Getxon, emakume bat labanaz erailtzen saiatu da bere bikotekidea
Biktima ospitaleratuta dago oraindik, larri zaurituta.
Azken egunetan, gutxienez bi eraso matxistaren berri eman dute Euskal Herrian. Gizon bat espetxeratu dute Getxon(Bizkaia), bikotekide ohia labana batekin hiltzen saiatu ostean. Gertakariak joan den larunbatean jazo ziren. Erasoa 13:35ean gertatu zen, eta hainbat lekukok udaltzainei eman zieten abisua. Erasoa izan zen tokitik gertu aurkitu zuten erasotzailea, eta honek emakumeari eraso egin ziola aitortu zuen. Bertan atxilotu zuten, eta labana bat ere konfiskatu zuten. Polizia iritsi zenerako, emakumea larri zaurituta zegoen, eta ospitalera eraman zuten. Gaur-gaurkoz, ospitaleratuta jarraitzen du, zaurien ondorioz.
Bestalde, Gasteizko Udaltzaingoak 31 urteko gizon bat atxilotu zuen asteartean, goizaldeko 01:00ak aldera, indarkeria matxista egotzita. Goizaldean, Anglo-Vasco auzora joateko abisua jaso zuten, gizon batek emakume bat etxetik bota zuela salatuta. Udaltzainak bertaratu zirenean, emakumea kalean aurkitu zuten, pijama jantzita. Emakumeak adierazi zuen bikotekideak eraso egin ziola eta, ondoren, etxetik kanpora bota zuela. Halaber, aurretik beste bi eraso ere jasan zituela jakinarazi zuen. Emakumeak lesioak zituela egiaztatuta, agenteak etxebizitzara igo ziren, eta bertan gizona atxilotu zuten. Ondoren, polizia-egoitzara eraman zuten, indarkeria matxista egotzita.







