Maderas de Llodio enpresak 39 langile kaleratu nahi ditu


39 langile kaleratu nahi ditu Maderas de Llodiok. Hala jakinarazi die enpresako zuzendaritzak enpresa batzordeko kideei, "produktibitate eta antolaketa arrazoiak" argudiatuta. Enpresaren arabera, ekoizpenaren zati bat Garnica taldearen beste lantegi batzuetara eraman nahi da.
Enpresa batzordeak, ordea, jakinarazi du ez duela neurri hori onartuko eta greba deialdiak iragarri ditu irailaren 16an eta 18an, enpresak atzera egiten ez badu. Langileek diote ez dagoela inor soberan enpresan, eta kaleratzeek plantilla osoarentzat kalte larria ekarriko luketela.
Duela astebete hasi ziren zurrumurruak kaleratzeen inguruan, baina gaur eguerdiko bileran eman du enpresak bere asmoen berri ofiziala. Hitzarmen kolektiboaren negoziazioa gelditu egin da, eta sindikatuek salatu dute enpresak elkarrizketa haustea erabaki duela, "zuzenean langileen etorkizunaren aurka".
Enpresa batzordean LABek hiru ordezkari ditu, eta ELA, CCOO eta UGTk bina. Sindikatuek adostu dute lanpostu galerarik ez dutela onartuko, eta mobilizazio gehiago deituko dituztela beharrezkoa izanez gero.