lahaine.org
Euskal Herria :: 02/03/2011

Biolentziaren erabilera besteren teilatuan jarri nahian,beraiek dira biolentziarik ankerrena darabil

askatu.org
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak agerraldia eskaini du gaur goizean Bilbon atzilotuen senide eta lagunekin. Mobilizazioak deitu dituzte.

Biolentziaren erabilera besteren teilatuan jarri nahian,beraiek dira biolentziarik ankerrena darabiltenak

Egunon eta milesker agerraldi honetara etorri zareten guztioi,

Aste baten barruan izandako gertaerek Euskal Herrian bizi dugun errepresio eta jazarpen egoerak indarrean
jarraitzen dutela erakutsi digute.

Batetik Izpuran itxialdian egon diren zortzi gazte independentistak atxilotzen hasi dira banan bana. Gazteek ozen aldarrikatu dute beraien militantzia politikoa, egin duten lana erabat publikoa izan dela esplikatu diete ipar Euskal Herriko hamaika eragile sozial, politiko eta sindikali. Hauek, beraien etxeetako ateak ireki dizkiete itxialdia amaitu ondoren bertan ostatu hartu dezaten. Euskal Herrian isilegi pasatzen den errealitate bat agertu zaigu berriz ere itxialdi honetan, torturaren errealitatea alegia. Zortzi gazteek argi hitz egin dute. Tortura ekiditeko ihes egin zuten beraien etxeetatik, beraien herrietatik. Eta torturari ihesean iritsi dira ipar Euskal Herrira. Beraietako askoren izenak aurrez atxilotuak izan ziren gazteek torturapean egindako deklarazioetan agertu ziren, eta horren jakitun bazekiten beraiek ere patu beraren jomugan zeudela, torturaren jomugan alegia. Paueko epaitegian epaituko dituzte datorren asteartean.

Bestetik atzo Guardia Zibilak atxilotu zituen lau bilbotarren inkomunikazio egoerak alarma guztiak piztera garamatza. Guardia Zibilak azken polizia operazioetan erabilitako ankerkeriak benetako ezin egona sortzen digute lau bilbotarrak jasaten ari daitezkeen tratuaz pentsatze hutsarekin. Guardia Zibilak tortura latzak erabiltzen ditu atxiloturiko euskal herritarren aurka, tortura hauek sistematikoak dira, eta tortura hauek helburu politiko argiak dituzte. Zentzu honetan, PSOEko Gobernuak ardura zuzena du iaz egondako 64 tortura kasuetan. PSOEko Gobernua da une honetan lau atxilotuekin gertatzen ari denaren arduraduna.

Bestelako bortxakeriarik ezean Espainiako Estatua da bortxarik ankerrena mahai gainean jartzen ari dena, astea joan eta astea etorri. Bortxakeriaren eztabaida elikatzen dabiltza, bortxaren erabilera besteen teilatuan jarriz, baina praktikan, ezkutuan, torturarik latzenak erabakiz Moncloako bulegoetan eta hauek praktikara eramanez polizia etxeetan. Zentzu honetan tamalgarria suertatu zaigu Eusko Alderdi Jeltzalea atxiloketak txalotzen ikustea, jakin badakitelako antzeko atxiloketen ostean tortura testigantza izugarriak ohikoak izaten direla. Esango al dute ezer atxilotu hauek torturak salatzen baldin badituzte?

Errepresio politikoak helburu argiak ditu. Batetik Euskal Herriak bizi duen egiturazko zapalkuntzaren aurrean altxatu diren herritarrak zigortzea da bere xedea, gure herriaren historiak erakutsi digun bezala. Errepresio politikoaren jomugan egon dira egiturazko zapalketa honi bide eta molde ezberdinak erabiliz aurre egin dioten militante politikoak. Honela, Euskal Herriaren eskubideen alde antolatu diren herritarrek eskuburdinak, torturak, espetxeak eta epaiketak izan dituzte ordainetan. Finean herri hau beldurturik, makurturik mantendu nahi izan dute estatuek hamarkadetan, mendeetan. Eta xede horri erantzun dio unean unean erabili duten bortizkeria politikoak. Militantzia politikoa zigortuz, askapen mugimendua isildu eta makurtu nahi izan dute, Espainia eta Frantzia handien proiektu politikoa indarrez ezarriz Euskal Herrian.

Errepresioak baina, jakin izan du Euskal Herrian bizi izan ditugun aro politiko ezberdinetara egokitzen. Ukaezina da gaur Euskal Herrian bizi dugun une politikoa berezia dela. Hilabetez hilabete, eragileen arteko elkarlanak, kaleko mobilizazioek, nazioarteko ospe handiko erakunde eta norbanakoen esku hartzeak eta ETA erakundearen erabakiek aro berri batean kokatu dute gure herria. Benetako prozesu bat garatzeko oinarriak jarri dira, elkarlan guzti hau konpromiso eta bide orrietan gorpuzten joan delarik. Larunbatean Gernikako adierazpenaren sinatzaileok genion bezala, akordioa betetzen hasteko garaian sartu gara, eta horri lotzen gatzaizkio gaurkoan ere. Baina agerikoa da Espainiako eta Frantziako gobernuak ez daudela Gernikako bide orrian. Hauek bide orri propioa dute, eta gaur gaurkoz errepresioak gidatzen du bi estatuen plangintza politikoa.

Honela bada, azken hilabeteotan garatzen ari garen bidean aurrera egitea dagokigu. Benetako konponbide baten aldeko lanean gabiltzanok gure burua indartu behar dugu, konpromisoak areagotuz, mobilizazioak biderkatuz eta besteak beste eremu guztietan errepresioaren aurkako lana antolatuz. Horretan ari gara eta hori erakusten dute azken hilabeteotan burutu ditugun masa mobilizazio ikaragarriek. Herritarron mugimenduak eta aktibazioak ekarriko du errepresioaren gelditzea eta desaktibazioa. Errepresioaren aurrean elkartasuna eta erantzun zabala beharrezkoak izango dira. Hori da gure konpromisoa. Besterik gabe, datozen egunetan burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu:

Asteazkena:

Zumaian, 19:30etan kotxe karabana Kofradiatik

Osteguna:

Donostian, 19:30etan elkarretaratzea udaletxe aurrean
Zumaian, 19:30etan elkarretaratzea Magnolio aurrean
Bergaran, 19:30etan manifestazioa plazatik abiatuta

Ostirala:

Zumaian, 20:15etan manifestazioa Kofradiatik abiatuta
Bilbon, 20:00etan manifestazioa Santiago plazatik
Gasteizen, 20:30etan manifestazioa Andra Mari Zuriaren plazatik

Larunbatean:

Arratsaldeko 15:00etan giza katea Saint Leonetik

 

Contactar con La Haine

 

La Haine - Proyecto de desobediencia informativa, acción directa y revolución social

::  [ Acerca de La Haine ]    [ Nota legal ]    Creative Commons License ::

Principal