lahaine.org
Euskal Herria, Nacionales E.Herria :: 14/12/2016

Gora okupazioa! Etxarri aurrera! Autogestioz kontraboterea eraikitzera!

Etxarri Gaztetxeko asanblada (Errekalde)

 

Duela bost urte, Errekaldeko Kukutza III gaztetxea desalojatu eta eraitsi zuten Azkunaren aginduz. Espazio hori izan zen urte luzez auzoko bihotza eta motorra. Geratu zen hutsunea “betetzeko”, udalbarrutia zabaldu zuten auzoan, konpentsazio gisa. Guk (eta beste kolektibo batzuek) ez dugu inoiz pentsatu eraikin horrek auzokideen beharrizanak asetzen dituenik. Horregatik okupatu zen Etxarri gaztetxea. Bi urte eta erdi hauetan, udaletxea eraikina desalojatzeko saiakeratan ibili da etengabe, baina ezin.

Azkenean joan den astetazkenean, azaroak 30, Bilboko udaletxeak Etxarri hustaraztea agindu zuen, Aburto alkatea eta Asier Abaunza zinegotzia buru. Erabili duten aitzakia: gaztetxeak ez dituela “segurtasun neurriak” betetzen. 

 Errekalde udaltzainez eta zipaioz josi zuten beste behin ere; eta, duela bost urteko Kukutzaren desalojoaren irudiak etorri zitzaizkigun gogora. Itxiera agindua baino ez zeramaten besapean, baina inolako baimenik gabe ibili ziren materiala ateratzen. Horretaz gain, gaztetxeko bi ateen aurrean hormigoizko bi horma eraiki dituzte. Argi erakutsi dute, oraingoan ere, komeni zaienean haien legeak ere ez dituztela betetzen. Ez omen ditugu udaletxearen arauak betetzen; bai, horretan arrazoi dute. Ez ditugu udaletxearen arauak betetzen eta ez dugu haiek betetzeko inolako asmorik. Ez dugu asmorik gure jarduna instituzio burges eta patriarkalei lotutako guneetara mugatzeko. Postaletarako prestatzen dituzten ekintza sasi-kulturalen aurka, guk, herri eta auzoetako artisten kontrakulturan sinisten dugu; balio zapaltzaileak zalantzan jarri ere egiten ez dituzten erakusketen aurka, zapalkuntzak nabarmentzen dituzten tailerrak; urbanismo plan garestien aurka, eraikin zaharrak berreskuratzea; udaletxearen “kudeaketa onaren” aurka, autogestioa; desalojoen aurka, okupazioa… Azken finean, haien boterearen aurka herri boterea eraikitzeko espazioa ematen zigun gaztetxeak.

Hala ere, Etxarrik auzoarentzat duen proiektua ez zen aurreko asteazkenean bukatu. Ez diegu beldurrik, Etxarri ez dute geldituko txakurrak paseoan aterata edo Azkunaren bidea ondo ikasita eduki arren. Auzotik eta auzoarentzat jarraituko dugu borrokan, ez dezatela zalantzarik izan. Amaitzeko, gure elkartasun osoa bidali nahi diegu Euskal Herriko gaztetxe, gazte asanblada eta gune autogestionatuei; bereziki, Barakaldoko Makala II-ko, Mungiako Errota eta Iruñeko gaztetxeko kideei. Herri mugimenduak, dituen bitartekoekin, guneak okupatzen eta defendatzen jarraitu behar duela uste dugu.

Errebeldiaz bizi gara!

Gora okupazioa! Etxarri aurrera! Autogestioz kontraboterea eraikitzera!

 

Este sitio web utiliza 'cookies'. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas 'cookies' y la aceptación de nuestra política de 'cookies'.
o

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal