Irlandako eta Hegoafrikako preso politiko ohien babesa jaso dute euskal preso politikoek

Egunon guztioi eta milesker agerraldi honetara hurbildu zaretelako,
Euskal Herrian aro politiko berri bat irekitzen ari gara. Hamarkadaz hamarkada eta belaunaldiz belaunaldi luzatu den gatazka politikoa konpontzeko oinarriak jartzen ari gara, prozesu demokratiko baten bidez gatazkaren arrazoiak konpondu eta gatazkaren ondorioak gainditzeko asmoz.
Gure herria txikia izanagatik beti begiratu izan diogu munduari, eta beti saiatu izan gara beste herrialdeetatik interesgarriak zaizkigun ikasgaiak jaso eta gurera ekartzen. Zentzu horretan erreferentzia argiak izan dira guretzat Irlandaren iparraldean eta Hegoafrikan azken urteotan gauzatzen ari diren konponbide prozesuak. Bi herrialdeek asko aurreratu dute gatazken konponbide prozesuetan, eta pozez jarraitu ditugu berauetan izan dituzten lorpenak.
Gu lehen urratsak ematen ari gara, bide luzea dugu oraindik egiteko. Argi dugu, gure gatazkak eta egin behar dugun prozesuak berezitasun propioak dituztela, eta ez dagoela eredu bat osoki gure gatazkari aplikagarria dena. Baina badaude antzekotasun handiak dituztenak, eta gure ustez ekarpen garrantzitsuak jaso ditzakegu aurrez aipatu ditugun bi herrialdeetan egin dutenetik.
Azken egunotan gure herrian eman diren gertaera zenbait gatazka politiko honen aurpegi ankerrenetako baten erakusleiho izan dira. Euskal preso politikoez ari gara, eta une honetan euskal preso politikoei ezarriak zaizkien muturreko neurriez. Mikel Ibañezen heriotzak gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoen egoera latza erakutsi digu berriz ere. Joxe Mari Sagardui, Antton Troitiño, Jon Agirre eta beste hainbat euskal preso politikoren kasuek biziarteko espetxe zigorraz hitz egitera garamatzate. Errepideetan presoak bisitatzera doazen senide eta lagunen istripuak errepikatzen ari dira hilero. Euskal preso politikoek Europa osoan errepresio eta bortxazko egoera latzena pairatzen ari diren kolektiboa osatzen dute. Eskubiderik gabeko pertsonak dira, espetxe politika ankerrenaren jomuga.
Horregatik, irlandar eta hegoafrikar preso ohiekin batera, euskal preso politikoek bizi duten muturreko egoera gainditzeko beharrezko urratsak aldarrikatu nahi ditugu. Euskal Herria benetako bake eta demokrazia egoera batetara eramateko bidean derrigorrezkoa da hasteko presoek bizi duten egoera larria gainditzeko pausuak ematea, preso eta iheslari politikoen etxeratzeari bide emateko ondoren. Espetxe politikaren egungo ereduarekin amaitu eta espetxe politika konponbidearen klabeetan jartzeko garaia da.
Zentzu honetan, beste behin ere gaixotasun larriak dituzten presoak eta kondena betea dutenak inolako baldintzarik gabe eta gaur bertan libre uzteko eskatzen dugu, sakabanaketa politikarekin amaitzearekin batera. Behin urrats hauek eginda, preso politikoen kaleratzea ekarriko luketen urratsak ematea beharrezkoa izango da. Prozesu demokratikoak geltoki ezberdinak izango dituela argi izanik, hauetako bat Amnistiaren geltokia bezala ezagutuko dugu, honekin preso eta iheslari politiko guztiak, eskubide guztien jabe, beraien sorterrira itzultzeko aukera izango dutelarik.
Irlandaren iparraldean eta Hegoafrikan ikusi dugun urratsa da aldarrikatzen duguna. Gaur egun inor gutxik jar dezake zalantzan bi herrialde hauetan eman den konponbide prozesuak bakearen lorpenean izandako garrantzia. Mundu osoko errekonozimendu politikoa dute bi herrialde hauetan emandako prozesuek, tartean preso politikoen kaleratzeak.
Bide honetan, eta Euskal Herriko gatazka politikoa konpontzeko tresna baliagarri bezala, Gernikako akordioak jasotzen dituen printzipioak aldarrikatu nahi ditugu Amnistiaren Aldeko Mugimendutik. Gernikako akordioa osoki betetzeak edo alde guztiek Gernikako akordioko edukiak onesteak bide erraztuko lioke prozesu demokratikoari, konponbideari, bakeari.
Hori da Gernikako akordioan gauden eragileon helburua, eta konpromisoa. Zentzu honetan, Gernikako akordioan jasotzen diren aldarrikapen ezberdinei gorputza ematen joateko ordua dela uste dugu Amnistiaren Aldeko Mugimendutik. Lema eta aldarrikapen orokorretatik egoera zehatzak konpontzera jo behar dugu pixkanaka.
Gure aldetik urgentzia berezia eman nahi diogu euskal preso politikoen aferari. Abian den prozesu politikoak Amnistiaraino eraman behar gaitu, eta guk Amnistia bezala ulertzen dugu preso politikoak egoteko arrazoiak gainditu direla.
Gatazkaren konponketan eta Euskal Herrian abian den prozesu politikoan euskal preso politikoen parte hartzea beharrezkoa ikusten dugu. EPPK eragile politiko garrantzitsua da, eta Euskal Herriko bestelako eragile politiko, sindikal, eta sozialekin batera prozesu honetan parte aktibo izan behar duela uste dugu. Zentzu honetan ulertzen dugu Gernikaren eta EPPKren artean ireki den harremana, aurrerantzean garatu beharrekoa eta adostasunen gainean indartu beharrekoa.
Amaitzeko Irlandatik, Hegoafrikatik eta munduko hamaika txokotatik jasotzen ari garen babesa eta elkartasuna eskertuz amaitu nahi dugu. Beharrezkoa izango da kanpotik datorren elkartasuna eta laguntza. Beharrezkoak izango dira kanpotik datozkigun ikasgaiak.







