Estatuaren eta bere poliziaren indarkeria salatzeko manifestazioa Sopelan

PSOE-PP biolentzia gehiagorik ez!
Astelehena, apirilak 4, arratsaldeko 8:30ak inguru; Jon Etxegarai eta
Gabi Basańez sopeloztarrei agurra emateko prest, Sopelako erdiguneko
kale bat jendez gainezka zegoen. Hainbat hilabete "modu prebentiboan"
kartzelan eman ondoren eta epaiketaren zain daudelarik, herrian
zeuden. Baina ospakizuna arratsalde iluna bilakatu zen. Trajea bezain
beltza eta kaskoa bezain gorria izan zen bertara hurbildutako
ertzainen jarrera. Urduritasuna, tentsioa eta beldurra areagotuz haien
esku-hartzearen ondorioak hurrengoak ditugu: hainbat zauritu,
ospitalera joan behar izan zutenak, kolpatuak, mehatxuak, lau pertsona
identifikatuak. Hori al da ongi etorri pribatu bati dagokion erantzun
proportzionala?
Garaiak aldatuz doaz, jarrerak eta aurrera begira ditugun itxaropenak
ere. Baina, badirudi zenbaitzuek hau zapuzteko agindu argiak
dituztela. Sopelako Gernikako Akordioko sinatzaileok inolako
indarkeriarik gabeko egoera nahi dugu. Horretarako, bermatuko dituen
baldintzak errespetatuak izan daitezen exijituz. Modu horretan
bakarrik lortuko baitugu normalizazio politikorako bidean aurrera
egitea.
Sopelan ere ideologia politikoa aitzakiatzat hartuz mehatxatuak eta
kolpatuak izateko arrisku argia dagoenez, gatazkaren konponbide
demokratikoa aldarrikatzen dugu. Testuinguru horretan, apirilak 14,
ostegunean burutuko den pleno eta manifestaziorako deialdia luzatzen
diogu herritar orori: arratsaldeko zortzietan Sopelako udaletxeko
plazan guztiok elkar gaitezen.
Bake bidean aterabide demokratikoa orain!
Prentsaurrekoaren bideoa:







