Guardia Zibilaren "jazarpena eta inposaketa" salatu du Bakaikuko ezker abertzaleak

Pasa den igandean, Guardia Zibilak independentzia egunean Bakaikuko eta Iturmendiko sarreratan jarritako seinaleak konfiskatu zituen. Gainera, herritarrak multaz josi eta hainbat jarraipen egin zituen herrian, herritarrengan izua zabalduz.
Larunbatean Independentzia eguna ospatu zen Bakaikun. Bakaiku eta Iturmendiko Ezker Abertzaleak antolatutako ekimena arrakastatsua izan zen. Eguerdian bi herrietako sarreratan lurraldetasuna eta independentzia aldarrikatzen zuten seinaleak jarri ziren. Guardia Zibila zelatan zegoen bitartean, baina ez zuten ezer egin momentu horretan.
Igandean berriz, arratsaldeko 3etan, Guardia Zibilak seinaleak kentzeari ekin zion. Horez gain, arratsaldean zehar Guardia Zibilaren patrolak herritarrak atzetik jarraituz, zentzugabeko isunak jarriz, argazkiak ateratzen eta herri erdian zeuden kotxeen matrikulak hartzen ibili ziren. Egoera jasangaitza bihurtu zen, herritarren esanetan.
Bakaikuko ezker abertzalearen ustez, gertakari honek “argi erakusten du, sasi-demokrazia honek herri bezala ditugun eskubideak ukatzeaz gain independentzia beraren aldarrikapena ukatzen digula”.
Horren aurrean, “seinaleak berreskuratu eta berriz ere dagokien lekuan” jarriko dituztela adierazi dute. Zentzu horretan, Guardia zibilari eta Nafarroan Espainiarren Gobernuak duen ordezkaritzari seinaleak eskatzeko eskaera egin diote Bakaikuko Udalari.
“Herritarrei zuzentzen gara salbuespen neurri hauei eta azken aldian gure bailaran jasaten ari garen presio polizialari aurre egiteko. Inposizioaren eta jazarpenaren aurren tinko erantzun behar dugu. Gure herriko kaleetan libre bizi nahi dugu”, adierazi dute.







