivan Marquez, Oscar Montero, Romaña eta beste batzuk atxilotzeko legez kanpoko eta akordioen aurkako operatibo militarrak burutuz (geroztik “ezkutuan” daude) eta Jesús Santrich akusazio faltsuekin atxilotu eta espetxeratuz. Kolonbiako fiskal-goren Néstor Humberto Martínez Neirak, ustelkeri kasu askotan nahastua eta zeina La Habanako Akordioen aurkari sutsu ezaguna denak, Santrich jomugan zuen muntai polizial bat burutu zuen, AEBetako DEA agentziako infiltratuen laguntzaz. AEBetara hamar tona kokaina bidaltzeko salaketa faltsupean, Santrich espetxeratu zuten, estradizioaren zain. Ongi dakiten arren Jesús Santrich-en patua Bake Akordioen patuarekin lotua dagoela guztiz, negoziatzaile nagusietako bat izateaz gain, AEBrako bere estradizioak beste gerrillari g
uztientzat aurrekari bilakatuko bailitzateke.


Hasieratik, muntaia gezurtatzeko erabakimen osoz eta zin eginez ez dutela bizirik estraditatuko, Santrich gose greba mugagabean egon zen 41 egunez, harik eta, fiskal ustelaren nahien aurka, bere kausa jurisdikzio ordinariotik JEP-era eraman zuten arte. Honek suposatzen zuen JEP-ak bere kausa aztertu eta frogen baliozkotasunean sar zitekeela, estradizio prozedura arruntean ez bezala. JEP-ak New York-eko epaitegiko (Kolonbian ez dago kausarik) Santrichen aurkako ustezko frogak aztertu ondoren, fiskalak komunikabideen laguntzaz zabaldutako bideo, audio eta froga guztiak ezerezean gelditu dira, AEB enbaxadoreak aitortu behar izan. Ez zegoen kokainarik, ez Sinaloako kartelik (DEAko infiltratuak ziren), ezta Santrich-en gaiari buruzko aipamenik grabaturik ere. Geroztik, Santrich-en askatasuna Akordioen aldeko eta aurkakoen arteko borroka politikoan katramilaturik dirau, Uribismoak gaia JEP-a deslegitimizatu eta berau aldarazteko erabiltzen duelarik.

Bitartean, JEP-aren azken erabakiaren zain Santrich-ek burokrazia judizialean kateaturik segitzen du. Zutik, duin, Kolonbia berri baten ametsaren defendatzaile sutsu bezala eta Bolibarren Aberri Handitik bizirik aterako ez dutela zin eginez. Santrich da egun, ezabatu nahiko luketenentzat, La Habanan adostatukoaren memoriaren adierazlea. Guzti honengatik ere, Frantziako kaiola hauetatik AEB-etan lurpean kartzelaratua duten Simón Trinidad, Kolonbiako preso politiko guztien eta La Picota-ko 26. ziegako Jesús Santrich-en askatasuna nire aldarri bilakatzen dut. Ozeano oso batek urruntzen bagaitu ere, internazionalismoak eta ideal justu batzuek batzen baikaituzte.

*Kurduentzako egun latz bezain eredugarri hauetan ezin aipatu gabe utzi PKK eta PAJK-ko zazpi mila preso politiko burutzen ari diren gose greba mugagabea Öcalanen isolamenduarekin bukatzeko exijituz, AKP-ren gobernu faxismoa hautsi eta Kurdistanen askatasunaren alde. Historia erresistentziaz idatzia da.

Iurdan Martitegi Lizaso -euskal preso politikoa-

compartir

                          

Dirección corta: https://lahaine.org/fN4Y

 

Contactar con La Haine

Envíanos tus convocatorias y actividades!

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License    [ Clave pública PGP ] ::

Principal