lahaine.org
Euskal Herria :: 17/06/2015

Durão Barroso Donostiatik kanpora!

2016 Desokupatu
Kontzentrazioa ostegunean, hilak 18, arratsaldeko 19:00etan San Telmo Museoan

 

 

(Donostia 2016ak gonbidaturik, Durao Barrosok  hitzaldia emango du datorren ostegunean Donostako San telmo Museoan. Hitzaldi hori DSS2016EU hiriburutzaren kultur programaren barne dago! Ikus azpian DSS2016-ren prentsa oharra).  

HORI DELA ETA, PROTESTA EGITEKO DEIALDIA:

Egiako Batzarrean bilduriko donostiarrok José Manuel Durão Barroso gure hirira etortzea eta erreferente politikotzat hartzea tamalgarritzat jotzen dugu eta herritarroi irain egitea dela uste dugu. Demokraziaren eta giza eskubideen etsai honek ibilbide iluna gehiengoaren kalterako gutxiengoen mesedetan garatu du.

 

Azoreetako Gailurrean Aznar, Blair eta Bushekin Irakeko bonbardaketei hasiera eman zioten, NBEren irizpideen aurka, mugagabeko sufrimenduari hasiera emanaz. Ez dugu behar gerra kriminal gisa epaituak izan behar luketenen leziorik!

 

Emandako zerbitzuegatik sari gisa jaso zuen Europako Batzordeko lehendakaritza. Bertatik herritarrok zapaltzen igaro ditu hamar urte. Iruzur finantzieroak eta eskubide sozialen aurkako neurriak inoiz ez bezala aplikatu dituzte epe honetan; austeritatearen izenean murrizketa eta pobretze neurriak era basatian bultzatu dituzte, milioika herritarren bizi baldintza duinen gainetik pasatuz.

 

Politika sozialak eta aberastasunaren banaketa murriztu kapitalismoaren ametsetako Europar Batzordea izan da Duraorena. Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsarekin batera Troika famatua osatu dute herritarrok estutuz eta arnasa hartzea eragotziz estrategia bateratua jarraitu dutenak. Etxegabetzeak, elikadura arazoak, oinarrizko hezkuntza eta osasunaren galera eta antzekoak dira politika horien ondorioak; baita kapitalista handien irabazien biderkatzea eta merkatuen liberalizazioa ere. Herrien eta herritarren burujabetzari eragindako atzerapausoa ikaragarria da.

 

Ez ditugu nahi eta ez ditugu merezi maila honetako sufrimendua ereiten duten gobernariak. Gerra kriminalak, lapurrak eta hondamendi sozialaren errudunak ez dira ongi etorriak Donostian. Eskatu nahi dugu ez bilakatzeko euren konplize; bera eta bere gisakoak ez ditzatela gonbidatu gure hirira. Ozen oihukatzen dugu DURÃO BARROSO DONOSTIATIK KANPORA! Eta adierazten dugu herritarron eta herrien etsaiek parez pare izango gaituztela beti, gure eskubideei erasorik onartzen ez dugulako.

 

 

HORI GUZTIA DELA ETA, DEI EGITEN DIOGU HERRITAR ORORI, DATORREN OSTEGUNEAN, HILAK 18, ARRATSALDEKO 19:00ETAN, SAN TELMO PLAZAN EGINGO DUGUN “GAIZKI ETORRI PROTESTAN” PARTE HARTZERA.

 

 

 

dss2016.eu Prentsa ohar ofiziala:

Europar Batasunarentzat kontakizun berria. Ba al dute Europako herrialdeek historia komun bat?

GIZARTE EREDUA LITERATURA EUROPA SAN TELMO MUSEOA EUROPAR ELKARRIZKETAK

 

Europar Elkarrizketen seigarren jardunaldia ekainaren 18an ospatuko da San Telmo Museoan; oraingoan, José Manuel Durao Barroso Europar Batzordeko Presidente ohia eta Miguel Maduro Portugaleko Estatuko eta Eskualdeko Garapeneko ministroaren presentzia izango dugu.  

Ekitaldian, Durao Barrosok eta Miguel Madurok, Europaren narratibaren inguruan hitz egingo dute, galdera zehatz bati erantzuna emateko xedez: ba al dute Europako herrialdeek historia komun bat? Edota istorio ezberdinen batuketa soilik al da Europako Batasuna?

Globernance Gobernantza Demokratikorako Institutuak, Donostia 2016k eta San Telmo Museoak Europar Elkarrizketen seigarren saioa aurkeztu dute. DSS2016EUren kultur programaren barne dagoen eta San Telmo Museoak 2014 urtean abian jarri zuen Erronkak arloan txertatzen den proiektua da honakoa.

Duela zortzi urte hasi zen eta oraindik ere pairatzen ari garen  krisi ekonomikoak ondorio larriak ditu Europako biztanleriarentzat eta herrialdeentzat; Europako proiektua bera kinka larrian jarriz. Azken egunotako berriek -Grezia eurotik irtetea; Erresuma Batuak 2017an ospatuko duten erreferenduma- ezinbestean behartzen gaituzte Europak komun dituen balioak, istorioa eta narratiba birpentsatu eta birplanteatzera. Egoera honen inguruan hitz egiteko, Europar Elkarrizketen seigarren jardunaldiak José Manuel Durao Barroso eta Miguel Maduro izango ditu hizlari, eta hainbat galderei erantzuna ematen saiatuko dira; benetako “Batasuna” al da Europa? Ba al du istorio edota narratiba bateraturik? Edota... Estatu ezberdinen balio, narratiba eta istorioen batuketa hutsa al da Europa?

Katerina Yiannibas, Europar Elkarrizketak proiektuaren zuzendariaren hitzetan, hausnarketa hau momentu ezin hobean jazoko da, lehen aipatutako gertaerak direla eta: “Europak bere etorkizuna du jokoan. Erabaki garrantzitsua hartzeko momentua iritsi da. Ekonomian soilik oinarritutako batasuna izan nahi al du? Ala, balioetan eta narratiba partekatuan oinarritzen  den estatuen benetako batasuna?”.

 

 

 

 

Europar Batasunarentzat kontakizun berria: Ba al dute Europako herrialdeek historia komun bat?

Ekainaren 18an San Telmo Museoan izango den Europar elkarrizketen seigarren saioan José Manuel Durão Barroso Europako Batzordeko presidente ohiaren eta Miguel Maduro Portugaleko Estatuko eta Eskualde Garapeneko ministroaren presentzia izango dugu. 

Eztabaidaren xedea Europaren narratiban sakontzea izango da; Europa bateratu dezakeen balioen inguruan eztabaidatzea, alegia. Europa bakarra al dugu? Edota, estatu bakoitzaren istorioen batuketek eraikitako Europa?

Seigarren saio honen baitan, elkarrizketaren aurretik, komunikabideekin topaketa egingo da, argazki ofiziala ateratzeko eta Europar elkarrizketen antolatzaile eta parte hartzaileekin galdera erronda irekia egiteko. 

Informazio gehiago atxikitako prentsa-oharrean

Eguna: ekainak 18, osteguna
Ordua: 18:15-20:30
Tokia: San Telmo Museoa

Parte hartzaileak

Pablo Berastegui, Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuaren zuzendari orokorra

José Manuel Durão Barroso, Europako Batzordeko presidente ohia

Miguel Maduro, Portugaleko Estatuko eta Eskualde Garapeneko ministroa

Daniel Innerarity, Globernance Institutuko zuzendaria

Susana Soto, San Telmo Museoko zuzendaria


Agenda:
18:15 – 18:45 -  Argazki ofiziala eta  galdera erronda San Telmo Museoko areto nagusian
19:00 – 20:30 – Europar elkarrizketen 6. saioa San Telmo Museoko elizan

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal